05 JUL. 2014 Ausardiaz Naiara Garzia Munduaren sekularizazioaren aurrean duela bi mende izan ziren besoak gurutzatuta gelditu ez ziren pentsalariak eta idazleak, erlijioaren gainbeheraren aurrean beraien bizitzari zentzu bat bilatzeko borroka egin zutenak, beraien bizitzari eta ondorioz gizakiarenari. Mundua zerbait emana (amaitua) bezala onartu ez zutenak, eta are gutxiago fedea. Fichte, Schlegel, Herder, Novalis, Hölderlin, Goethe… idazle erromantiko alemaniarrek proposamen oso ezberdinak egin zituzten garai hartan, bidaia intelektual anitzetan murgilduz. Guztiek kritikatu zuten garaiko gizarte burgesaren utilitarismoa. «Askatasuna behar dugu helburu utilitarioen aurrean. Gizarte burgesa erabilgarria den horren agindupean dago guztiz», adierazi zuen Schillerrek orduan. Honen aurrean artearen independentzia aldarrikatu zuten, Safranski filosofo eta historialariak hauen inguruko liburuan (“Romantik. Eine deutsche Affäre”) azaltzen duen bezala: «Arteak erakusten digu bizitzako gauza garrantzitsu horiek, maitasunak, laguntasunak, erlijioak eta arteak berak, beraien burua soilik dutela helburu». Gai ugari jorratu zituzten garai hartan, konplexutasunez: jokoaren garrantzia (literatura eta artea joko bezala ulertuz), ironia erromantikoaren aldarrikapena, norberak norberaren izatean parte hartzearen beharra arimaren heriotzaren aurrean... Eta ausardiaz egin zuten bidaia intelektual hori, bi mende geroago guk ditugun galdera berberei erantzun bat bilatu nahian, bere buruari galderak egiten dizkion gizartea (gizabanakoa) bizirik dagoela erakutsiz. •