23 MAY. 2014 LATINOAMERIKA Ustiapen gatazkatsuak garesti ateratzen zaizkie Latinoamerikan dabiltzan meatzaritza eta petrolio konpainiei Meatzaritza, petrolio eta gas konpainiei garesti ateratzen zaizkie beren jarduerek eragindako gatazka sozialak: milaka milioi dolar urtero. «Proceedings» aldizkariak argitaratu berri du gaiari buruzko ikerketa bat: lanak ondorioztatzen du merkeago ateratzen zaiela konpainia horiei herriekin ondo konpontzea borrokan ibiltzea baino. Stephen Leahy Tierramerica Konpainia bakar batek jakinarazi zuen bi urtetan 6.000 milioi dolar gastatu zituela, lurrazpiko baliabide naturalak ustiatzen dituen industriari gatazka sozialek eragindako pisu ekonomikoari buruz egindako lehen ikerketak azaleratu duenez. Txile eta Argentinaren arteko eremu batean, bestalde, urrea ateratzeko Pascua Lama izeneko proiektua jarri zuten abian. Herritarren protestaldiak eta irregulartasunak tarteko, 5.400 milioi dolarreko gastua izan zuen Barrick Gold Kanadako konpainiak hamar urteko epean; aldiz, ez zuen urre kilo bat bera ere ateratzerik izan. Azkenean, orain urtebete, Txileko Justizia Administrazioak proiektua bertan behera uzteko agindu zuen. Tankerako zerbait gertatu zen Conga meatzaritza proiektuaren inguruan, Perun. 2.000 milioi dolarreko aurrekontua zuen arren, herritarren mobilizazioek eragin zuten 2011n lanak bertan behera uztea. Bertakoek salatu zuten jarduerak ur gezako lau urmael suntsituko zituela. Azkenean, Yanacocha enpresak lau ur gordailu eraikitzeko konpromisoa hartu zuen, suntsitutako urmaelak ordezkatzeko. «Herriak ez daude indargabe, ahalmenik gabe. Gure ikerketak erakusten du komunitateek antolatzea eta mobilizatzea lortzen dutela, eta horren eraginez konpainiek ikaragarrizko gastuak izaten dituztela», adierazi du Daniel Franks Australiako Queensland Unibertsitateko ikerlari eta CSRM Meatzegintzan Gizarte Ardura Bultzatzeko Zentroko zuzendariordeak. «Tamalez, gatazka horiek odol isurketak eta heriotzak ere eragiten dituzte», esan dio Franksek Tierramericari. AEBetako Zientzia Akademia Nazionaleko “Proceedings” aldizkariak argitaratu zuen ikerketa maiatzaren 12an. Mundu osoan lanean aritutako erauzketa industriako energia eta meatzaritza konpainietako 45 goi kargu elkarrizketatu dituzte, era sakonean eta sekretupean, ikerketa egin ahal izateko. Bikaintasun estandarrak Gainera, ikerketa berean oinarritutako txosten berezi bat ere egin zuten, herrien eta erauzketa konpainien arteko gatazkek eragindako kostuen inguruan. «Herriekin harreman txarrak izateak eragiten dituen kostuak dokumentatu nahi genituen. Enpresa asko ez dira horretaz jabetzen, bakar batzuk baino ez baitira konturatzen arazoak dituen arriskuez», esan du Franksek. «Konpainiek beren irabaziak bermatu nahi badituzte, herriekin elkarlanean hasi behar dute eta ingurumen eta gizarte bikaintasun estandarrak hartu». «Merkeago ateratzen zaie konpainiei herriekin ondo konpontzea borrokan ibiltzea baino. Herritarrak normalean ez daude garapenaren aurka. Baina ez dute onartzen garapen horrek izango duen era erabakitzeko garaian esku hartu eta kontrol neurriak ezartzeko inolako aukerarik ez izatea», erantsi du ikerlariak. «Jatorrizko herriei onura ekarriko dien garapen eredua nahi dugu, ez bakarrik norbaiten koinatuari onura ekarriko diona», adierazi du Alberto Pizango Aidesep Peruko Oihanaren Garapenerako Etnien Arteko Elkarteko presidenteak. Elkartean Peruko Amazoniako 1.350 jatorrizko herrik esku hartzen dute. «Naturarekin harmoniatsua izango den garapenaren inguruan jatorrizko herriek badugu zer esanik. Gure Amazonia maitea suntsituko duen garapenik ez dugu nahi», esan dio Pizangok Tierramericari Limatik. Bere garaian Peruko Gobernuak atzerriko konpainiei eman zien jatorrizko herrien betiko lurren gaineko kontzesioa eta Pizangok lan asko egin du erabaki horren aurkako erresistentzian. Borroka hori tragedia bihurtu zen 2009ko ekainaren 5ean, manifestariek itxitako errepide bat irekitzeko asmoarekin Polizia bertaratu zenean: 24 polizia eta 10 zibil hil ziren Bagua izeneko iparraldeko oihaneko herrian. Indigenek bazuten mobilizatzeko arrazoirik. Jatorrizko herrietan inbertsio pribatuak suspertzeko asmoarekin hamar dekretu onartu zituen Gobernuak. Konstituzioaren aurkakoak ziren, dekretuen aurkakoen iritziz. Agintariek beren asmoei eutsi zieten eta indigenek protesta egitea erabaki zuten. Hilaren 14an hasi zen Baguan bertan Pizango eta beste 53 pertsonen aurkako epaiketa. Bortizkeria bultzatu izana eta 2009ko sarraskiarekin lotutako beste 18 delitu leporatu dizkiete. «Ez genuen beste aukerarik. Gure protestaldia erabat zuzena zela pentsatu genuen. Baina ordaindu beharreko faktura garestiegia izan zen. Ez dugu tankerako zerbait errepikatzerik nahi. Protesta erraldoitik proposamen erraldoira pasa nahi dugu», adierazi du Pizangok. Biziarteko kartzela zigorra ezarri diezaiokete, epaileek zigorra merezi duela erabakiz gero. Saihesteko moduko sarraskia “Proceedings” aldizkariak argitara emandako ikerketak ondorioztatzen du Baguako sarraskia saihesteko modukoa zela. Horretarako, agintariek zein konpainiak jatorrizko herrien eskubideak onartu eta beraiekin lan egin behar zuten. «Pena handiz esan behar dut Perun oraindik ere ez dela hori gertatzen», erantsi du Pizangok. Bera ez zegoen Baguan protestaldia tragedia bihurtu zen egunean. Aldi berean, paradoxikoa bada ere, Ingurumen Ministerioak Pizangori berari eta berak zuzentzen duen Aidesep elkarteari eskatu die NBE Nazio Batuen Erakundeak klima aldaketaren inguruan antolatu behar duen gailurra prestatzen laguntzeko. Aipatu bilera Liman egingo da, aurten bertan. Pizangok uste du gailurra aukera ezin hobea izango dela jatorrizko herriak basoak eta klima babesteko gai direla munduari erakusteko. Konpainiek eta gobernuek herriekin dituzten harremanak bere onera ekartzea zaila izaten dela uste du Rachel Davis AEBetako Harvard Unibertsitateko Gizarteko Ardura Korporatiborako Ekimeneko kideak. «Askoz ere zailagoa da herri batekin harremanak berriz eraikitzea, lehen suntsitu egin badira. Harremanetan ezin da besterik gabe atzera egin», adierazi du Davis ikerketaren egileetako batek. Franksek dibortzioarekin alderatzen ditu konpainien eta herrien arteko harremanak: ia inoiz ez da gertatzen dibortziatutakoak berriz ezkontzea. Meatzaritzako korporazio handienak gaia ulertzen hasiak direla dirudi. Davisek jakinarazi duenez, korporazio horietako batzuk NBEren Giza Eskubideen eta Enpresen Printzipio Gidariak aplikatzen hasiak dira. Metal eta Meatzaritzako Nazioarteko Kontseiluko Garapen Jasangarrirako Markoa ere bere egin dute. Ez da gauza bera gertatzen hidrokarburoen alorrean. «Horiek oso kultura desberdina dute. Ez daude herriekin harremanak edukitzera ohituta», esan du Franksek. Ikerketak agerian uzten du ingurumena eta ura izaten direla tentsioa eta borrokak eragiten dituzten faktore nagusiak. Fracking edo haustura hidraulikoa erabiliz gasa eta petrolioa erauzteko jarduerak ugaldu egin direnez, eta horiek ura kutsatu egiten dutela kontuan hartuta, Daniel Franksek uste du gatazka handiak izango direla hemendik aurrera. Presio ekonomikoa «Txosten ona da, baina ez du aipatzen kontu garrantzitsu bat: proiektuak lehenbailehen aurrera ateratzeko izaten diren presio ekonomiko zein politikoak», dio Jamie Kneen MiningWatch Canada gobernuz kanpoko erakundeko ekintzaileak. Akziodunek beren inbertsioek irabazi handiak ematea nahi dute, eta, gobernuek, zergak eta abantailak lehenbailehen iristea. Horren eraginez, konpainiek amore emateko interes gutxiago izaten dute, edo herritarrek onartzeko moduko alternatibak aurkitzeko ez dute nahikoa denbora hartzen, Kneenek Tierramericari esplikatu dionez. «Enpresek badakite arazoak izango direla. Normalean, gatazka ez dela handiegia izango egiten dute apustu, eta inbertsioa egin dutenei arrisku hori ezkutatzen saiatzen dira», erantsi du. Gainera, gatazka guztiak ez dira saihesteko modukoak. «Komunitate batzuek ez dute inoiz onartuko beren ura kutsa dezakeen inolako arriskurik».