13 JUN. 2015 Hiriak Ander Gortazar Balderdi Arkitektoa Ez dut uste «hiria» kontzeptuaren definizio adosturik existitzen denik. Brotxa lodiz, esango dut hiri bat pertsonen asentamendu handi eta egonkor bat dela, eta pertsonak tartean diren heinean, hiria gatazkak etengabe sortu, kudeatu eta konpontzen diren eremua ere badela. Maiz, baina, joera bat gailentzen da non hiria hiritarrengandik abstraitu edo bereizi egiten den, eta non politikariak gauza xelebreak esatera irits daitezkeen, kasu, «ez dezagun denbora gehiago galdu politika egiten, egin dezagun Hiria» –letra larria nirea da–. Ona da Hiriarentzat. Hiri-Proiektua. Hiria Egin. Dialektika ariketa honen bidez, “Hiriarentzat Ona Dena” balekoa izan daiteke hiritar arruntarentzat, oharkabean pasa erabat, ala desastre bat. Azken finean, Hiria hiritarren gainetik dagoen izate bat da –pentsatuko dute–, Hiria hiritarrak baino luzaroagoan existitzen baita, eta, sorpresarik ezean, hiritarrok baino luzeago biziko da. Zuhaitzak ikusteari utzi eta basoa ikusten dute, zuhaitzak desagertzeraino. Hiri Burua. Green Hiriburua; urdina, urdin iluna, kasik beltza. Ala hiri anitza, hiri bizia. Kulturaren Hiriburua –orain, %10 kultura gehiagorekin–. Diseinuaren, kirolaren, bideo jokoaren, basoen, zer edo zeren Hiriburua. Gipuzkoa Hiria, Euskal (Euro) Hiria. Hirien hiria, Eskualde-hiria, Estatu-hiria. Izan nahi duen (baina ez den) hiria. Hiru Hiriak, Hiri Buruzagia; hiri debekatua eta bidaia txartel bat. Etxe orratzen, motorraren, haizearen hiriak; jokoaren, bekatuaren, bertan gertatutakoa bertan geratzen den hiria. Argiaren eta amodioaren hiria eta suzedaneoak: Ekialdeko argiaren eta amodioaren hiriak (20); Mendebaldeko argiaren eta amodioaren hiriak (6). Kanalen hiria eta suzedaneoak: iparraldeko (10), ekialdeko (17) kanalen hiriak. Baina izaera bat aldarrikatzea ez da nahikoa, eta hiriekin ere pertsonekin bezala gertatzen da, ez dela gauza bera nor nahi duzun izan, nor zarela uste duzun, eta egiatan nor zaren. Adituek, hareharrizko monumentuetan euren izena eta zuhaitzetan euren maitasuna zizelkatzen dituztenen antzera, Hiriak asmatu, sortu eta definitzen dituzte. Hiri utopikoak asmatu, pragmatikoagoak sortu, existitzen direnak definitu. Eta esleituko dizkiete hainbat izen, izena duen oro existitzen dela uste dutelako seguruenik. Metropolia, metapolia, megapolia, antipolia, anthropolia, christianopolia, intrapolia. Post-it hiria, aldizkako hiria. Instant, berehalako hiria. Plug-in hiria, Collage hiria, Performance hiria. Hostopil Hiria, Pizza Hiria –eta zin dagit azken hauek ez ditudala nik asmatu–. Hiri difusoa, hiri dispertsoa, lurralde mosaiko-hiria. Lorategi hiria. Hiri lineala, Hiri modernoa, Radieuse, distiratsua. Hiri postmodernoa, garaikidea, globala. Olio-orbana den hiria. Hiri sozialista, neoliberala, suprematista, metabolista. Hiri inklusiboa. Hiri esklusiboa. Eko-hiria, jasangarria, erresilientea. Smart Hiria. Hiri digitala, birtuala, Sim Hiria. Izan zen (eta jada ez den) hiria, agindutako hiria, izatera deitua zegoena, uzkurtu egiten dena. Utopia errealitate goiztiar bat baino ez dela zioen Alphonse de Lamartinek, eta gauza bera esan liteke distopiaz. Ez-hiria, zuhaitzik gabeko basoa. •