GAUR8 - mila leiho zabalik

TOLOSAKO «OLENTZAROREN BASOA», EGUBERRIAREN MAGIAREN GORDELEKU

Aspaldiko euskal usadioak, natura eta feminismoa ardatz hartuta, «Olentzaroren basoa» proiektua garatu dute Tolosako Zumardia elkarteko kideek. Egun Gabonetan gailentzen den kontsumo ereduari alternatiba eskaintzen dio egitasmoak eta, horretarako, magiaz bete dute Elosegi parkea.

Juan Carlos Ruiz | Foku

Hala dio Juan Kruz Igerabideren “Olentzaroren basoa” ipuinak: «Urtero, Eguzki zaharra urte-amaieran mendian etzan eta itzali egiten da, natura ilundu egiten da. Egurra ere, berdin. itzaltzen denean, beltz-beltz geratzen da, ikatza bihurtzen da. Orduan, Olentzerok, su berria egiten du ikatzarekin, eta, hori eginez, Eguzki berriari jaiotzen laguntzen dio».

Olentzero ez da inondik ageri Tolosako Elosegi parkean, baina bertan egon da, ziur. Txondorrari kea dario oraindik, etxolan hartu gabe utzi du ardo baso-erdi bat gazta eta intxaurrak laguntzeko, eta zintzilik utzi duen arropa ez da lehortu. Olentzero ez da inondik ageri, baina «giroan usaintzen da Olentzaroa» Tolosako baso berdingabean.

Zumardia elkarteak urteko gainontzeko egunetan itxita egoten den Elosegi parkearen ateak ireki ditu asteon, astelehenetik astelehenera, eta ateak ireki dizkie haur eta gurasoei ikus dezaten Olentzero non ibiltzen den, tarteka, egur bila, eta antzeman ditzaten data hauetan Tolosako baso honek gordetzen dituen dohain magikoak. “Olentzaroren basoa” egitasmoaren bitartez egin dute hori guztia. Proiektuan, ibilbide bat antolatu dute Elosegi parkean zehar, naturaren elementuak goresten eta Gabonetako antzinako tradizioak erakusten dituena, eta, ibilbidearen amaieran, Juan Kruz Igerabidek egitasmo honentzat espresuki idatzitako ipuina banatzen diete bisitariei.

Iaz sortutako ekimena da “Olentzaroren basoa”, eta izan zuen arrakastak bultzatuta –ia bi mila bisitari izan ziren–, aurten ere proiektuari heldu diote. Zortzi egunetarako, 2.250 pertsonak eman dute izena Elosegi parkea eta bere sekretuak ezagutzeko.

Astelehenean (hilak 16) egin zuten aurtengo estreinako bisita. Lehenengo taldea 17.30ean zen sartzekoa, eguzkia apaltzearekin batera, eta ordubete lehenago Zumardia elkarteko kideak nahiz prestaketan laguntzera joandako boluntarioak urduri ziren. 15-16 urteko gazteak ibilbideko lastargiei su ematen gora eta behera zebiltzan bitartean, Itziar Saez Ojeda ipuin kontalaria iritsi zen, urduri bera ere, ibilbidean jantziko zituen arropak eskuan. Bera izan da basoko sei ipuin kontalarietatik gidoia idatzi duenetako bat. “Olentzaroren basoa”, aipatu zuenez, «hausnarketa mordo baten» ondotik sortutako ekimena da, eta, helburua, nahiz eta «denok sartuta gauden, neurri batean edo bestean, oraingo eredu kontsumistan», eredu horri alternatibak eskaini eta Eguberriari «zentzua ematea».

Zentzu horren bila, galdera batekin abiatu zituzten “Olentzaroren basoa” diseinatzeko lanak. «Zer transmititu nahi diegu gure seme-alabei data hauetan?». «Inor ez da arduratzen 3-8 urte arteko umearen buruan sartzen», kexatu zen Mauro Marotias Zumardiakoa, gero haurrei banatuko zitzaien txokolate beroa mahai gainean utzi eta berehala, Elosegi parkearen atarian. Eta zentzu hori Euskal Herriko antzinako tradizio eta kondairetan, naturan eta feminismoan aurkitu dute Zumardia elkartekoek.

Parkean barrena, oraindik eguzkiak epel jotzen zuenean, eman zigun Marotiasek Olentzaroaren berri. Gogorarazi zuen, antzina, Euskal Herrian abenduaren 25ean hasten zela urte berria, neguko solstizioarekin batera. Orduantxe hasten zen aro berria. Igerabidek idatzi bezala, eguzkia hil egiten da urte amaieran, eta Olentzerok ikatzarekin su berria egiten duenean nola, urte berriarekin batera jaiotzen da eguzkia, «umetxo bat bezala, xuri-xuri, ahul hasieran».

Burugain ilundun erregetxo txoriarekin batera joango da eguzki zaharra, eta txantxangorriak, bere papar gorriarekin, ekarriko du eguzki berria, Olentzerok emango diolarik indarra su berriak pizten.

«Gabon Zahar, Eguberri, eguzki zaharra erre eta berria jaio bedi».

Olentzaro, Olentzero

Aipatu bezala, Olentzero ez da agertzen basoan, baina Olentzaroa bai, aro berriaren jaiotzaren seinale. Eta Mari Domingi? Mari Domingi ere ez da inondik ageri. Mari bai, Anbotoko Mari, Tolosan bezala Euskal Herriko gainontzeko baso eta mendietan bizi baita, bera baita natura; lurra, ura eta sua. «Baso oro dira Mariren baso. Basoa non, Mari han. (...) Beraz, Olentzero dabilen basoa ere Mariren basoa da», agertzen du Juan Kruz Igerabideren olerki batek.

Itziar Saez de Ojedak azaldu bezala, Donostiako Antigua auzoko Bagera elkarteak sortu zuen Mari Domingiren figura, Olentzeroren laguntzaile izango zena euskal Gabonen iruditerian. Baina hausnarketa ugariren ostean, eta talde feministen aholkularitzarekin, erabaki zuten Mari Domingik ez zuela lekurik izango “Olentzaroren basoa”-n. Gabonetan emakumezko figura bat txertatzeko xedearekin sortutako figura da Mari Domingi, eta Zumardiakoek iritzi duten arren «asmo onarekin» sortu zela, lortu nahi zenaren kontrako efektua bete dezakeela uste dute.

Mari Domingi «Olentzeroren laguntzaile» gisa aurkeztea kritikatu zuen Saez Ojedak, bigarren mailako pertsonaia balitz bezala. Areago garatu dute Zumardiakoek beraien hausnarketa: «Nork esan du Olentzero gizonezkoa denik?» Esaten dutenez, lehenagoko ezein idazkitan ez zen zehazten Olentzeroren generoa, gerora pertsonifikatu eta gizondu baita Olentzero, zenbaitetan, kontsumogaien mesedetara. Horregatik ez da Olentzero ageri “Olentzaroren basoa”-n, haurrek imajinatu dezaten, zeren, Marotiasek zehaztu zuen bezala, «sugestioak indar gehiago du ikusten denak baino».

Ikuspuntu horretatik, ez dute beharrezkoa ikusten Mari Domingiren figura, batez ere badagoelako Mari, ama lurra, naturaren jabe eta zaindari.«Mariri indarra eman nahi diogu», dio Marotiasek.

Olentzero beraren gaur egungo figurazioa zalantzan jarri asmo dute elkartekoek. «Lehen Olentzero potoloa zen, ardoa edaten zuen eta zikin-zikin egoten zen, ikazkina delako. Orain, berriz, ikustea besterik ez dago zer Olentzero atera zuten Bilbon iaz, argal-argala eta txukun-txukun jantzita», zehaztu du Mauro Marotiasek.

Ikatz errea nola, aurpegia belztuta darama Olentzerok, urte zaharraren iluntasuna irudikatuz, eta, Eguberri gauean, hamabietan jasotzen den ura magikoa dela jakitun, ur berrian garbitzen ditu arropak, aurpegia eta eskuak, gaitz guztiak uxatu eta dohain magikoak eskuratzeko.

Eguzkia, gaztainak eta mihura

Iritsi da bisitaren ordua. Ilundu da jada zerua, eta basoak kolore berezia hartu du. Haurrak, hiru eta zortzi urte bitartekoak, urduri dira, ez da aditzen bost-sei ume elkartzen direnean sortzen den ohiko zalaparta, intrigazko zurrumurru fin bat baizik.

Ipuin kontalariak, Amarik, soinekoa eta abarkak jantzita, harrera egin die. Begiak zabal-zabalik dituztela entzuten dituzte haurrek emakumearen azalpenak. «Zuek badakizue Euskal Herriko basoak magiaz beteta daudela? Eta are gehiago Eguberrietan. Olentzerok zuei magiaz beteriko sekretutxoak kontatzeko esan digu, jakin nahi dituzue?». Baiezko biribil batekin erantzun dute haurrek, eta abiatu dira “Olentzaroren basoa”-n barna.

Ordubeteko ibilbidea dute aurretik basoa ezagutzera animatu direnek. 17.30ean hasi da lehenengo txanda, eta hamabost minutuero, txanda berri bat sartuko da Elosegira; 20.10ean azkena.

«Hil da eguzki zaharra, jaio da eguzki berria» esanez, kriseilu bana hartu dute bisitariek, eta Amari gidariaren eskutik egin dute bidean gora.

Kobazulo txiki batean egin dute lehenengo parada. Basoko Mariren bizilekua da, eta sua piztuta du barrenean, eguzkia «txiki» baitago, eta Marik epeletan goxatu dezan.

Gaztaina-erre usainak mugitu ditu haurrak hurrengo txokora. Emakume bat dute zain, suaren bueltan hau ere, eta dio eguzki berriari «indarra ematen» ari dela. Gaztainak banatu dizkie haurrei. «Lian-lan-bere, amonak emana, gaztaina erre bana».

Denek gaztainak eskuetan dituztela, mihura erakutsi du emakumeak. Landare horrek indar magikoak dituela segurtatu du, baina tentuz ibili behar da, ezin baita edozein modutan bildu. Eskuz moztu behar da edo, izatekotan, urrezko labana batekin eta, gainera, ezin du lurra ukitu, landare zerutiarra baita. Emakumeak dio ohitura dela mihura bildu eta norbaiti oparitzea. «Baso hauetan gora eta behera dabilen» bati eman diola esan du.

Olentzeroren etxea

Egurrezko txondorra kea dariola ari da. Pagoa, haritza edo gaztaina dira txondorra egiteko zuhaitz egokiena, eta Olentzero basoan gora eta behera ibiltzen omen da, egur egokienen bila. Su txikian erretzen du egurra, txondorra gau eta egun zaintzen duelarik, ikatza egin arte.

«Hara! Begira zer dagoen hor! Ikusten duzue etxetxo hori?». Haurrek segituan jarri dute begirada Amarik seinalatutako tokian. Olentzerok baso honetan duen bizilekua dela azaldu du Amarik. Bertan, topo egin dute mihurarekin, Olentzerorendako opari.

Gazta, intxaurrak eta ardoa ditu mahai gainean. Haurrak etxolara sartu dira eta bakoitzak bere eskutitza utzi du mahai gainean, begi-bete emozioz.

Ibilbidean aurrera egitera gonbidatu ditu Amarik, eta teila artetik ateratzen den ur txorrota bati begira geratu dira. Ur barrena eta ur goiena, zerutik etortzen dena edo lurrean nahiz «gure barruan dagoen ura». Bertan utzi ditu lehortzen Olentzerok bere arropak, Eguberritako ur berriaren dohain magikoez bustirik. Haurrak ere animatu dira aurpegia eta eskuak pixka bat bustitzera. «Modu horretan, sinestunak bere fedea berritzen du; sinesten ez duenak, berriz, naturarekin eta bizitzarekin duen konpromisoa berritzen du», azaldu du Amarik.

Eta iritsi dira ibilbidearen azkenengo geltokira, Olentzeroren gurdira. Bertan jasotzen ditu ikatza eta banatu beharreko opariak. «Hala ere, Olentzeroren opari bereziena, urtez urte mundu guztiari egiten diguna, udaberri oparo baten iragarpena da», esplikatu du Amari ipuin kontalariak.

“Olentzaroren basoa” agurtuta, kantari atera dira haurrak Elosegi parketik. «Urte barri-barri, txarri-belarri, daukanak ez daukanari katilutxo bete gari».