GARA Euskal Herriko egunkaria

Emantzipatu nahi duten EAEko gazteen artean 6tik 5ek ezin du

EAEko 84.000 gaztek baino gehiagok emantzipatu nahi du, baina seitik batek bakarrik erosi edo alokatu dezake etxebizitza libre bat. Bestalde, 2010etik 2020ra bitartean 3.375 gaztek Donostia utzi zuten Buruntzaldeko edo Oarsoaldeko herrietara bizitzera joateko.

Etxebizitza eskubidearen aldeko protesta. (Andoni CANELLADA | FOKU)

EAEko 84.000 gaztek baino gehiagok emantzipatu nahi du, baina seitik batek bakarrik, hau da, 13.600 gazte inguruk «plantea dezake modu errealista batean etxebizitza bat erostea edo alokatzea merkatu librean».

Horixe da “Biztanleria Gazteari eta Etxebizitzari buruzko Txostena”-k jasotzen duen datuetako bat. Atzo aurkeztu zuten Legebiltzarreko batzordean, EH Bilduren eskariz, Lakuako Etxebizitza Plangintza eta Prozesu Operatiboen zuzendari Mario Yoldik eta Carlos Parron azterlanaren erredaktoreak.

Yoldik azaldu zuenez, 18 eta 34 urte bitarteko gazteei etxebizitza bat eskuratzea eragozten dieten arrazoiak hauek dira: enplegua, lan merkatura berandu sartzea, soldata baxuak eta egonkortasun eza- eta prezio garestiak, alokairu zein erosketa erregimenetan.

Ondorioz, gazteen emantzipazio tasa %43,7tik (2010ean) %32,9ra (2021ean) jaitsi da. 30 urtetik aurrera «gauzak hobetu egiten dira», lana eta enplegua hobeak izan ohi direlako. Txostenaren arabera, 25 eta 29 urte bitarteko gazteek 1.273 euro garbiko batez besteko soldata dute EAEn, eta 1.558 eurokoa 30 eta 34 urte bitartekoek. Hori dela eta, batez beste soldataren %58 etxebizitzaren hipoteka ordaintzeko erabili behar dute, eta %54 alokatzeko.

Egoera honen eraginez, gazteentzat ia ezinezkoa da etxebizitza bat eskuratzea, aurrezkirik edo familiaren laguntzarik ez badute, azaldu zuen Yoldik.

Hala, EAEn emantzipatzeko batez besteko adina 29,7 urteetan kokatu zen iaz, Europako adina (26 urte) baino nabarmen gehiago.

Donostiatik herrietara

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak 2010-2020 aldian 18 eta 34 urte bitarteko pertsonen bizileku aldaketei buruzko txostena ondu zuen. Honen arabera, hamar urte horietan 3.375 gaztek Donostia utzi zuten eta Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko eskualde mugakideetako herrietara joan ziren bizitzera. Bizilagunekin plataformak agertu zuen datu hauek «turistifikazioak sortutako gazteen kanporatze efektu larria» erakusten dutela eta Donostiaren hiri eredua eraldatzeko beharra azpimarratu zuen. Astigarraga, Errenteria, Hernani eta Pasaia izan dira gazte donostiar gehien jaso dituzten udalerriak.