04 JUL. 2015 Saltoa eta parabola Gaizka Amondarain Irakaslea Pitagorasen arabera zoriontasuna horixe da, amaiera hasierarekin lotzen jakitea. Soka bat bestearekin korapilatzen asmatu, izara punta bat beste izara punta batekin elkartu, eta gero, salto. Bukatu da ikasturtea. Ez dakit egin beharrekoak eginda goazen, asko eta handiak baitziren denboraldiari jarritako helburuak, baina orain berandu da egin gabekoengatik damutzen hasteko. Lorpen neurgarriak behar genituen, argi geneukan hasieratik, kurtsoa behar bezala ebaluatu eta irailerako neurri zuzentzaileak ezartzeko. Ohikoetan asmatu ez duguna ez-ohikoetan gainditu dugu kasu batzuetan. Alferkeriak jota ibili gara denboraldi batez eta horrek ondorioak izan ditu gero. Azken txanpan azeleragailuari zapalduz saiatu gara ordura arte egin gabekoak gauzatzen. Egin duguna beti ez da izan egin behar genuena. Espero genuena ere, ez da askotan espero genuen bezala gertatu. Ondokoari kopiatzen saiatu gara behin baino gehiagotan, eta beti ez da azterketa aprobatzeko nahikoa izan –nori kopiatu ondo hautatzea ere inportantea da–. Gure esku dagoenarekin konformatu behar izan dugu zenbait ikasgaitan. Gure esku ez zegoena, momentuz, ez dago gure esku. Gertuago behar zutenak urruti dauzkate oraindik. Urruti zeudenak hurbilago daude akaso. Parabolaren zein puntutan gauden zehaztea zaila egiten zaigu uretan islatzen den eguzki honekin eta hala ere, salto bat aurrerago gaude gaur, atzoko aldean. Kurtsoa errepikatu behar duen ikasleari zergatik errepikatu behar duen esplikatzea lan gaitza izaten da gehienetan. Normalean ez dute ulertzen, edo ez dute ulertu nahi. Egiteko negar lasai esaten diet nik, ona dela begientzat. Udan lan egin beharko dutela baina ez dela munduaren amaiera. Metafora bidez ere azaldu ahalko nieke: «Kloroak, urpean orduak eman ondoren begiak gorritu arren, ez du ikusmenean inongo eraginik. Emaitzak hor daude, eta errealitatea den bezalakoa da». Igerilekura, dena dela, betaurrekoak jantzita sartzea gomendatzen digute sorosleek bozgorailuetatik sasoi honetan. Burua urpetik berriro kanpora ateratzean ez gaitezen kolpetik itsutu, seguruenik. Normala ikasleek gero ezer ez ulertzea. Nola ez dute ba igerilekua nahiago izango, uda ikasten pasatzea baino? Alferrik saiatuko gara egia esplikatzen, uda denok potrojorran pasa nahi dugula badakigunean. Gauza batzuk, ordea, eztabaidaezinak dira. Maroto ez da gehiago hiri honetako alkate izango, adosatu bat bilatu diote Madrileko lagunek supituki. Gaizka Garitanok bere kargua utzi behar izan du denboraldi bukaeran helburua kostata eta txiripaz bete arren, Martin Garitanok ere bai. Azkenekoa kazetaritza mundura bueltatuko da, bestea ez dakigu Lutxo Egiaren doblea izateko entrenatzen ari ote den. Goenkale ere finitu da azkenean. Txiribiton ez da hitz egiten hasi oraindik, ai baina hitz egiten hasiko balitz… Barcinatoak eman ditu eman beharrekoak –adosatuak momentuz itxaron egin beharko du kasu honetan–. Sabin etxeak bunker iraganezina izaten jarraitzen du. Africa Baetak ez du teleberria utzi ‘Sexta’-ra joateko. Arnaldo Otegi lehendakarigai aurkeztu ahal izango omen da hurrengo hauteskundeetan. Atheltic hasi da ekipo berria osatzen, bizkaitarrek bizkaitar izateko arrazoiren bat edukitzen jarrai dezaten bederen. Uda berotik hasi da eta ez dugu sasi guztiak sutan erretzerik lortu, bageneukan nahikoa plastikozko zabor-poltsa urdin horiekin guztiekin San Juan bezperarako. Aldaketak denbora behar du, aldaketak denboran irautea nahi bada. Atzo baino zoriontsuago izan nahi dugu, atzo baino libreago ez garela badakigulako. Batzuetan ez dakit saltoan marraztutako parabolari begira ari garen edo ur azalean sortutako uhinei erreparatzen diegun gehiago. Urik ez duen igerilekuan igeri ari garela imajinatzea kezkagarriagoa litzateke, dena den. Zoriontasuna hasiera amaierarekin lotzen jakitea bezain gauza sinplea denean, gainera. Ea nork esplikatzen dien kurtsoa errepikatu behar duen ikasleen gurasoei hau dena orain. •