bidaiari - bidaia aldizkaria

Mauritania, gatzaren, urrearen, esklaboen… eta jakituriaren karabanak

Oraintsu arte Afrikako gatzarekin, urrearekin eta esklaboekin merkataritzan aritzen ziren karabana handien ohiko pasabidea izan da Mauritania. Eta Saharako herrialde honek, XXI. mendearen hasiera honetan, nomada sentitzeko aukera eskaintzen digu oraindik.

Mauritaniako oasi bateko irudi magikoa. (Michaely Park | Getty Images)

Mauritania izugarri handia da tamainaz, konplexua arlo sozialean eta korapilatsua naturan. Basamortuak ia dena inguratzen eta menderatzen duenez, elementuen aurkako borroka hori egunerokotasunean txertatzen da. Erromatarrek mauri izendatu zuten Atlas mendikatetik iparraldera geratzen zen bereber herrien alderdi zabala, eta hango erreinua bereganatu zutenean bi probintziatan zatitu zuten: Mauritania Tingitana eta Mauritania Cesariensea.

Hegoalderantz zabaltzen zen basamortu itzel hura konkistatu zutenean, 1902an Xavier Copolani kolonialista frantziarrak erromatarren izendapen hura berreskuratu zuen eta gaur egungo Mauritania bilakatu zen. Ordura arte lurralde hura Bilad Chingetti izenez ezagutzen zuen munduak; hots, Chinguetti herrialdea. Izan ere, Sahara erdian galdutako Chinguetti izeneko elkargune hori, VIII. mendetik aurrera Afrikako merkataritza toki, erlijio gune eta intelektualen leku garrantzitsua bilakatu zen. Handik abiatzen ziren erlijio berriko Mendebaldeko Afrikako erromesak Mekarantz.

Chingettiko imana bere etxe-museoan. (Fernando ODRIOZOLA)
GAMELUEN ERABILERA ETA GARRANTZIA

Sahara hitz arabiarrak basamortua esan nahi du. Duela 12.000 urteko azken glaziazioaren bukaerarekin batera, klima aldaketa zela-eta, milurtekoz milurteko Afrikako iparraldea bere berdetasuna, basoak eta belardiak galtzen hasi zen. Kristo aurreko azken mendeetan lehortze prozesua areagotu egin zen, jendearen migrazioak handitu egin ziren eta zaldiak bere lekua utzi behar izan zion arabiar penintsulatik ekarritako beste animalia bati, gameluari. Harearen gainean ibiltzeko aproposagoa izateaz gain, gameluak zama gehiago garraiatzeko gaitasuna ere bai baitzuen. Handik sei mendetara, martxan jarritako karabanen bide berri horiei esker, gameluarekin batera Islamaren erlijio berria ere urte gutxitan zabaldu zen.

Islama ikasteko eta zabaltzeko eskolatxo koranikoak sortu ziren Saharako basamortuaren erdian eta bertako ulemak eta familiak eskuizkribuak erosten eta gordetzen hasi ziren, basamortuko familia-liburutegiak sortuz

Marokotik Malira gatza garraiatzen zen. Gatza ezinbestekoa zen Sahelaren hegoaldeko ganaduarentzat. Eta, gatzaren truke, Bilad Sudan-etik hegoaldera dagoen beltzen herritik, lurrazpian “azenarioak bezala” sortzen zen urrea ekartzen zuten trukean. Bederatzigarren mendean Ghanako inperioa jaio zen. Inperio horrek ez zuen gaur egungo Ghana herrialdearekin zerikusirik eta gaurko Mauritaniaren ekialdean eta Maliren mendebaldean kokatzen zen.

Magrutbhako harrizko arkuak izarren azpian. (Javier MARTINEZ)

Belauntzia Banc de Arguinen. (Fernando ODRIOZOLA)

Hamaikagarren mendean inperio almorabideak Afrikako iparretik Mediterraneo itsasoa gurutzatu eta Espainiako penintsula arabiarren menpe hartu zuen. Eta zabalkunde izugarri hori aprobetxatuz, Ghanako inperioa ere konkistatu egin zuen. Iparraldetik zetozen datilak, soinekoak eta telak, lurrinak eta erretxinak, beira alezko apaingarriak… eta hegotik, urreaz gain, txanponak, bolia, ebanoa, animalia larruak eta esklaboak ere garraiatzen ziren iparralderantz.

Mali-ko inperioa 1350. urtean jaio zen eta bere adarrak zabaldu zituen. Berrehun urte geroago Songay inperioak hartu zion lekukoa. Europa oso interesatua zegoen komertzio hartan. Bideak dagoeneko jorratuta zeuden eta Saharako basamortuaren erdian sortutako karabana-hiriek pisu handia hartu zuten historian. Baina, gamelu bidez garraiatutako merkataritza horrekin batera, jakituriaren komertzioa eta trukaketa ere garatu zen aldi berean. Chinguettiz gain, Ouadan, Tchit eta Oualata izeneko hirietan islama ikasteko eta zabaltzeko eskolatxo koranikoak sortu ziren Saharako basamortuaren erdian eta bertako ulemak eta familiak eskuizkribuak erosten eta gordetzen hasi ziren, basamortuko familia-liburutegiak sortuz. Gaur ere bizirik diraute liburutegi horietako askok.

Magroutbah-eko harrizko elefantea. (Fernando ODRIOZOLA)

XIII. mendeko eskuizkribua. (Fernando ODRIOZOLA)

Milioi bat kilometro karratuetan 4 milioi biztanle baino gutxiago bizi dira Mauritanian, eta laurdena Nuakchot hiriburuan pilatuta dago. Hemen lur hartu dugunok hurrengo hiru egunetan Itxaropeneko errepidean barrena bidea egingo dugu, eta kostaldean zehar ia Maliren ipar-mendebaldeko mugaraino iritsiko gara. Asfaltoaren bi aldeetan harea eta harea baino ez dugu izango, eta noizbehinka, herritxo sakabanaturen bat eta gamelu, behi eta ahuntzak. Pobrezia nabarmena da alderdi hauetan.

TAGANT ESKUALDETIK BARRENA

Nuakchotetik Nema urruneko hirirantz abiatuko gara, eta handik basamortuan sartuko gara Tagant eskualdetik barrena. Gero basamortua zeharkatuko dugu Tagant eta Adrar eskualdeetan. Zeharkaldi gogor honetan XI. eta XII. mendeen artean sortutako eta gaur egun Gizateriaren Ondare sailkatutako lau hiri historiko bisitatuko ditugu: Oualata, Tichit, Chinguetti eta Ouadane. Hiri horiek izango dira bidaia honen ardatza.

Ouadaneko etxe tradizionalak. (Getty Images)

Wadi edo hareak estaltzen duen ibai lehor baten magaletan kokatuta dago Oualata. Liluratuta utzi gaitu etxeen hormetako kolore eta diseinuekin. Karabanen egun handi eta arrakastatsuetan bi errege bizi ziren hemen, bata beltza eta bestea judua. Tombuctutik zetozen gamelu talde luzeek hemengo putzuetan eta baratzetan topatzen zuten ezinbesteko oasia. Eta lurraren burdin mineralak gorriz tindatzen du adobea kasbah zaharrean.

Arratsaldean otoi egiteko deiek eta haurren algarek dantza egiten dute airean. Eta gauean, mendi dendetan etzanda, izarak lagun ditugula, haizeak iraganeko oihartzunak xuxurlatzen dizkigu

Herriko aintziran abereek ura edaten duten bitartean, guk frantsesen gotorleku zaharraren talaiatik gozatzen dugu ikuspegi guztiaz. Arratsaldean otoi egiteko deiek eta haurren algarek dantza egiten dute airean. Eta gauean, mendi dendetan etzanda, izarak lagun ditugula, haizeak iraganeko oihartzunak xuxurlatzen dizkigu.

Nemako ganadu merkatua. (Fernando ODRIOZOLA)
Nuakchotteko arrantzaleak. (David Degner | Getty Images)
HAMALAU GAMELU, NEMAKO MERKATURA

Hurrengo goizean boubou izeneko tunika zahar eta urdin kolorgez jantzitako bi artzainekin topo egin dugu bidean; Sahararen ezerezaren erdian eta ahoz aho eta mendez mende memorian gordetako putzu baten inguruan. Hamalau gamelu daramatzate Nemako merkatura, animalia bakoitza 200 kilo armesalez (gatza eta lurraren nahasketa) kargaturik.

Antzina bezalaxe. Handik gutxira, beste duna baten ostean, labar grabatuak aurkitu ditugu, islamaren aurreko hilobi multzo batzuen alboan. Akazia bakarti baten itzalpean entsalada bat jan eta automobilekin aurrera eginez, hurrengo putzuan 50 gameluko beste talde batekin topo egin arte. Alboko hareatzan kanpatuko dugu gaur. Eta dagoeneko sumatzen hasi gara zer urrun geratu zaigun gure mundua.

Paisaiak aldatzen ari dira. Harrizko lautadetatik hareazko muinoetara goaz, kolore hori, laranja eta gorrizko hondarren koloreak inguruko akazia bakanen kolore berdearekin nahasten diren bitartean. Basaltozko hatz itxurako harri multzora heldu gara eguerdian. Inguruaz gozatu dugu, hareatzan itsaso zaharretako maskorrak aurkitzen. Harago, elefante itxurako harri erraldoia zutitzen da, mugaertzeko beste erreferentzia bat karabanetako artzainentzat. Arratsaldean Magrutbha hareazko mendiak bere harrizko arkuak oparitu dizkigu egundoko ilunabarrean. Ez dago zalantzarik, hemen botako dugu hurrengo gaua.

Terjit-eko oasia. (Fernando ODRIOZOLA)
Gatza garraiatzen duen gamelu karabana, Oualatatik gertu. (Getty Images)
ESKLABOAK ORAINDIK ERE

Gosaldu ondoren nomada familia baten haimara hurbildu gara, eta bertakoekin solasean hasi. Gure txoferrek aukera aprobetxatzen dute gamelu esnea bizipozez edateko. Hainbat ordu harearen gainean gidatu eta gero Tweiljimit izeneko sekbha edo gatzagara heldu gara. 50 kiloko gatz eta armesal zakuak pilatuta eta prest dituzte hurrengo gamelu karabanan garraiatzeko. Izan ere, ingurune benetan latz honetako palmondo solte batzuen artean erabaki zuten hainbat esklabo familiek hemen libre bizitzea. Beltzak ziren esklabo horiek guztiak. Mauritanian 1980an esklabotza debekatu baldin bazen ere, dirudienez Mauritaniako %10era arteko biztanleek oraindik esklaboak izaten jarraitzen dute, herrialdeko goi mailako leinuen mende.

Tichit hirira iritsi gara, basamortuko bigarren Giza Ondarera. Liburutegia itxita dago eta ezin ditugu izkribu zaharrak ikusi, baina meskita eta XII. mendeko minaretea bisitatu ditugu, herriko haurrez inguratuta. Tichiteko biztanleria murrizten ari da, inguruko hondar eta dunek dena estaltzen duten ahala.

Arrantzaleak, Nuakchotteko hondartzan. (David Degner | Getty Images)

Beste hiru egunez ibiliko gara Paris-Dakar lasterketa ospetsuak Saharako etapa gehien zituen herrialde honetako hainbat parajeetan gora eta behera, putzu batetik hurrengora, ahoa bete hortz paisaia ezberdinekin gozatuz: dunak, oasiak, geltak, meteorito batek sortutako kraterra... Chinguetti magikora heldu baino lehen. Hemen eta Ouadan XII.-XV. mendeetako eskuizkribuak ikusiko ditugu. Asko, sitsak eta saguek janda.

Hala ere, a zer nolako emozioa liburutegiaren jabeak eskularruz babestutako eskuz banan-banan erakutsi dizkigunean. Une batez irudimenak hegan egin digu denboran, hiri galdu hauetan hiru edo bost mila gameluk, salerosleek eta erromesek osatutako karabanen garairik onenetara. Wadan hitzak berak bi wadi edo ibai lehor esan nahi du: bata, oasiko datil palmondoena; eta, bigarrena, joan-etorrian zebiltzan karabanekin batera bidaiatzen zuten pertsona, liburu eta jakituriaren wadia, hain zuzen ere. Gaur egun munduko hainbat bildumagileren gutizia garesti bihurtu dira eskuizkribu hauek; horietako batzuen tapak gazelaren larruz eginda daude eta beste batzuen orriak, berriz, jaio gabeko arkumeen azalez.

Kaiukoak Nuakchotteko hondartzan. (Getty Images)

Mauritaniako Sahararen ipar ekialde honetatik mendebaldeko kostaldera abiatuko gara gure lur orotako autoetan, Merith eta Terjit oasi ikusgarrietan geldialdiak eginez. Asfaltora itzuli ondoren ere, azken hareatzak geratzen zaizkigu Banc de Arguinera iritsi baino lehen. Parke nazional honetako paduretan Europako negutik ihes egiten duten milioika hegazti aurkituko ditugu. Imraguen arrantzale bereber mauritaniarrek ere hemen aurkitzen dute bizimodua. Garai batean izurdeen laguntza erabiltzen zuten arrainak sareetan pilatzeko, gizaki eta animalien onura komunerako.

MILAKA ETA MILAKA DIRDIRA

Ilunabarra gorriz tindatu da eta gaueko zeru beltzean milaka eta milaka dirdira agertzen hasi dira. Biharamunean, goizaren lehenengo orduetan bertako Imraguenen belaontzietara igo gara kostaren ertzetik nabigatzeko. Hegaztiei so, haizearen fereka aurpegietan, gure patroi eta marinelen irribarre txuriek ongietorri beroa egin digute. Itsasbehera aprobetxatu dugu, ondoren kostaldeko hondartza gainetatik gidatzeko, Arguineko parke nazionala iparretik hegora zeharkatu, eta handik Nuakchottera. Oraindik tartea dugu arrain merkatura iristeko. Eta hau ere ez da bisitaldi makala, ez horixe. Hondartzatik bertatik irten eta sartzen dira arrantzaleak, gehienak senegaldarrak, haien txalupa luze bezain koloretsuetan. Kanariar uharteetara edo Andaluziako kostaldera hilero heltzen diren cayuco delakoak.

Merith oasiko putzua. (Getty Images)

Jende mugimendua itzela da. Itsasertzean andreak eta adin txikiko neskak ditugu arrantzaleen zain, hor bertan enkante azkar batean arraina erosi ahal izateko, eta gero hiriko jatetxe eta kaleko postuetan hainbat plateretan etekin goxoa ateratzeko. Bidea ireki behar da itsasotik olatuen gainean saltoka eta zuzen datorren beste txalupa luze bati tokia egiteko.

Berehala hasiko dira bart gauez harrapatutako arrain guztiak deskargatzen. Zelako bizitza ikusten ari garen!: plastikozko poltsak saltzen dituzten nerabeak, merkatuko postu finkoetan dauden arrain garbitzaile eta saltzaileak, zaldi gainean hondartza luzean ezker-eskuinera dabilen gazte harroa, ferietako eskopetekin tiro egitea eskaintzen dizuten beste bi gizon heldu, Mauritaniako Armadako soldadu pare bat... Eta, nola ez, hondarraren gainean ehunka eta ehunka cayuco, bakoitza kolore biziz pintatua, Allah-ren edota Amadou eta antzeko izen musulmanen ondoan Barça futbol taldearen ikurrarekin apainduta.

Denen ahotan dabil gero eta eskasagoa den arrantza kopurua, nazioarteko itsasontzi handiek itsaso irekian kuota guztiak gosez harrapatzen dituztelako. Hainbat lagunen buruetan, berriz, ziur nago amets asko bueltaka dabiltzala. Beharbada… egunen batean, guk hona etortzeko gastatutako hegazkin txartelaren balioa baino askoz diru gehiago batzea lortuko duten egunarekin, hondartza honetan itsasoari begira bakean dauden cayuko horietako batean.