05 DIC. 2025 Kyoto, krepuskuluaren zeruertzean Japoniaren esentzia hiri batean bilatzen duenak Kyotora jo behar du. II. Mundu Gerran errespetatu egin zutela-eta, antzinako hiriburu inperial hau da bere ondare historikoaren zati handi bat osorik gorde duen hiri handi bakarra. Kimonoen koloreen, kabuki antzerki tradizionaleko keinuen eta matcha tearen usain artean, bertan topatuko ditugu desagertzeari uko egiten dion behialako Japoniaren ezaugarri klasikoak. Kiyomizu dera pagoda. (Kwanchai Khammuean | Getty Images) Xabier Bañuelos (X.B. eta Getty Images) Japonian “Iroha karuta” izeneko haurrentzako karta joko bat dago. Irla hauetan ia dena bezala, oso joko berezia da, atzerriko prismatik begiratuta bederen. Ez dut antzekorik ezagutzen. Bere leitmotiva atsotitzak dira eta, txanda eta txanda artean, neska-mutilek herri-ezagutza hori ikasten dute. Kyoton bertsio propioa dute, kamigata; bertsio zaharrena, hain zuzen. Bere azken atsotitza herrialdeko errezitatuenetakoa da: 京の夢、大阪の夢, “Kyo no yume, Osaka no yume”; hau da, “Kyotoko ametsak, Osakako ametsak”. Artxipelagoko edozein biztanlek era zeremoniatsu eta estoikoan aipatuko du esaera hori bizitza zein hutsala den adierazi nahi duenean, zein labur eta iragankorra den gure bizi ibilbidea, arrakasta, zoriona edo poza iragankor bihurtuz. Horrek laburbiltzen du ia fatalista den gizarte honen marka existentziala, Jorge Manriqueren arima lokartua gogora ekarriz, “zein agudo joaten den plazera” eta zein isilik iristen den heriotza. Kyotoko dorrea argituta, ilunabarrean. (Xabier Bañuelos) Baina interesgarriena Kyoto eta Osakaren arteko dualtasun hori da, bien sinbolismoa sartzen baita Japoniako kulturan. Hain hurbilak dira bi hiriok, non bikiak diruditen bizilagunak baino, baina hain ezberdinak dira aldi berean, ezen guraso desberdinenak baitirudite. Osakak modernitatea, dinamismoa, kemena eta zalaparta irudikatzen ditu; Kyotok, aldiz, tradizioa, sotiltasuna, xarma, edertasuna eta artea ditu bereizgarri. Biak batuta, bizitzearen plazera irudikatzen dute, lortzen zaila den amets konbinatu iragankorra. Iraganak eta orainak, abangoardiak eta klasizismoak, desobedientziak eta bushidoak; halako konfrontazioak daude Japonia liluragarri honen barnean. Bi adibide besterik ez jartzearren: tribu urbanoen lotsarik ezaren eta nabarmenkeriaren aurrean, Kyoton kimonoaren dotorezia kontrajartzen da; eta arte digitalaren aurrean, Kyoton ukiyo-earen maisu Sukenoburen emakume-erretratuak nabarmentzen dira, mundu flotatzaileko pinturak. Fushimi Inari tenpluko harmailadia. (Xabier Bañuelos) Berez, Japonia osoa kontraste talka da: teknologia arloan punta-puntako herrialdea da, non kreditu-txartela hutsaren hurrengoa den; atzerrikoaz bizi da baina inork ez du ingelesez hitz egiten, bai ez dakitelako, bai jakinda ere gaizki ahoskatzea ia desohoretzat dutelako. Era berean, ezin da esan Kyoto modernorik ez dagoela. Baina talka ia eskizofreniko horretan, iragana eta tradizioa hobekien gordetzen duen hiria da, eta horregatik da errespetatua eta miretsia. AZALAREN AZPIAN Errespetatua eta miretsia esan dugu, baina urrunago joan eta, handikeriarik gabe, beneratua ere esan genezake. Ez da gutxiagorako, japoniarrentzat Kyoto baita diren guztiaren sintesia, edo, hobeto esanda, izaten jarraitu nahiko luketenaren sintesia. Beraientzat orainaren bilakaera irudikatzen du, sustrai kultural sakonenetatik igoz, beti nolabaiteko mistizismoz eta oroimenik gabeko garaietan errotutako erritualez blaituta iristen den orainaldia. Eta berdin dio zeremonia atzo edo duela mila urte jaioa den. Izan ere, jarrera kontua da, Kyoton artifiziorik eta justifikazio beharrik gabe existentziaren aurrean hartzen den postura. Exekutiboak otoitz egiten. (Xabier Bañuelos) Tofoku tenpluko sarrera. (Xabier Bañuelos) Hiria bisitatzen dugunok, Kamo ibaiaren ekialdera jotzen dugu, Higashiyamara, Gion auzora, sinistuta han herrialdera eginiko bidaiaren mugarria aurkituko dugula. Imajinario erromantikoko Japonia hori aurkitzeko irrikaz dagoen turismo baten isla da, exotismo dekadentez josia, “Azken samuraia” zainetan sartu edo “Shogun” irudimentsua azken letraraino edan ostean. Zur usaineko kale estuen arteko arkitektura ederrak txundituta gauzka. Morbo pixka batekin, Ninenzaka eta Sannenzaka aldean dabilen jendetzaren artean maiko eta geisha jantzi koloretsuen bila gabiltza. Harrituta geratuko gara Kiyomizuko tenplua eta bere hiru pisuko pagoda ikaragarriaren aurrean, edo Chion-inen tenpluko Sanmon atearen aurrean. Eta Yasaka-jinjako santutegia bezalako altxor nazional batean galduko gara. Ez, tenplu eta santutegi guztiak ez dira berdinak, eliza erromaniko bat eta gotiko bat berdinak ez diren bezala. Eta ez dira fede berekoak ere, sintoistak, budistak eta konfuzianistak baitaude Bai, jakina, Gionera joan beharra dago. Baina azalean geratzeko arriskua daukagu, baldin eta ulertzen ez badugu geishak ez direla prostitutak, Kansai eskualdean geiko deitzen zaiela eta zuriz makillatzen direnak ez direla beraiek, beren apopiloak, maikoak, baizik. Lagin bat besterik ez da, baina gehiago ere badira. Ez, tenplu eta santutegi guztiak ez dira berdinak, eliza erromaniko bat eta gotiko bat berdinak ez diren bezala. Eta ez dira fede berekoak ere, sintoistak, budistak eta konfuzianistak baitaude –kontuan izanik, gainera, konfuzianismoa ez dela erlijio bat ere–. Etxe tradizionalak Gion auzoan. (Riccardo Saponi | Getty Images) Ez, ezin dugu Shoren-in tenplu zoragarria bisitatu gabe utzi bidetik aparte dagoelako, hirian munduko ondare izendatuta dauden 17 tenplu eta jauregiekin gainezka gabiltzalako. Ez ahaztu Maruyamako lorategian paseatzea, familiak gereziondo, zubi eta urmael artean egunaz gozatzen ikustea beste zereginik gabe. Eta, noski, ez, ezin ditugu utzi ibili gabe Tetsugako-no-Michi-ko, hots, Filosofiaren Bidexkako bi kilometroak Hajime Tanabe eta Nishida Kitarori zor zaien begirunerik gabe; bi filosofo horiek bihurtu zuten ezagutza Nanzen-ji eta Ginkaku-ji tenpluak bereizten dituen bidea, Zilarrezko Pabiloia. GIONETIK HARATAGO Bi faktorek lagundu diote Kyotori aspaldi izandako hiria izaten jarraitzen. Lehena, milurteko batez hiriburu inperiala izan zela, harik eta 1868an Edo-k, gaur egungo Tokio-k, tokia kendu zion arte. Bigarrena, II. Mundu Gerraren suntsipenetik libratu zela, Henry Lewis Stimsonen nostalgiari esker. AEBko gerra-idazkari hura agertu zen hiria bonba atomiko batek suntsitzearen aurka, bere emaztearekin han igarotako egunen oroitzapen ederrak zituela eta. Hiriko tren-geltokia. (Xabier Bañuelos) Kiyomizu dera pagodaren kasetoidurak. (Gabriel Sano | Getty Images) Hiroshima eta Nagasaki berdin zitzaizkion, baina Kyoto ez. Horrela, hiriak bere ondarea osorik mantendu ahal izan zuen, hala nola jauregi inperiala edo Kyoto Gosho, Higasi Hongan tenplu budista eta bere Goei areto handia, Nijo gaztelua eta Ninomaru eta Honmaru jauregiak, eta Simogamo santutegi sintoista, hiriko zaharrena (VI. mendea) Todasu-no-mori-rekin batera; Egiaren Basoa da euskaraz, non, esaten dutenez, gezurra agerian geratzen den. Pelikula distopiko bat balitz, azkenean Hiroshi Harak diseinatutako geltokian agertuko ginateke, hiriaren estetikarekin kolpetik apurtzen duen eraikin futuristan Mishima idazle madarikatua maite duen orok bisitatu behar du Kinkaku-ji, Urrezko Pabiloia, eleberria eta inspiratu zeneko tenplua. Hori bai, suntsitua izan zen, baina fraide budista fanatiko batek 1950ean su eman ziolako. Bost urte geroago berreraiki zuten eta harrezkero jendea liluratuta uzten du bere hormak estaltzen dituzten urre-xaflekin. Beste hauek ere kale egin gabe ikusi behar dira: Tofukuren tenplua eta bertako “zen” lorategia, baina batez ere Fushimi Inari-Taisha santutegi sintoista. VIII. mendetik zutik, torii gorrien amaierarik gabeko etorbideak Japonia esentzialera garamatzan esperientzia bilakatzen du bisita, denboraren nozioa galaraziz. Pelikula distopiko bat balitz, azkenean Hiroshi Harak diseinatutako geltokian agertuko ginateke, hiriaren estetikarekin kolpetik apurtzen duen eraikin futuristan. Bertatik Kyotoko dorrea ikusten da, Mamuru Yamada arkitektoaren espresionismo bihurritik jaiotakoa. Naif eta ikonikoa, iluntzean argiz janzten denean feria bateko atrakzio handiena balitz bezala agertzen da. Kimono tradizionalarekin jantzitako neska gazteak. (Xabier Bañuelos) Bunraku txotxongiloen antzezpena. (Xabier Bañuelos) MERKATUA Baina Mátrix-eko txantxak baino ez dira, nahikoa baita Nishikiko merkatuan murgiltzea, une batez, jende askok galdua uste zuena berriro aurkitzeko. Berriro ere hiria taupaka ageri da, yen-ekin edozer erosten: unagi, ichigo sando, senbei, mota guztietako mochiak, satsumage, tamagoyaki, waygu, furikake... Jateaz nazkatuta, bestelako produktuak erosteko ordua da, kimonoak direla, labanak direla, bitxikeriak direla. Hemendik, gertu dagoen Pontochora hurbil gaitezke; hobeto esanda, hurbildu behar dugu, agian hiriko hanamachi edo geiko-auzo kuttunena baita. Estilo tradizionaleko kale estua da, geisha etxez, dendaz eta jatetxez betea. Te-etxeak ere badaude, non bete-betean har daitekeen kikara bat te matcha on, chasenarekin, banbuzko irabiagailuarekin, ondo landua. Higashi Hongan tenplua. (Xabier Bañuelos) Berde bizi koloreko ocha infusioa edanez, ukiezinera eta txikira itzuli gara. Zentzumenen gozamenera, keinu, hitz eta naturaren adierazpenetan mamitutako tradizioaren aurrean. Izan ere, Kyoto arte klasikoez gozatzeko hiria ere bada, japoniarren espiritu sotil eta diziplinatu, zorrotz, xehe eta larritik sortutako horiez. Batzuk gogorrak gertatzen dira lehen aldiz ikusten dituzten pertsonentzat, kabuki antzerkia edo bunraku txotxongiloak kasu. Beste batzuk ez zaizkigu arrotzak; esaterako, bonsaiak edo ikebana, hots, lore-moldaketak harmonizatzeko artea. Ez da hain ezaguna suiseki delakoa, paisaiak emulatzen dituzten harriak. Baina shodoaz, alegia, kanji karaktereetan kaligrafiatzeaz, gozatu nahi badugu, nahikoa da gogoratzea Heian garaian iritsi zela japoniar estilo propio batera, Kyoto izanik kulturaren hiriburu eta epizentroa. Parke eta lorategietan oinez gabiltza. Urria da eta momijiak zuhaitz hostoen kolore nahaste zoragarria eskaintzen digu, berde, laranja, hori eta gorri dantza. Kyoton jainkozko kategoria hartzen duen ikuskizuna da. Udaberrian itzuli behar dugu, sakurak gereziondoak leherrarazten dituen sasoian, non hanamiaz gozatu ahal izango dugun, loreen edertasun biluziaz. Berde bizi koloreko ocha infusioa edanez, ukiezinera eta txikira itzuli gara. Zentzumenen gozamenera, keinu, hitz eta naturaren adierazpenetan mamitutako tradizioaren aurrean