GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Jesus Carrera Olaskoaga komunista hondarribiarra fusilatu zuten gaurko egunez

Gaur dira 80 urte Jesus Karrera komunista hondarribiarra fusilatu zutela. 33 urte zituen, lanbidez igeltseroa zen eta Alcala de Henaresen, Madrilen, hil zuten.

Jesus Karrera. (jesuscarreraolascoaga | FACEBOOK)

Jesus Karrera igeltseroa zen eta 36ko gerran Gernikako Arbola batailoi komunistarekin hartu zuen parte. Gaur dira 80 urte Alcala de Henaresen hil zutela. Bere gorpuzkiak 2018an berreskuratu zituzten senideek, eta Hondarribian lurperatu.

20 urte zituela UGT sindikatuan izena eman zuen eta, geroxeago, Alderdi Komunistan. Irungo gaztedi komunisten taldean garrantzi handia izan zuen. SOV-UGT sindikatuaren buru izendatu zuten, hots, Gipuzkoako zuzendaritza batzordeko bokala.

36ko gerra hastean Gernikako Arbola batailoi komunistan sartu zen, miliziano gisa. 1937ko urtarrilean, berriz, batailoiaren komandante bilakatu zen. Iparraldeko frontean hainbat porrot jasan ostean Bartzelonara bidali zuten 1938an, defentsa antiaereoan aritu zedin.

Atxilotu zutenean frantziar Estatuko hainbat kontzentrazio esparrutan izan zen, Alderdi Komunistak erreskatatu zuen arte. Baionan aritu zen artekari eta, azkenik, 1941ean zeharkatu zuen muga.

1943an frankistek harrapatu zuten, beste bi kiderekin batera. Ia bi urtez izan zuten kartzelan eta torturak jasan zituen. 1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten, Alcala de Henaresen, Madrilen. Hiri horretan bertan lurperatu zuten haren gorpua.

2018an Karreraren gorpua desobiratzeko tramiteak hasi zituzten haren senideek eta hilabete batzuk igarota lortu zuten Hondarribian lurperatzea.