10 ABR. 2026 Bilboko auzoak, ipuinen eszenatoki Bilboko auzoak ipuinen eszenatoki bihurtuko dira berriz ere apirilaren 9tik aurrera, Ipuin Kontalariak Auzoz Auzo programaren hirugarren edizioa hasiko baita. Hilaren 29ra bitarte, bertaratzen diren haur zein helduek ipuin narratzaileen istoriekin gozatzeko aukera izango dute. Ipuin Kontalariak Auzoz Auzo programaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa. (Jorm Sangsorn | Getty Images) Bidaiari Ipuin Kontalariak Auzoz Auzo programaren hirugarren edizioa hasiko da Bilboko auzoetako liburutegietan eta udal zentroetan apirilaren 9an. Haurrei eta helduei zuzendutako ipuin narratzaileen saioak eskainiko ditu hilaren 29ra bitarte. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, liburua eta irakurketa bereziki haurren artean sustatzeko eta euskarazko kultur eskaintza bultzatzeko udal estrategiaren barruan kokatzen da ekimena, eta, gainera, apirilaren 23ko Liburuaren Nazioarteko Egunaren inguruan egingo da, hura ospatzeko antolatutako ekitaldien barruan. Zenbait hizkuntzatan Ipuin kontalarien saio guztiak euskaraz izango dira, hiru izan ezik: apirilaren 16an, San Frantziskoko Liburutegian, gaztelaniaz; apirilaren 18an, Karmelo plazan, Santutxun, gaztelaniaz, euskaraz, arabieraz eta amazighez, eta apirilaren 29an, ingelesez, San Adriango Liburutegian. Udal zentroetan sarrera librea eta doakoa izango da edukiera bete arte; liburutegietan, berriz, beharrezkoa izango da izena ematea zentroaren helbide elektronikoaren bidez. Ipuin Kontalariak Auzoz Auzo programak liburutegietan eta udaltegietan antolatzen du bere jarduera, eta Kultura Barrutik ekimenean kokatzen da. Kultura Barrutik Bilboko Udalak sustatzen du, eta hiriko auzoetan kultur jardueren aukera zabala eskaintzen du.