GARA Euskal Herriko egunkaria

EKIALDETIK MENDEBALDERA, GURE BI ISURIALDEETAN MUSIKA JARRIZ

Euskal Herria alderik alde eta gailurrez gailur zeharkatuz gero, ezkerraldera erortzen diren urak Kantaurira doaz, eta eskuinera erortzen direnak, Mediterraneo itsasora. Ibilbide hori egin du Urmuga proiektuak, mendiak, urez ez ezik, musikaz ere busti daitezen.


Felipe Uriarte alpinistak eta Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendariak aspalditik zuten buruan beraien bi zaletasunak batuko zituen proiektua garatzeko asmoa. Azkenean ideia hori Urmuga ekimenean gorpuztu da, mendizaletasuna eta musika uztartzen dituena. Zeberiok kontatu duenez, alarma egoerak dena prestatzen harrapatu zituen eta erabaki bat hartu behar izan zuten. Azkenean aurrera jarraitzea erabaki dute eta mendiz mendiko ibilaldi musikatua uztailaren 14tik abuztuaren 1era bitartean egingo da.

«Euskal Herria leku berezi batetik zeharkatuko lukeen mendi ibilaldi bat pentsatu genuen, nondik eta urmugatik. Angulo portuan hasi (Burgos, Araba eta Bizkaiko mugan), eta mendiz mendi Hiru Erregeen Mahaira iritsiz. Bidean, ezkerretara isurtzen diren urak Kantaurira doaz eta eskuinera erortzen direnak, Mediterraneo itsasora. Zeharkaldi hori guztia musikaz bustitzea pentsatu genuen», kontatu digu Zeberiok.

Zeberio eta Uriarteri hamarka musikari batu zaizkie, leku batean edo bestean kontzertuak eskaintzeko prest –oraindik ez dituzte kontzertu guztiak zehaztu eta pixkanaka sare sozialen bitartez emango dute horien berri–. Emanaldi batzuk xumeagoak izango dira, bizpahiru musikarirekin, baina irisgarriak diren mendiguneetan kontzertu bereziak dituzte aurreikusita, musikari ugarirekin. Halakoak egingo dituzte, adibidez, Urkiolan, Aralarren, Baigorrin eta Iratin.

«Tamalez, edo zorionez, Euskal Herriko mendiak pistaz josita daude eta leku askotara dezente gora igo daiteke kotxez», azaldu du antolatzaileak. Hori dela eta, musika tresnak gailurretara eramatea ere errazagoa izango da, batzuetan bizkarrean eraman beharko badituzte ere. Aizkorrin kontzertu txikia prestatuko dute, baina bertara igoko duten musika tresnetako bat teklatua izango da, bafle eta guzti. Beste batzuetan mendizaleen laguntza beharko dute. Esaterako, Oreka TX taldea 30 boluntarioren bila dabil, bakoitzak harri bat igo dezan, goian perkusiozko musika tresna osatzeko asmoarekin. Parte hartzeko http://urmuga.eus webgunean izena eman daiteke. Aukera desberdinak eskaintzen dituzte: egun bakarreko txangoa egitea, bi egunekoa, astebetekoa edo ibilaldi osoa. Kontuan izan behar da gutxieneko prestakuntza fisiko bat izatea eskatzen dutela ibilaldiek, Euskal Herriko tontor garrantzitsuetara igoko baitira, eta ibilbide batzuk 9 ordukoak dira (laburragoak eta teknikoki errazagoak ere badira).

Etapaz etapa

Uztailaren 14an Angulo mendatetik Urduñako mendatera joango dira Gorobel mendilerroan barna (Urieta, Eskutxi eta Iturrigorri edo Tologorri gailurrak); uztailaren 15ean Urduña eta Altube arteko bidea egingo dute Gibijon zehar eta Delika ur-jauzia atzean utziz (Peña Erea gailurra); uztailaren 16an Altubetik Barazarrera abiatuko dira (Gorbeia eta Aldamin gailurrak); uztailaren 17an Urkiolako natura parkeraino iritsiko dira (Oriol eta Anboto gailurrak); hilaren 18an Aramaio eta Legutio bailaren artetik igaroko dira Arlaban mendateraino (Jarindo eta Maroto gailurrak); 19an, Arantzazura iritsiko dira Elgea mendilerrotik Zadorrako urtegia ikusiz eta Araotz auzoraino (Mugarriluze tontorra); Arantzazutik Otzaurtera joango dira uztailaren 20an, Urkila gainetik (Zekilaga, Pin-pil eta Aizkorri gailurrak).

Hurrengo egunean Altzaniako basoetan barneratuko dira, Luzarrustiraino, cromlech eta trikuharriak ezagutuz (Intsusburu gailurra). Uztailaren 22an, Azpirotz mendatera helduko dira, Aralar iparraldean dauden larre eta basoak ikusiz (Puttarri, Errenaga eta Arkuek tontorrak); gero, Arrasatera joko dute Larrau, Araxes, Leitzaran eta Ezkurra ibaiak sortzen diren mendietara igoz eta Gorriti herria ezagutuz (Elosta gailurra). Uztailaren 24an Belatetik igaroko dira, eta Ultzama eta Baztan artean ibiliko dira, antzinako kontrabandisten bidea zapalduz eta Larremiar galtzada ikusiz (Ireber gailurra).

Uztailaren 25ean Argintxo lepotik Auñamendiko korapilo geologikora joango dira (Saioa gailurra); amaierara gerturatuz, Ibañeta mendatera hurbilduko dira (Adi, Mendiaundi eta Lindus gailurrak). Ibañetatik Azpegi leporainoko tarteari ekingo diote uztailaren 27an (Urkulu gailurra); hurrengo egunean Orbaizetako olatik Burdinkurutzeta lepora joango dira, Euskal Herriko estazio megalitikorik garrantzitsuena bisitatuz (Okabe gailurra). 29an, Zuberoako mendietan sartuko dira eta Iratiko txaletetan egingo dute lo. Hilaren 30ean, Orhi eta Zazpigaina mendiak menderatuko dituzte; azken-aurreko etapan Holtzarteraino joango dira Kakuetatik (Otxogarrigaña gailurra); eta hemeretzigarren etapan, Hiru Erregeen Mahaitik pasatuko dira, Euskal Herriko gailurrik garaienetik.