GAUR8 - mila leiho zabalik

Amaierako oharra


Denbora gutxi geratzen zaio agintean Espainiako PPri 2015eko bukaerako hauteskunde orokorrak baino lehen. Lau hilabete, gehienez, etxeko lanak txukun eginda uzteko. Amaierako oharra egiteko. Horregatik, gauzak ederki errematatuta lagatzeko lege ekimen berriak ikusten ari gara azken asteotan. “Mozal Legea” izan da deigarrienetako bat; espazio publikoa, guztiona omen dena, modu aski zapaltzailean arautu duena. Eta, azkena, kasualitatez uda honen atarian onetsi dena, Mendien Lege berritua.

Bertan, 2013ko Kosta Legearen aldaketan erakutsitako jarrera garapenzalean oraindik gehiago sakondu dute neoliberalek, UPyD eta UPNren aldeko bozekin, eta PSOEren abstentzio koldarrarekin. Haien guztien logika kapitalistari jarraikiz, ingurumena babesten duen arkitektura juridiko oro desarautu beharra dago, ekonomia berpizteko aitzakia sakrosantua dela medio. Ekologiaren kalamatrika aspergarria polita baita soilik turistak (turisten dibisak) erakartzeko amarru eraginkorra den bitartean; baina ez dira lirikarako garai onak, eta, etekinak epe ahalik eta laburrenean lortu nahi direnez gero, hobe ez nahastea ingurumenaren kontua eztabaida ekonomikoan. Europako hazkunde tasarik handienari eutsi behar zaio (dagoeneko urte arteko % 3 gainditu du Espainiak), kosta ahala kosta.

«Espainia Marka» ez baitu soilik osatzen euskaldunok aski ongi ezagutzen dugun linguizidio etengabeak. Badirudi ekozidioa ere espainiar DNAren parte dela. Bestela, nola ulertu halako atzerakada eman izana Mendien Legearekin? Zeren eta, amaierako ohar bat izan arren, 50. artikuluari gehitu zaion esaldiak ateak irekitzen dizkie asmo urbanistikoekin eragindako sute “nahigabekoei”: erretako basoak ezin dira 30 urtez erabileraz aldatu (muga hori PSOEko Cristina Narbonak egokiro sartu zuen 2006an), «interes publikoko premiazko arrazoirik egon ezik». Amaierako ohar hori izan da PPren ekarpen bikaina. Zer izan interes publikoko premiazko arrazoi, hor dago koska. Ia edozein gauza, ongi argudiatuz gero: industrialdeak, etxebizitzak, bulegoak… Horien guztien eraikuntzak barne produktu gordina handitu baitezakete. Baita sustatzaileen poltsikoak ere, bide batez.

Ez da huskeria, Espainia beti dagoelako Europako suteen urteroko sailkapenetako buruan, Portugalekin batera. WWF Naturarentzako Mundu Funtsaren arabera, gainera, Espainian urtero jazotzen diren 14.500 suteetatik %55 nahita eragiten dira, eta, %23, arduragabeki. Eta aurrekari piromano-urbanistikoak ez dira lasai egoteko modukoak. Benidormeko Terra Mítica parke tematikoa nola eraiki zen gogoraraz daiteke, esaterako, 1992an baso babestu batek jazotako sute handi eta susmagarri baten ondorioz, artean Eduardo Zaplana alkate zela. 1995ean, jada Valentziako Generalitateko presidente zela, parkea, bi golf-zelai eta zenbait hotel eta apartamentu turistiko ere barne hartzen zituen proiektu handinahia interes orokorreko izendatu zuen Zaplanak. Baita azkar eraiki ere.

PPren amaierako oharrari esker baso gehiago ikus ditzakegu sutan. •