GAUR8 - mila leiho zabalik

Titular batek ez dioena


Iragan astean kolono israeldarrek 18 hilabeteko haur bat erail zuten, bizirik kiskalita, Zisjordaniako Duma herrian. Connecticuteko eskola batean edota Parisko egunkari batean hildakoek bezala, jaio berri palestinarrak ere izena zeukan: Ali Dawabsha; eta gurasoak, eta anaia. Horiek ere, larri zauritu zituzten israeldarrek oldarraldi ankerrean. Erasotzaileak, berriz, eragozpen handirik gabe itzuli ziren euren ondoko bizilekura, Maale Efraim koloniara, atzean, biktimen etxeko paretetan, lelo mesianiko bat idatzirik utzita: “Bizitza luzea Mesia Erregeari”.

Gertakariaren ostean Benjamin Netanyahuk berak gaitzetsi egin du ekintza terrorista, horrela, modu generikoan, miss lehiaketetako hautagaiek munduan bakea desiratzen duten bezala, erailketan duen erantzukizuna zurituko duelakoan. Aliren hiltzaileak Israelgo Administrazioak sustatutako eta sustengatutako kolonia bateko biztanleak dira, Zisjordaniako kolonizazio estrategiaren abangoardia.

Hobari fiskal oparoak dituzte Israelgo Estatuaren partetik, okupazioaren lehenengo lerroan izateagatik; babes militarra eta armak nahierara erabiltzeko baimena; bestelako israeldarrek baino hamar aldiz gutxiago ordaintzen dute uraren fakturagatik; azpiegiturak eta errepide sare pribatua dute Estatuaren kontura... ez dira terrorista zoro bakartiak, Tel Aviveko bulego batean diseinatutako bide orri bat gauzatzearen arduradunak baizik. Eta terroristak badira, elikatzen dituen Estatua bera terrorista delako da.

Horregatik guztiagatik da bereziki gaitzesgarria “El Pais” egunkariak albisteari eskainitako titular epela: «Ume palestinar bat hil da eraso batean». Haur palestinarrak ez dira berez hiltzen, erail egiten dituzte; eta hilketaren erantzulea ez da “eraso bat”, baizik eta eraso hori burutu duten kolonoak eta kolonizazio estrategia diseinatu eta sustatu duten arduradun politikoak. Titularrak asko uzten du esateke... eta dena esaten du. •