02 MAY. 2014 Europara (aitzakia gisa)! Galder Gonzalez Oraindik ezin dut botorik eskatu, baina beno, ziur badakizuela denek zer bozkatuko dudan maiatzaren 25ean. Egia esan, oso ezezaguna zaigu Europar Batasuna eta horren inguruan mugitzen den guztia, nahiz eta gure eguneroko bizitzan eragin izugarria duen. Ziurrenik Europar Batasuna bera da egoera horren erantzulea, instituzio gero eta konplexuagoak sortuz, baina benetan egiten denaren berri eman gabe. Hilak 25ean Troikaren aurka eta herrien eskubideen alde bozkatuko dudala esatea ez da gehiegi esatea. Baina ez da hori bozkatzeko izango dudan arrazoi bakarra. Nire botoa ez da bakarrik Bolonia Prozesuaren ondorengo EU 2020 estrategiari ezezkoa emateko izango, edo murrizketei ezezkoa emateko, edo gero eta faxistagoa den Europan ezkerreko alternatiba bat sendotzeko. Euskal Herrian jokatzen dena kontuan izanda ere bidaliko dut Josu Bruselara. Hurrengo hauteskundeek ziklo oso baten hasiera finkatuko dute, EAEn urte eta erdi hauteskunderik gabe igaro ostean eta ia hiru urte Nafarroan. Ostean etorriko dira udal hauteskundeak, Nafarroako foru hauteskundeak, diputazio ezberdinetakoak, eta, azkenik, Espainiako hauteskundeak. Horietan guztietan ezkerreko burujabetzaren esparrua indartzea nahitaezkoa da, eta, horri begira, garrantzi handia du hurrengo hauteskundeetan posizionamendu ona hartzea. Egongo den abstentzioa medio, aukera handiak daude Hego Euskal Herriko lau lurraldetik bitan gehiengo berriak sortzeko. Nafarroan lehen indarra abertzalea izateak aukera handiak irekiko ditu hurrengo urtean. Eta horrek bai, horrek oso-oso urduri jartzen ditu euskal herritarrak Europan nahi ez gaituzten horiek. •