GAUR8 - mila leiho zabalik

Galdu ditugun gauzen artean


San Joan eguna jaiotzeko data polita da. Naturari apenas erreparatu gabe bizi garen garai hauetan, suaren gainetik salto egitea da tinko mantentzen den ohitura bakarrenetarikoa. Neurri batean naturarekin bat egiten dugun egun honetan, ordea, lehenago gure ahaideek zituzten hainbat ohitura galdu egin ditugu: ez ditugu dagoeneko belarrak jasotzen, urtean zehar ekaitza dagoenean gure etxea babestu dezaten. Antza denez, XXI. mendean ekaitzek ez digute beldurrik ematen. Beste batzuek ez garela hain superstiziosoak esango dute, eta beste zenbaitek gure arbasoek naturarekin zuten harremana galdu dugula eta bidean beste gauza asko ere galdu ditugula.

Gure aitona-amonentzat ekinozioak beti izan ziren garrantzitsuak. Ekinozioak eta hauen esanahia. Eta naturarekin zuten harremana. Neguko ekinozioan, esaterako, mihura jasotzen zuten eta honek zorte txarretik babesten gintuen, istripu txikietatik. Gauza txiki hauek dira gure arbasoen erlijiotik gustatzen zaizkidanak, natura bera aintzat hartzea, bere erritmoekin. Alderdi honetan umezurtz xamar gaudela esango nuke.

Galdu ditugun gauzen arten, lasaitasuna da horietako bat ezbairik gabe. Virginia Woolf (1882-1941) idazleak bere saiakera batean esandakoa aipatuko dut buruz: bere garaian gizartea aldatzen ari zela esan zuen eta gizakiak jada ez zuela lehen bezain lasai lo egiten. Lehenago ukuiluan lehortzen ari zen belarrez betetako saski batek bezala egiten zuela lo. Eta orain, ia mende bat beranduago, nola egiten dugu lo? •