30 MAY. 2015 Etxebizitza… eta lurzorua Unai Fernandez de Betoño Arkitektoa Zenbait kontu arkitektoniko eta urbanistiko interesgarri bizi izan ditugu Hego Euskal Herrian, iragan berri den udal eta foru hauteskundeetako kanpainan: Bilboko EH Bilduren proiektu eta infografia dotoreak, Donostiako EAJren alkategai Eneko Goiaren propaganda-liburu ederra, UPNren larrialdia Baztango Aroztegia Plan Sektoriala korrika eta presaka aprobatuta uzteko, Gasteizko gazteriaren duintasuna eta irudimena kriminalizazio politikoa espazio publikoan ere salatzeko… Autokonplazientziazko ohiko mitinez haragoko hirigintza-hitzaldi bat ere nabarmen daiteke: Gasteizko Zuberoa plazan EH Bilduk antolatu zuena, zeinetan Felix Gonzalez San Vicente eta Marian Beitialarrangoitia luze eta zabal aritu baitziren bizitegien afera korapilotsuari buruz, etxebizitzaren lege proposamenaren karira. Felixek Gasteizko azken urteotako hirigintza inbaditzaile eta espekulatiboari erraiak atera zizkion, EH Bilduren militanteek puntuz puntu osatutako programa urbanistikoa azalduz. Bi asmo nagusi xehatu zituen: oraindik urbanizatu ez diren sektore urbanizagarrien desklasifikazioa (bost sektoretan banatutako 4.356 etxebizitzari buruz hitz egiten ari gara, alajaina!), eta alokairu sozialeko etxebizitza-parke publiko baten osaera. Azken hori lortzeko bide interesgarri bat proposatu zuen: adin nagusiko pertsonei zuzkidura-etxe egokituak eskaintzea, haien jabegoko pisu zaharrak gazteentzako alokairu sarean jartzearen truke. Mekanismo horren gakoetako bat zuzkidura-etxeen kokapenean legoke: adineko pertsonak auzoan bertan gelditzea litzateke ideia, haien ohiko ingurunetik irisgarritasun –eta autonomia– arazoengatik derrigorrean ihes egin behar ez izateko, askotan gertatu bezala. Marianek Eusko Legebiltzarrean maiatzean bertan bukatu berri den etxebizitzaren lege proposamenaren batzorde txostengilearen berri eman zuen. Lege proposamen perfektua izan ez arren, aurrerapauso sozial handia ekar dezake espekulazioak itotako etxegintzaren sektore ekonomiko garrantzitsura. Eskubide-izaeraren aplikazioari, alokairu publikoaren aldeko apustuari eta etxe hutsen arazoari aurre egiten saiatuko da legea, eta, hortaz, ulertzekoa da EAJ eta PP neokontserbadoreak alde batera gelditu izana. Beno, egia esan, ez dira bazterrean guztiz gelditu, Erkoreka apokaliptikoari entzun egin behar izan baitiogu legeak mundu mailako dei-efektua sortuko duela! Horregatik, ezkerrera okertu den balantza berriro ere eskuinera orekatzen saiatuko dira EAJ eta PP, etxebizitzaren formulan funtsezkoa den beste aldagai bat gehiago liberalizatzen: lurzorua. Think tank guztiak dagoeneko martxan jarri baitituzte 2006ko Madrazoren lurzoru legetik babes publikoko etxebizitzetarako erreserba-kopuru minimoak jaitsi edo are kentzeko. Argi, beraz: arazoa ez da soilik konponduko Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean eraginez; Ingurumen eta Lurralde Politika Saila ere kontuan hartu beharko da. Clinton parafraseatuz: «lurzorua da, ergela!». •