01 AGO. 2015 «Clash eta Pistols» Gaizka Amondarain Irakaslea Eguneko unerik hotzena eguzkia zerumugan agertzen hasten den hori omen da. Arraroa badirudi ere, horrela da. Gaua tragotan gehiegi luzatu zaion edonork daki hori, ordurako zer edo zertaz jabetzeko gaitasuna guztiz galdu ez badu behintzat. Horrela sortzen da jertsea gerribueltan lotuta eramateko ohitura sanoa gurean. Eta ez nuke mistikoegi jarri nahi, baina, badu eragin berezi bat egunsentiak, eguneko ordurik hotzena izateaz gain, lurrazalean bizi garenongan, hitzez esplikatzea erreza ez dena. Eguzkiak esnatzeko behar dituen minutu horietan geu ere berpiztu egiten garelako zelanbait, geure buruaren kontzientzia berrartzen dugu, baldekada ur hotz, sikiera, egunean behin burutik behera bota beharrekoa. Hemen bagaude, hemen egon nahi dugulako da. Haitin, adibidez, ez dute gerribueltan jertserik lotuta eramaten, eta egun argiz ezin da ipuinik kontatu. Egun argiz kontatzen duenak zoritxarra merezi du. Eduardo Galeanoren “Hitz ibiltariak” liburuko pasarte batean dator idatzita. Ipuinak gauez kontatzen dira han, gauez sakratu dena bizi baita, eta kontatzen dakienak badaki izenak izendatzen duen gauza hori bera dela izena, eta hori jakinda kontatzen du. Eguna lo pasatzearen aldeko apologia hutsa. Gauez idazten duenak bere burua zuritzeko darabilen aitzakia merkea. Bietako bat, edo biak. Ni ez naiz egundo Haitin egon baina esango nuke udan, logurarekin batera, nire orientatzeko senak ere behera egiten duela nabarmen. Batez ere, leku batera gauez ailegatu banaiz eta egunez egiten badut alde. Goizean ez nuke autobusa zein aldetan hartu behar dudan asmatzen jakingo. Urteekin gero eta autobus gutxiago hartzen dudalako izan daiteke. Zementuzkoagoa izango naiz orain, akaso, lehen baino. Bidaiatu izan dudanetan, gainera, non nagoen jakiteaz kezkatu izan naiz beti, terrazan mapari begira entretenitzen den horietakoa naiz. Denborarekin, non nagoen zehatz-mehatz jakiteko obsesio horrek behera egin du apur bat. Hanka zabalik eserita, hondartza baten parean, zerura begira lasai asko orduak ematen ere ikasi dut. Mendian bazaude eta ekaitza sartu bada, ez. Kasu horretan, antza denez, hankak elkartu eta makurtzea da egin dezakezun onena. Telebistan kontatu dute, egunez, udan, inongo erreparorik gabe. Tximista batek joz gero, gorputza alderik alde zeharkatuko dizu bestela, eta bertan gera zaitezke frijituta, Oiartzungo beste lau behi haiek bezala. Horrelakoetan, dena den, zortea inportanteagoa izaten da orientatzeko sena baino. Zaila da erreferentzia puntu baten faltan non gauden jakitea, aitortu beharra dago. Gauzak asko aldatzen dira gauetik egunera hemen. Abiadura biziko garaiak dira eta tximista batek jota bertan seko geratzeko arriskua inoiz baino handiagoa da. Oinak lurrean mantentzen ditugu gutxienez, urteak daramatzagu esna eta ametsetan. “Clash eta Pistols”, eta arratsalde euritsuak kamaleoientzat. Itoizen kantu bat ixtear den azken txosnan, borrokaldia eta pistolak, kontzientziaren berrartzea, lainorik gabeko zeru bat, gorputzei darien lurruna. Kantuaren zera ezkutuko hori, ipuinak gauerako direla dioten Haitiko kontalari horiek, iraganekoa dirudien eguzkia gero eta eguzkiago, frontoiaren atzealdetik inongo lotsarik gabe bere burua erakusten, jendea hegalak astintzen ari den bitartean euri tantak gordetzeaz nazkatutako kalean. Hiri triste bat “After eta Post”, “Psicosis Colectiva”, porlan fabrika horitua autobidearen bestaldean, txantxangorria, eguneko unerik hotzenean, hegalak astintzen. Hemen jarraitzen badugu, hemen jarraitu nahi dugulako da. Gaua egunarekin lotzen duen «Hari xingle bat» da aldean daramagun guztia eta hegalak astintzea da hegan egin dezakegula sinesteko egiten dugun gauzarik zintzoena, osterantzean nahiko aurreikusterrazak gara. Elkartzeak hotzetik babesten gaitu, behar dugulako egiten dugu, gaua egunsentira arte luzatzea bezala. Bizirik jarraitzen dugula ziurtatzeko gure erritual gogokoena da. Eta bai, bizirik jarraitzen dugu momentuz. Espaloian eseri gara autobusaren zain. Eguzki apur bat da behar genuen bakarra, hegalak apur bat astintzeko. •