GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Oportunismoa


Antartikako izotz geruza minimo historikoetan omen dago. Honek epe ertainean lituzkeen ondorioak garbiak dira. Itsasoko ur maila igoko litzateke; itsas azaleko korronteetan aldaketak eman daitezke, honek mundu mailako kliman aldaketa sakonak ekar ditzakeela; ur masa handiagoak, ur prezipitagarri gehiago edukitzea ekartzen du, erauntsiak eta uholdeak izateko arriskua areagotuz, eta abar.

Honek noski, aldaketa klimatikoaren testuinguruan bizi den hainbaten berpizkundea ekarri du. Azken 2-3 hilabeteetan isil samarrik egon ondoren, lehen aukeran apokalipsiaren etorreraren berri ematen hasi dira, berehalakoan neurriak hartzen ez badira. Jakina da beroketa globalak ekarri ditzakeen ondorioak larriak direla. Hori ez dago ukatzerik, baina norbanako batzuk egoera horretaz egiten duten erabilera ere lotsagarria da.

Soldatapean, jendea ikaratuta edukitzearen rola hartu dutela iruditzen zait. Diotena erreala da, baina ez dira benetan garrantzitsuak diren testuinguruetan sartzen. Ez dira gobernuen eta mundu mailako potentzien utzikeriekin sartzen. Zergatik? Atera ditzala bakoitzak bere ondorioak.

Jendea jakinaren gainean izatea komeni da. Egoera delikatua dela esatea ere bai. Baina pasatu gabe eta benetan neurriak hartu behar dituztenei presioa eginda.