29 NOV. 2025 3 BEGIRADA: Raynauden sindromea Raynauden sindromea dutenei, hotzarekin erasandako gunea zuritu eta mindu egiten zaie. (GETTY IMAGES) Oier Gorosabel Fisioterapeuta Seguru denek ezagutzen dituzuela eskuak edo oinak oso hotzak izaten dituzten pertsonak. Agian zu zeu zara ezaugarri hori duzuna, oso sarri gertatzen baita. Ai, zelako sustoa esku-arrain hotz hori kolkotik sartzen dizutenean, edo mantapean oin izoztuak hurbiltzen zaizkizunean berotu ditzazun! Halere, ezin dugu esan hori gaixotasun bat denik. Salbu eta kasu batzuetan, non esku-oinen odoleztatzea hain den murritza, ezen hatzen edo behatzen zirkulazioa eragotz daitekeen, mina eta bestelako ondoezak eraginez. Kasu patologiko horiek dira 1862an Maurice Raynaud medikuak aintzat hartu zituenak, bere izena daraman gaixotasuna deskribatzeko; gehienetan nahasmendua eskuetakoa eta oinetakoa bada ere, ez da arraroa izaten sudurrean, belarrietan, titiburuetan edo ezpainetan gertatzea. Raynauden sindromea idiopatikoa izan daiteke (arrazoi jakinik gabekoa) edo beste arazo baten ondoriozkoa. Bigarren kasu horretan, hainbat gaixotasun dira eskuen eta oinen odoleztatze gabezia arazoak ekar ditzaketenak, hala nola ehun konektiboaren arazoak (esklerodermia, lupusa...), elikadura nahasmenak (anorexia kasu), drogak hartzea, eta, noski, odol-zirkulazioaren beraren arazoak. Lanarekin lotutako faktoreak ere badaude: bibrazio handia eragiten duten makinak erabiltzea, izoztutako produktuak erabiltzea... Batzuetan, forma idiopatikoan «hotzari alergia» bezala deskribatzen da, baina hori ez da zuzena, arterien erantzun neurrigabeko hori sistema nerbiosoarekin lotuago baitago sistema immunitarioarekin baino. Ikerketa batzuek faktore genetikoak ere seinalatu dituzte, baina oraindik gauza gutxi dakigu arazoaren jatorri zehatzari buruz. Arazo hau duten pertsona gehienek sintomatologia tipiko bat dute: tenperatura hotzaren aurrean, erasandako gunea zuri-zuri eta minduta geratzen zaie; handik denbora batera, odol-fluxua itzultzen da azala gorrituz eta erredura sentsazioa eraginez. Halere, paziente batetik bestera arazoa agertzeko modua aldatu egin daiteke. Forma batean zein bestean, arrazoia bata edo bestea izan, argi dago Raynauden sindromea jasaten duten pertsonekin izan beharreko lehentasuna zein den: erasoen maiztasuna eta larritasuna jaistea, bai eta ehunen hondatzea ekiditea ere. Horretarako, hotzaren aurkako babesa, tratamendu farmakologikoa eta kasu larrietan kirurgia erabiltzen dira, baina terapia fisikoak ere badu zer esana Raynauden sindromean. Izan ere, fisioterapian arteria txikien konstrikzioa/dilatazioa normaltzeko baliabide indartsuak ditugu, besteak beste ariketa terapeutikoa, hidroterapia eta termoterapia. Tratamendu horiek, modu egokian eta pertsona bakoitzaren neurrira erabiliz gero, lagun diezagukete nerbio sistema autonomoaren eta haren menpeko odol hodien funtzionamendua orekatzen; eta zenbait elektroterapia teknikek ere erantzun ona erakutsi dute sintomak arintzerakoan. Edonola ere, Raynaud sindromeak jota dagoen pertsonak jakin behar du arazoaren pronostikoa ona dela, kasu idiopatikoetan behintzat (beste kasuetan, gaixotasun nagusiaren bilakaerarekin lotuta dago), eta bizitzan zehar ez diola arazo handirik eragingo. •