26 FEB. 2025 Bertoko zuhaitzen landaketa herrikoiak egin dituzte Andoainen eta Larrabetzun Andoainen eta Larrabetzun arbol autoktonoen landaketak egin zituzten asteburuan, Eguzkik bultzatuta. Auzolanean eginak, 70 lagun ingururen parte hartzea izan zuten eta 800 zuhaitz inguru jarri zituzten. Lur publikoak dituzten udalei bertako basoa berreskuratzeko eskatu diete. Muntton egindako zuhaitz landaketa, irudian. (Eguzki) GAUR8 Bi landaketa herrikoiak egin zituzten asteburuan Andoainen eta Larrabetzun, Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak antolatuta. «Andoaingo kasuan, landaketa herri lurrean egin dugu, Leitzarango bailara dagoen Muntto tontorraren magalean, Andoaingo Mendiak izeneko mendi babeslean; Larrabetzukoa, berriz, lursail pribatuan», azaldu du taldeak. Jakitera eman duenez, auzolanean antolatu eta egin ziren deialdi biak, eta Larrabetzuren kasuan, Sasiburu eta Bagatza Kontsumo Taldearekin egindako elkarlana azpimarratu du. Bi jardueretan 70 lagunek hartu dute parte, eta guztira 800 zuhaitz inguru landatu dituzte, «lehen pinudiak ziren lekuetan» haritzak, pagoak, gaztainondoak, haltzak, elorriak edota urkiak jarriz. Azpimarratu dutenez, «etorkizunean baso anitzak, baso biziak, lortzea» da helburua. Gipuzkoako eta Bizkaiko foru gobernuek basoen kudeaketan duten ardura ekarri dute gogora. Exekutibo biei «baso anitzak izateko aldarrikapenarekin era sendoan inplikatzeko» eskatu diete, «bereziki herri lurretan, hauek Aldundiaren edota Udalaren jabetzak izanik ez genuke inongo arazorik izan beharko». «Lur pribatuetan, berriz, eukaliptoa eta orain hau ordezkatuz doan kriptomeria naiz kanpoko beste espezie batzuk landatzea bultzatu eta lagundu beharrean, bertako basoen aldeko apustua egiteko, lur jabeei beharrezko bultzada ematea eskatzen diegu. Izan ere, egungo basogintzaren errentagarritasuna diru laguntzetan oinarritzen baita», adierazi du talde ekologistak. Erantsi dutenez, laguntzarik ez badago «etekina 0 edo 0tik gertukoa» da, beraz «aldundiek paper garrantzitsua jokatzen dute gai honetan eta orain artean arduragabekeriaz jokatu dutela garbi esan behar dugu». Eguzkik «mesfidantza» agertu du diputazioek hartuko duten bidearen aurrean. Esan duenez, Gipuzkoan, EAJ, PSE eta PPren botoekin onartu berri den Basogintzari buruzko Ponentziaren Txostena orain arteko bidean jarraitzea suposatzen du, «basogintza sektore ekonomikoko irizpideetan lerratuz». Bizkaiaren kasuan, Basoen Kudeaketa Aztertzeko Batzordearen ondorioak idaztea eta aurkeztea falta dela azaldu du, eta aurreratu duenez, «Gipuzkoakoaren bide bertsutik» joango da, «hainbat aditu eta txosteni entzungorrarena» eginez. Udalei zuzendutako eskaera egin du talde ekologistak, lur publikoetan bertako basoa berreskuratzeko landaketak egin ditzaten. Hurrengo hitzordua Barakaldon izango da, martxoaren 9an, San Bizente auzoan.