GAUR8 - mila leiho zabalik

EAEko First Lego Leaguek 390 ikasle bilduko ditu larunbatean Donostian

EAEko First Lego Leagueren 16. edizioak 390 ikasle eta ia 100 boluntario bilduko ditu larunbatean Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean. Bizkaiko bost ikastetxe eta Gipuzkoako bederatzi zentro ari dira parte hartzen bokazio zientifiko eta teknologikoak bultzatzen dituen ekimenean.

First Lego Leagueren 16. edizioaren aurkezpena, Donostian. (First Lego League | Deustuko Unibertsitatea)

Gipuzkoa eta Bizkaiko 14 ikastetxetako 6 eta 16 urte bitarteko 390 gaztek eta ia ehun boluntariok parte hartuko dute larunbat honetan First Lego League Euskadiren XVI. edizioan, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean.

Ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoen sustapenean erreferentea den hezkuntza-programa honek EAEko finalak hartuko ditu aldi berean Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen dituen egoitzetan.

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) antolatuta, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailaren, hiru foru aldundien eta Bilboko, Donostiako eta Arrasateko udalen babesa ere badu.

Donostian emandako prentsaurrekoan, Eneko Goia Donostiako alkateak, Xabier Riezu Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordeak, Ane Oyarbide Berdintasun, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak eta Jon Ojanguren First Lego League Euskadi Donostia-Deustuko Unibertsitateko kideak aurkeztu dute hitzordua.

6 eta 16 urte bitarteko 390 gaztek (entrenatzaileak barne) FLL Challengeko 26 taldetan (10-16 urte) eta FLL Exploreko 17 taldetan (6-9 urte) banatuta, Bizkaiko bost ikastetxetakoak eta Gipuzkoako bederatzi ikastetxetakoak, parte hartuko dute larunbat honetan Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean.

Lehiaketaz gain, teknologiari eta itsaspeko munduari lotutako hainbat jarduera izango dira Opengunean.