GAUR8 - mila leiho zabalik

Tailer berriak eta argazki-lehiaketa Laudion, Arraño mendiko orkidea basatiak ezagutzeko

Orkidea basati espezie ezberdinak aurki daitezke Laudion, Arraño mendian, eta horietako bi espezie mehatxatuen katalogoan daude jasota. «Altxor» horri balioa eman eta ezagutzera emateko argazki tailerrak, ibilbidea edota argazki-lehiaketa antolatu dituzte martxoaren 10etik aurrera.

Mendiko orkideak, protagonistak izango dira Laudion hurrengo asteetan izango diren hainbat jardueratan. (Laudioko Udala)

Laudion, Arraño mendian aurki daitezkeen orkidea basati espezie ezberdinak hainbat jardueraren protagonistak izango dira martxoaren 30etik aurrera, landare horiek ezagutzera eman eta babesteko.

Laudiokoloreak elkarteak Udalaren elkarlanean prestatu ditu jarduerak. Azaldu dutenez, orkidea espezie basati ezberdinak daude Arraño mendian, horietako bi Espezie Mehatxuen Euskal Katalogoan agertzen dira.

«Laugarren urtez jarraian, gure mendietan ikus daitekeen altxor ezkutu hori hurbilduko diegu bizilagunei, eta herritar guztiak barne hartzen dituzten hainbat dinamikaren bidez egingo dugu», adierazi du Ainize Gastaka alkateak.

Jarduerak martxoaren 30ean hasiko dira landareen argazki-tailer batekin. Era horretara, proposamena lagungarria izan daiteke udaberri amaierarako planteatu duten bigarren jarduerarako, orkideak protagonistak izango dituen argazki-lehiaketa egingo baitute.

‘Laudioko orkideak’ izeneko argazki-lehiaketaren oinarriak eskuragarri egongo dira udalaren webgunean, eta izena emateko epea ekainaren 1ean zabaldu eta hilaren 20ra arte egongo da zabalik.

Aurtengo egitarauaren barruan, gainera, 65 urtetik gorako laudioarrentzako ibilbidea antolatu dute. Senideekin batera, ibilbide lagunkoia egingo dute ekainaren 1ean, orkidea espezie ezberdinak ezagutzeko.

«Landare familia honi buruzko xehetasun gehiago jakin nahi dutenentzat», bestalde, bi tailer antolatu dituzte, maiatzaren 10ean eta 24an, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.