25 ABR. 2015 1 + 1 = ? Gorka Elejabarrieta 1990. urtean irabazi zituen lehenengoz Montevideoko udal hauteskundeak Frente Amplioak (FA). Tabaré Vazquez izan zen FA-ren orduko hautagaia, gerora, eta egun berriz ere, Uruguaiko presidente bihurtu zena eta dena. Geroztik Montevideon ospatu diren hauteskunde guztiak irabazi ditu Fronteak. Maiatzaren 10ean hauteskunde departamental eta munizipalak daude Uruguain eta, inkesta guztiak diotenari kasu eginez gero, FAk berriz eta erraz irabaziko ditu Montevideoko hauteskundeak. Hala ere, Montevideoko “intendente” nor izango den ez dago oraindik batere argi. Uruguaiko hauteskunde legeak fronte bakoitzaren baitan zerrenda eta hautagai ezberdinak egotea baimentzen du; bozka guztiak fronte horrek eskuratzen ditu eta ondoren frontearen baitan bozka gehien lortzen dituen zerrenda garaile suertatzen da. Ez da beti gertatzen, baina askotan Frente Amplioak hautagai bakarra, zerrenda bakarra eta bateratua aurkeztu izan du. Oraingoan baina, ez da horrela gertatu eta FA-ren baitan hiru hautagai eta hiru zerrenda ezberdin aurkeztu dira. Lucia Topolansky militante historikoa, Movimiento de Participación Popular alderdiko hautagaia; Daniel Martinez, Alderdi Sozialistakoa; eta Virginia Cardozo, Partido por la Victoria del Pueblo alderdikoa. Hiruak dira FAren hautagai, baina bakoitzak zerrenda eta programa propioak ditu, eta bata bestearekin, baina bata bestearen kontra lehiatzen dira. Oposizioan dauden eta haien artean arerio diren Partido Colorado eta Partido Nacional alderdiak elkarrekin doaz Montevideoko hauteskundeetara, Partido de la Concertacion izenarekin, eta, FAren kasuan bezala, hiru hautagairekin eta zerrenda ezberdinekin. Hori denez alegia, elkarrekin joatea, FAren hegemonia kolokan jartzeko aukera bakarra. Hala ere, ez dute maiatzeko hauteskundeetan lortuko, esan bezala, FAren garaipena nahiko ziurtatua baitago. Gaurkoan, gai honen inguruan idatzi nahi nuen, nire ustez, Frente Amplioaren arrakastaren arrazoietako bat haien eguneroko jardunaren dikotomia hortan baitago. Batera, baina baita ere bata bestearen kontra, edo hobe esanda, batera, baina nork berearen alde eginez etengabe. Frente Amplioa, baina kide diren alderdiek beren agendak, helburuak defendatuz, bultzatuz, eta jardun askotan dikotomiko hori errespetatuz, eta, nire ustez, zenbait kasutan, bultzatuz ere bai. Hala Frente Amplioak, nola alderdiek. Frente Amplioaren estatutuetan, egun, 27 sektore politiko (alderdi) nazional ageri dira kideen artean. Departamentu mailan, kopuru hori handiagoa da. 27 sektore horien artean, Alderdi Komunista, Alderdi Sozialista, Alderdi Kristau Demokrata edota Movimiento de Participacion Popular daude, besteak beste. Elkarrekin, baina izaera eta helburu ezberdinekin. Fronte bezala jarduten dira eremu guztietan, baina baita alderdi bezala ere, alderdi izaerari eutsi, eta alderdiak jarduera propioa baitauka. Montevideoko hauteskundeen adibidearekin jarraituz, Frenteak irabazi, eta Montevideo gobernatuko du, baina jardun hori, politika hori ezberdina izango da, Luciak irabazi edo Danielek irabazi (bi hauen artean dago lehia nagusia). Jardun bikoitz horrek barne tentsioa eta lehia eragiten ditu, baina naturaltzat hartzen da, errespetatu egiten da. Ezberdinen arteko batuketa da Frentea, eta ezberdin horiek, urteak joan urteak etorri, haien artean ezberdin izaten jarraitzen dute. Baina ezberdintasun horiek guztiak, alderdi horien jardunak, Frentearen homogenizazioa ekidin eta zabaltasuna bultzatzen du etengabe. Sektore politikoen kopurua, Frenteak iraun dituen 44 urte hauetan, handitu egin da etenik gabe, txikitu beharrean. Alderdi bakoitzak berea egiten jarraitzeak, bere familia politikoa mantentzendu du, eta momentu bakoitzean alderdiak lortzen duen kopuru handiago edo txikiago hori Frenteari (osotasunari) egiten dion ekarpena da. 1+ 1 berdin 2 dio matematikak, baina politikaren kasuan 1 + 1 horrek, kudeatzen den eraren arabera, emaitza oso desberdinak eman ditzake. Frente Amplioaren jardun mota horrek 1 + 1 = 3 izatea ahalbidetzen du, alderdi bakoitzak lortzen duena jartzen duelako taldearen mesedetan eta taldeak, bere osotasunean, alderdi bakar batekin identifikatzen ez den jendea erakartzea lortzen duelako. • Uruguaiko Frente Amplioaren baitan 27 sektore politiko daude: Alderdi Komunista, Alderdi Sozialista, Alderdi Kristau Demokrata edota Movimiento de Participacion Popular. Elkarrekin, baina izaera eta helburu ezberdinekin