27 FEB. 2025 Gaur X urte Gaur hamar urte hil zen Leonard Nimoy aktore estatubatuarra Star Trek telesailean Mr. Spock pertsonaiari bizia ematen zion Leonard Nimoy aktorea duela hamar urte zendu zen, 2015eko otsailaren 27an, 83 urte zituela. Boston hirian jaio zen, Estatu Batuetan, 1931n, eta Los Angelesen hil zen. Leonard Nimoy, 2011n. (Gage SKIDMORE | Wikimedia Commons) GAUR8 2015eko otsailaren 27an, duela hamar urte, zendu zen Estatu Batuetako Los Angeles hirian Leonard Nimoy aktorea. Star Trek telesailean Mr. Spock pertsonaia antzezteagatik ezaguna, Bostonen jaio zen eta 83 urte zituela hil zen. Star Trek telesailarekin 1960ko hamarkadan ezagun egin bazen ere, antzerkian esperientzia zabala izan zuen aktore moduan. Besteak beste, hainbat urte eman zituen berak idatzitako ‘Vincent: The Story of a Hero’ lanean Vincent Van Gogh pertsonaia antzezten. Hala ere, Nimoyk Bostonen hasi zuen bere karrera aktore bezala, umea zenean, eta ondoren Boston Collegeko antzerki eskolan ikasi zuen. 1951n, rol txikia irabazi zuen ‘Queen for a Day’ filmean. Horrek beste paper batzuk eman zizkion antzerkian eta filmetan. Beharragatik, aktore izateaz gain, 1950eko Los Angelesen Nimoyk ez zuen zalantzarik izan atezain, albaitari, arrain garbitzaile edo taxi gidari moduan lan egiteko. Aurretik bi urtez egon zen Estatu Batuetako armadan, eta sarjentu graduarekin erretiratu zen handik. Film zuzendari moduan ere aritu zen, ‘Three Men and a Baby’, ‘The Good Mother’ eta ‘Funny About Love’ lanetan. Bi autobiografia idatzi zituen ere. Lehenengoak, ‘I Am Not Spock’ (1977), eztabaida sortu zuen, fan askok oker ulertu zutelako pertsonaiaregandik urruntzen ari zela.