GAUR8 - mila leiho zabalik

Eman pausoa


Zerbait gustuko ez baduzu «#daelpaso» dio Kaiku Sin Lactosaren iragarki berriak. Iragarkian emakume langileak ageri dira pauso eta mugimendu arinaz bulegoan, kalean, igerilekuan, etxean haurrekin, supermerkatuan, arropa dendan, eta abar. Ama, lagun, langile eta maitale direla, garela dio iragarkiak. Mundua hozkada batez jateko desiraz, helburu dugun bakarra ongi sentitzea, aske sentitzea dela azpimarratuz. «#daelpaso» izanik gaur egungo emakume moderno eta todoterrenoentzako lema. Norbera, gutako bakoitza bereziak garela, gure denbora libreari zukua ateratzen asmatu eta leku denetara iristeko gai garela, ez dugula lan berbera egiteagatik gutxiago kobratu behar edo klixeak ez ditugula maite. Horiek dira berdintasunaren izenean, eta kolore morez ageri den iruditegian erabiltzen dituzten mezuetako batzuk. Iragarkia ikusi eta amorrua sentitu dut. Amorruz sentitzen dut «berdintasunaren izenean» irudi konposizio horiek emakume moderno izatearen klixea, irudia eta izatea sortzen dituztela. Bat eta bakarra.

Eta emakumeok ez gara bat eta bakarrak, unibertsalak, homogeneoak. Publizitate enpresak ere badabiltza jendartean eman diren aldaketei egokituz, beraien salmenta interesen arabera, hasiera batean ideologia patriarkalarentzat eraso bat suposatu zuen emakume modernoaren eta askearen figura estereotipatzen. Emakumeak amak, gazteak, bulegoko idazkari langileak, kontsumistak, gure itxura fisikoagatik arduratuak, kirolariak, mendebaldeko herritarrak besterik ez al gara? Emakume askeak todoterrenoak ez bagara ez al dago aske izaterik?

Ba bai! Oraingoan ere ziria sartu nahi digute! Sinetsarazi aske garela jarrera eta bizi proiektu zehatz batzuk aurrera badaramatzagu. Gu, emakumeok, subjektibotasunean gara aske: lodi, argal, beltz, txuri, gazte, zahar, lesbiana, ama bakar, ama izan nahi ez dugunak, transak, eta abar. Pausoa ematea, aske eta arin sentitzea norberaren nahi eta desirei kasu eginez, ezartzen dizkiguten pauso arautu eta inposatuei iskin egitea dela pentsatzen dut. «#daelpaso» garenari, naizenari; eta nik paso egingo dut Kaiku Sin Lactosaz. •