GARA Euskal Herriko egunkaria

Ñabardurak galdu, benetakotasuna irabazi

Zuzenean grabatu eta argitaratzen duen hirugarren diskoa aurkeztu du Ruper Ordorikak, «Kafe Antzokian» (Elkar). Betiko hirukoteaz lagunduta, hamalau kantu hautatu dituzte, emanaldietan «bazterrean gelditzen zirenak» nahiz ohiko errepertorioan eskainitakoak.


Bilboko Kafe Antzokian «etxean bezala» sentitzen da Ruper Ordorika. 1995ean antzoki ezaguna inauguratu zenetik denbora asko igaro da jada, baina, ordutik, hutsik ez du egin musikariak bertako publikoarekin, abenduz abendu igotzen baita bertako oholtzara. Iaz eman zuen kontzertu bikoitzetik jaio da, hain justu, bere zuzeneko hirugarren eta azken lana. Naturala denez, “Kafe Antzokian” (Elkar) du izen. Lehenago formatu berean argitaratuak ditu “Gaur” (Esan Ozenki Records, 2000) eta “Hamar t’erdietan” (Elkar, 2008) ere.

Atzoko aurkezpenean kontatu zuenez, 24 bat kanta grabatu zituzten diskoan sartzeko modukoak. Batetik, aurreko zuzenekoetan sartu ez eta «bazterrean gelditzen zirenak» zituzten eskuartean, eta, bestetik, «normalean gure errepertorioan jotzen ohi ditugunak». Azkenean hamalau abestik osatzen dute bilduma. Kanta zaharrak daude tartean, “Zazpi nobio” eta “Ez da posible” kasu, baita «ahots urrunak» edo duela hiru urte bakarrik estudioan grabatutakoak ere. «Abantaila hori da: disko hauek destilatzen dutela urteetako jarduna», laburbildu zuen.

Aukeraketa, baina, ez da erreza izan. Kontatu zuenez, ez zituzten abesti guztiak berriro entzun nahi izan, «deliberatzea kosta egiten delako». Modu bitxia eta eraginkorra baliatu zuten: kide dituen musikariekin batera, nork bere izenburu kutunak aukeratu eta zerrenda egin zuten, hortik gero azken zerrenda osatzeko. “Ahots urrunak”, “Bizitza eder denean”, “Zerutik gertu ez da ondo egoten”, “Egia da”, “Nirekin geratu”, “Zure etxera noa” eta “Belauniko” dira, besteak beste, azken bildumaren parte.

Zailtasunak ere izan dira, «zeren zuzeneko disko bat, kontrakoa iruditu arren», erantsi zuen, «lan nekeza» izaten da. «Hasteko eta behin, onartu behar duzu zure ezina, eta ikusi behar duzu zer den kantuak nahi duena, zer den onena, nahiz delako ‘sol’ hori ez den nahiko zenukeena. Eta nahiz estudioko ñabardurak galdu, zuzeneko diskoek irabazten dute benetakotasun horretan».

Berezko karakter bat

“Kafe Antzokian” diskoan bidelagun izan ditu Ruper Ordorikak azken 11 urteetan alboan izan dituen hiru musikariak. Elkarrekin funtzionatzen dute. Eta nola gainera. Arkaitz Miner gitarra eta biolinarekin, Fernando Lutxo Neira baxuan eta Hasier Oleaga baterian dira musikari horiek. «Ikusi nuen laukote horrek bazuela berezko karakter bat, polita litzatekeela hurrengo pausu hori ematea. 11 urtez aritu gara laukotean, eta disko honek hori biltzen du; uste dut ederki islatzen duela talde honen joera». Hori bai, Bilboko bi emanaldietarako David Soler bartzelonarra ere batu zitzaien, «gitarra eta musikari handia». «Gure kantuen esparrua are zabalagoa egingo zuela jakinda gonbidatu genuen», azaldu zuen oñatiarrak.

Ordorikak kontzertuetan abestiak moldatzeko duen ohitura ere izan zuen hizpide. «Batzuetan, zenbait jendek nahiago ditu kantak bere horretan, inoiz aldatu gabe, baina ni ez naiz horietakoa. Asko gustatzen zait maite ditudan musikariak ikusten ditudanen beren piezak eraldatzen, harik eta bukatu arte ez dakizunean zein kanta ote den», iritzi zuen. Musikariaren ustez, taldeko kide bakoitzak «bere oinarria» jarri du jende aurrean aitzinatzeko «eta hori ez da erraza».

Azken 11 urteetan lan mordoa egin dute, gehienbat estudioko diskoak. Edozein kasutan, lan horiek ez ezik, aurreko zuzeneko lanen esperientzia ere bildu da “Kafe Antzokian” diskoak. Hamalau abestietatik, hamaika Ordorikak berak osoki konposatutakoak dira, letrak zein doinuak, eta, horiez gain, koblakariak kanta bilakatutako “Zerutik gertu ez da ondo egoten” (Dionisio Cañas) eta “Lera zakurren balada” (Joseba Sarrionandia) olerkiak ere biltzen ditu diskoak.

Elkar argitaletxetik Anjel Valdesek oñatiarraren «kredentzialak» goraipatu zituen, eta azken hau ez dela «nolanahiko» diskoa. «Dotorezia estetikoaz eta indar animikoaren bidez, lanbropean gordeta ditugun barneko paisaia ezberdinak ikustarazten dizkigu», aipatu zuen.

Valdesen ustez, Ruperren zuzeneko hiru diskoak ibilbide sendo baten isla dira. «Publiko berriak zein zaharrak, behin eta berriro urbiltzen dira Ruperren kantutegira askatasun sentsazio horren bila».