09 OCT. 2025 Londresek ‘MET Gala’ propioa hartuko du urrian Britainiar Museoan Britainiar Museoak ongintzazko ekitaldi bat hartuko du urriaren erdialdean, New Yorkeko ‘MET Gala’ren antzera, Londresek kultur hiriburu gisa duen irudia indartzeko asmoz, erakundeko bozeramaileek jakinarazi dutenez. New Yorkeko MET gala. (Neilson Barnard | Getty Images) Bidaiari «Britainiar Museoak urriaren 18an ospatuko du bere lehenengo ongintzazko dantza, Londres munduko kultur hiriburu nagusietako bat dela erakusteko», azaldu dute Britainiar Museoaren ordezkariek. Ekitaldi horretara gonbidapenarekin baino ezin da joan. Era berean, adierazi dute hitzorduak «ezinbesteko dirua biltzeko» balioko duela, Britainiar Museoaren «nazioarteko lankidetzak» babesteko, hala nola Frantziarekiko elkartruke kulturala, zeinaren bidez datorren urtean Bayeuxen Tapiz ospetsua itzultzea ahalbidetuko den. Luxuzko markak Ospakizunaren tokiaz eta dataz haratago, ongintzazko ekitaldi honen xehetasunik ez da eman, baina nazioarte mailako pertsona ospetsuak biltzea espero da, ikuskizunen, negozioen, politikaren edo kirolaren mundukoak gehienak. Museoa luxuzko markekin lanean aritu da ekitaldia antolatzeko, Londresko Frieze arte azokaren baitan egingo dena, ‘The Times’ egunkariaren arabera. MET Gala urtero egiten da New Yorkeko Arte Museo Metropolitarrean. Goi mailako joskintzako modaren munduko hitzordu garrantzitsuenetakoa bihurtu da, jantzi bitxiengatik eta gonbidatuen zerrenda ospetsuagatik. Inork ez daki oraindik Britainiar Museoak zer prezio kobratu nahi dien gonbidatuei urriaren 18ko ongintzako ekitaldira joateagatik, ezta New Yorkekoaren eredua kopiatuko duen.