18 ENE. 2019 Etorkinen aferan, Estatu frantsesak bakarrik utzi du Baionako Herriko Etxea Azaroan ireki zuten etorkinentzako aterpetxea diruztatzeko Baionako auzapezak egindako eskaerak ezezkoa jaso du. Prefetak gainera, Baionatik irteten diren autobusak jazarriko dituela ohartarazi du. Haritz LARRAÑAGA BAIONA Igarobidean diren etorkinen oinarrizko beharrei erantzuteko azaroan ireki zuten Pausan aterpetxeko gastuei aurre egiteko laguntza eskatu zion Jean-Rene Etchegaryk Parisi. Ordea, Gilvert Payet, Pirinio Atlantikoetako prefetak zein Herve Jonathan Baionako suprefetak ezezko borobila eman diete auzapezaren eskariei. Mediabask astekariari Etchegarayk emandako datuen arabera, 200 plaza dituen Baionako Pausan aterpetxea egokitzeko 151.000 euroko gastua egin zuen Baionako Udalak, eta mantenuari dagokionez, hilero 71.000 euroko gastua behar du. Lokalaren kudeaketaren ardura Atherbea elkarteak du, eta arropa, janaria edo beste edozein asistentzia eskaintzeko Diakite elkartearekin elkarlanean aritzen dira. Kontrolak bikoiztu France Bleu irrati kateari berriki egindako adierazpenetan, Baionako Lesseps geltokitik ateratzen diren autobusei egiten dizkieten kontrolak bikoiztuko dituztela iragarri zuen Gilbert Payet Pirinio Atlantikoetako prefetak, zeren bere iritziz, Baionako aterpetxearen helburua «paperik gabeko etorkinei erraztasunak eskaintzea da». Txantxetan ez zebilela frogatzeko, «pasa den astean Espainiatik zetozen migrante ugari itzuli» zituztela eta bi saharar atxilotu zituztela laudatu zuen. Prefetak adierazi zuenez, «guretzat ezinezkoa da halako egitasmo bat finantzatzea; izan ere, egoera irregularrean aurkitzen diren etorkinei Bordele edo Parisera doazen autobusak hartzen laguntzen diete». Baionako suprefetak ere ez zuen begi onez ikusten udalak etorkinei laguntzeko egin zuen hautua. «Paperik gabeko migranteen auzian, Baionako herriko etxeak pentsatu behar du bere erabakiek Hendaia, Bordele edo Parisen ere ondorioak izan ditzaketela, eta ondorioz, koherente izan behar du bere erabakietan giza trafikoaren kontra Estatuak daraman borrokarekin», argitu zuen Herve Jonathan suprefetak. Legez kanpoko kontrolak Baionatik irteten diren autobusei kontrolak ezartzen badizkiete, «kontrol ilegalak» izango direla denuntziatu zuen Etchegarayk. Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapez izan aitzin abokatu izan zenak oroitarazi zuenez, «Europako legediaren arabera, muga zeharkatu duen etorkin batek gutxienez lau ordu egin baditu herrialde batean, aurrez zegoen herrialdera itzultzea legez kanpokoa da». Etchegaray haserre agertu zen Estatu frantseseko ordezkariengandik jaso dituen erantzunekin eta France Bleu irratiari egindako adierazpenetan honako salaketa egin zuen: «Ez dut ulertzen nola aurpegiratu diezaioketen auzapez bati ardurak hartu izana, finean, arazoaren iturburuan, Estatuak subiranotasunez jarduteko duen gabezia dagoenean». BAIONAKO ATERPEAAzaroaren 15etik 3.007 etorkin pasa dira Pausan aterpetxetik. 2.685 gizon eta 322 emazte. Horien artean 619 adingabeak ziren, eta horietatik, ehun bat baino ez zeuden nagusi baten ardurapean.