12 FEB. 2025 Donostiako Intza, «Bar España» izatera derrigortu zuten taberna 1933an ireki zuten Intza taberna Paulina Garmendiak eta Juan Antonio Irulegik Donostiako Alde Zaharrean. 1936ko gerrak mina ekarri zuen; Irulegi fusilatu egin zuten eta Garmendiari baldintza gogorra jarri zioten tabernarekin segitzekotan, «Bar España» izena jartzea. Gaur Intza da berriz. Betikoa, denak etxeko egiten dituena. Este navegador no soporta el elemento video. GAUR8 Ostiraleko Zebrabidean Intza tabernaren istorioa ekarri dugu aste honetan. Donostiako Alde Zaharreko Esterlines kalean kokatuta dagoen tabernak izaera berezia dauka. Turistifikazioa dena irensten ari den honetan, garai batean Alde Zaharrak zeukan herri izaerari eusteko ahalegin konstante bat da Intza. Oasi bat basamortuan. Ez da erraza eta ez da kasualitatea. Ahalegin horren atzean sufrimendu handia pilatu duen bidea dago. 1933ko San Sebastian bezperan jarri zuten martxan Paulina Garmendia eta Juan Antonio Irulegik. Haien ondorengoak dira oraintxe bertan lanean ari direnak, hirugarren eta laugarren belaunaldia hain justu, Koldo eta Asier Astrain. Herentzian jaso dituzte hamaika errezeta eta sinismen irmo bat: herritarrak zaintzen dituen biltokia da taberna. 1933ko urtarrileko egun hartatik, estuasun dezente pasatu dituzte Intzakoek.1936ko gerran Juan Antonio Irulegi fusilatu egin zuten –artean ez dute bere gorpua topatu– eta tabernak martxan jarraitzekotan, baldintza mingarria jarri zioten Juana Garmendiari: Intza tabernari “Bar España” izena jartzea. Dani Fano ilustratzaileak “Xabiroi” aldizkarian argitaratutako komiki batean bildu du tabernaren historia, “Intza, ez da munduan beste bat” izenburu argigarriarekin.