bidaiari - bidaia aldizkaria

Kantauri itsasoa, protagonista klima aldaketaren erronken inguruko zikloan

Kantauri itsasoa protagonista izango da azaroaren 25ean Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean izango den jardunaldiak. Zehazki, ‘Kantauri itsasoa krisi klimatikoaren aurrean, begirada zientifikoa COP30en ondorioei’ izango du izenburu ‘Gaurkotasunarekin Topaketak’ zikloak eskainiko duen saioak.

Kantauri itsasoa, Zumaiako kostaldea bustitzen. (Getty Images)

‘Kantauri itsasoa krisi klimatikoaren aurrean, begirada zientifikoa COP30en ondorioei’ izenburupean, Bilboko Udalak antolatutako ‘Gaurkotasunarekin Topaketak’ zikloaren beste saio bat izango da azaroaren 25ean. Mikel Reparaz kazetariak moderatuta, Guilem Chust eta Maite Erauskin bilduko ditu, AZTIko klima aldaketaren arduraduna eta itsas ekosistemen ikertzailea, hurrenez hurren

Bilboko Udalak adierazi duenez, krisi klimatikoa informazio agendan bigarren maila batean dagoela dirudien arren, azaroan COP30 Klima Aldaketari buruzko NBEren Konferentzia egiten ari da Belem hiri brasildarrean. Goi bileran mundu osoko zientzialariak, adituak eta lehen mailako ordezkari politikoak bildu dira, planeta murgilduta dagoen klima aldaketa arintzeko edo horretara hobeto egokitzeko neurriak adosteko.

Erronkak, aztergai

Bada, azaroaren 25ean Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean egingo den topaketan, klima aldaketak planteatzen dituen erronkak azalduko dira ikuspegi zientifiko batetik, hurbilagoko eremu batean zentratuz, Kantauri itsasoan, alegia.

AZTI zentro zientifiko eta teknologikoko bi hizlariek ekosistemen tropikalizazioari, itsas biodibertsitatean tenperatura igotzeak dituen ondorioei, arrantza stocken aldaketei, itsas mailaren igoerari edo gero eta ohikoagoak diren denborale eta muturreko fenomeno meteorologikoei buruz hitz egingo dute.

Solasaldia 19:00etan hasiko da eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Dena dela, bertaratzen ez direnek aukera izango dute jardunaldia streaming bidez jarraitzeko.