22 OCT. 2016 Nazioarteko Zigor Auzitegia uztea erabaki du Hegoafrikak Hegoafrikako Gobernuak Nazioarteko Zigor Auzitegia uzteko prozesuari hasiera ematea erabaki du, bertan jarraitzeak herrialdeko immunitate diplomatikoaren legearekin talka egiten duelako eta herrialdearen nazioarteko harremanei kalte egiten dielako. GARA PRETORIA GARA | PRETORIA Erromako Estatutuak araututako Nazioarteko Zigor Auzitegia uzteko prozesuari hasiera eman dio Pretoriako Exekutiboak, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari bere asmoen berri era ofizialean emanda. Hemendik urtebetera gauzatuko litzateke irteera. Bi egun lehenago Pierre Nkurunziza Burundiko presidenteak (bera ere auzitegiko fiskalen begiradapean dago) erabaki bera hartu zuen. Kenyako Parlamentuak 2013an erabaki zuen Erromako Estatutua bertan behera uztea. Zimbabwek eta Namibiak ere asmo bera adierazi izan dute. Afrikar Batasunak berak ere salatu izan du Nazioarteko Zigor Auzitegia, «interes neokolonialisten» arabera aritzen delako. Nazioarteko Zigor Auzitegia 2002an sartu zen indarrean eta, Afrikako estatu horiek barne, 124 herrialdek onartzen dute gaur egun. Nabarmentzekoa da munduko herrialderik boteretsuenek ez dutela onartu Erromako Estatutua: AEBak, Txina, Errusia eta India. Beraz, horien pare jarriko dira auzitegia uzten duten Afrikako estatuak ere. Michael Masutha Hegoafrikako Justizia ministroak esplikatu zituen erabakiaren atzean dauden arrazoiak. Gogorarazi zuen iazko ekainean Omar al-Bashir Sudango presidenteak Hegoafrika bisitatu zuela Afrikar Batasunaren goi bilera bat zela-eta. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Bashir atxilotzeko agindu zion Pretoriari, Darfurren genozidioa egin izana leporatuta. Erromako Estatutuaren arabera, Hegoafrikak Bashir atxilotu beharra zuen, baina Zumaren Gobernuak herrialdetik irteten utzi zion sudandarrari. Pretoriak dio immunitate diplomatikoa zuela Bashirrek, estatuburua delako. Argudio horrek ez zituen konbentzitu Hegoafrikako epaileak, baina Gobernuak bereari eutsi zion. Hagako Auzitegiak esan du Pretoriaren erabakiak beste herrialde batzuek gauza bera egin dezaten ahalbidetuko duela. AEBetan egoitza duen Human Rights Watch erakundeak uste du Justizia dela galtzaile. Hagak ikertutako bederatzi herrialdeetatik zortzi Afrikakoak dira Hagako Auzitegiak hamar ikerketa jarri ditu abian bederatzi herrialdeetan. Horietako zortzi, Afrikakoak. Afrikar Batasuna bera «ehiza arrazista» salatzera iritsi zen. KONGOBosco Ntaganda buruzagi matxinoari Iturin 2002tik aurrera gizateriaren aurkako krimenak egin izana leporatu zioten (epaiketa iaz hasi zen). Thomas Lubanga milizia bateko burua 2012an zigortu zuten, umeak soldadu moduan erabiltzeagatik. Germain Katanga 2014an zigortu zuten. Aske dago Sylvestre Mudacumura Ruandako talde armatu bateko burua.UGANDALRA Jainkoaren Erresistentzia Armada taldeko buruak atxilotzeko agindu zuen Hagak 2005ean, umeak soldadu bihurtzeagatik.SUDANOmar al-Bashir presidentea epaitu nahi du Hagak, Darfurren egindako krimenengatik.KENYAHauteskundeen ondoren 2007 eta 2008an gizateriaren aurkako krimenak egin izana egotzi diete William Ruto presidenteorde ohiari eta Joshua Arap Sang kazetariari.BOLI KOSTALaurent Gbagbo bihurtu zen Hagak kartzelatutako lehen estatuburua, 2011n.LIBIAMuamar Gadafi zenaren semea, Seif al-Islam, Libian dago preso. Hagak epaitu nahi du, 2011ko gatazkan krimen izugarriak egiteagatik.MALITimbuktuko ondarea suntsitu izana leporatuta, aurten zigortu dute Ahmad al Faqi al Mahdi tuareg jihadista.AFRIKA ERDIKO ERREPUBLIKABi ikerketa. Bat, Jean-Pierre Bemba Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteorde ohiaren aurkakoa (aurten zigortu dute, bere miliziak egin zituen krimenengatik). Bestea, milizien jardueraren ingurukoa.GEORGIA2008ko Hego Osetiako gerra ikertzen ari da Hagako auzitegiko fiskala. Oraindik ez du atxiloketarik agindu. BitartekaritzaHegoafrikak dio Afrikako gatazka askotan egiten duen bitartekaritza lana oztopatzen duela Nazioarteko Zigor Auzitegian segitzeak.