28 JUN. 2014 «Poziktivity? Negartibity!» Galder Gonzalez Bai! Pozik egon behar dugu! Alai. Molatu egin behar dugu. Izan ere, 23 urte bete nituen arte mediku euskaldunik ez izatearen arazoa nire negatibitatea omen zen. Noski, karrera euskaraz egiterik ez izatea ere nire errua izan zen, ez nengoelako pozik, ez nuelako behar beste molatzen. Polizia kolonialek gazteleraz hitz egiten dute, gauzak ez dizkiegulako irribarre batekin esaten. Eta noski, euskara prestigiatu behar omen dugu; arazoa gurea da, euskaraz txorradak baino ez ditugulako esaten. Benga! Egin dezagun irribarre. Izan gaitezen poziktive. Baina ez zait irribarrea ateratzen: Uriarte sailburuak dio hemendik hiru urtera 16 urteko gaztetxo guztiek euskara jakingo dutela, baina horretarako ez dute A eta B eredua deuseztatuko. Jarraituko dute irakasle erdaldunak hezten unibertsitate publikoan. Jarraituko dute gaztelera gauza serioetarako erabiltzen eskoletan. Ez dute murgiltze eredurik jarriko, ez dute ezer ere egingo frakaso hutsa izan den ereduen politika albo batera uzteko. Benga! Egin dezagun irribarre. Bitartean Uriarte sailburuak eta Urkullu lehendakariak LOMCE legea aplikatuko dute, antza orain konturatu direlako derrigortuta daudela hori egitera. Berdin dio gehiengoak hala nahi ez izatea, aplikatuko dute eta guk irribarre egin eta polito hitz egingo diogu Werti. Noski! Arazoa ez da Zumaian pediatra erdaldun elebakarrak kontratatzea. Edo Hezkuntza Ordezkaritzako langile batzuek euskaraz ez jakitea. Arazoa gurea da. Poziktivity? Egoerak negargurea ematen du: negartivity! «Háblame con mayor educación, vasquito de mierda». •