06 DIC. 2025 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Ondo lo egin, Bilbo Maddi Txintxurreta Imanol Murua kazetariak eman berri duen “Biba gorriac!” liburuari esker jakin dut “Le Reveil Basque” izan zela, jarraitutasun gutxi izan zuten esperientziak salbuetsita, euskarazko kazetaritza informatiboari eta politikoari epe esanguratsu batean tokia egin zion lehenengo hedabidea. Astekari elebidun horrek 1886ko udan hasi zuen bidea, Frantziako III. Errepublikaren garaian, eta estatuko aktualitatea hein handi batean jarraitzeko aukera izan zuten, zortzi urtez, haren euskarazko orriak irakurtzen zituzten herritarrek. Irakurri ahal izan zuten, euskaraz, Donibane Garazin sortutako Charles Floquetek, Frantziako lehen ministroa orduan, nola garaitu zuen Georges Boulanger oposizioko buru eskuindarra ezpatadun desafio zirraragarri batean. Pauen argitaratzen eta Euskal Herrian banatzen zen lau orriko aldizkari horri esker, euskaldun elebakarrek irakurri ahal izan zuten Maiatzaren Lehenaren lehenbiziko mobilizazioetan, 1890ean, Parisen izandako istiluen kronika; euskaraz jaso ahal izan zuten Euskal Herriko barrutietan, hauteskunde legegileen bezperetan, gorriek eta xuriek izaten zituzten xextren kontakizuna; euskaraz jarraitu zuten, “Le Reveil Basque”-n orrietan goitik behera eginda, Eiffel dorrearen behetik gorako eraikuntza. Euskarazko kazetaritza egitea hautu politikoa izan zen “Le Reveil Basque”-n kasuan: laborari euskaldunak errepublikazaletasunera iratzartzeko helburu irmoa zuen. Euskara erabiltzeko erabakiak ez zion, berez, identitate euskalduna pizteko ituari jarraitzen. Baina aintzat hartuta erdarazko kazetaritzak bi mendeko ibilbidea zuela “Le Reveil Basque”-n lehen alea inprimatzerako, euskaldunak euskaraz informatzea garrantzi handiko pausua izan zen, aitzindaria, gerora garatuko ziren euskarazko hedabideei bidea irekitzeko. Eta, agian, nahi gabe ere, errepublikazale zenbait iratzarriko zituen euskalduntasunera, edo bederen, euskarara. Zorionez, euskaraz jarduten duten dozenaka hedabide ditugu gaur Euskal Herriko kazetaritzaren panoraman. Eta tokikoei esker, euskaraz jaso dezakegu, adibidez, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean herriz herri egin zituzten mobilizazioen inguruko informazioa. Bilboko protestan, adibidez, «ofentsiba patriarkala» izan zuten hizpide, eta Palestina gogoan, besteak beste. Hala irakur zitekeen “Uriola” euskarazko komunikabide digitalean pasa den astean. Antza, 11 urtez Bilboko aktualitatea euskaraz eskaintzen aritu ostean, hiriko euskaldunen komunitatea sendotzeko eta handitzeko funtsezko lana egin eta gero, “Uriola”-k ez ditu A25, M8 edo M1 gehiago kubrituko. Desagertzera doa, ez delako ekonomikoki bideragarria, eta, ildo horretatik, erakundeak interpelatu dituzte hedabideko arduradunek: «Bilbok orain artekoa baino apustu sendoagoa behar du euskarazko hedabideen eta tokiko informazioaren alde». Bada, erdalgintza ofentsiban dagoen honetan, euskarak, itolarri, hatsik galtzekorik ez duen honetan, “Uriola” webgunea eta “Prest!” aldizkaria bezalako bozgorailuak itzaltzen uztea larria da, euskararen alde egitea bezainbesteko hautua baita euskararen alde ez egitea. Eta ikasia dugu jadanik euskarak libre uzten duen toki bakoitza erdarek okupatzen dutela. Lozorroak hiltzera kondenatuko bagaitu, ezinbestekoa dugu iratzartzea. Biba “Uriola”! • «Erdalgintza ofentsiban dagoen honetan, euskarak, itolarri, hatsik galtzekorik ez duen honetan, «Uriola» webgunea eta «Prest!» aldizkaria bezalako bozgorailuak itzaltzen uztea larria da»