22 AGO. 2015 Zaharrak berri Xabier Mikel Errekondo Podemos alderdia sortu aurretik jada Kongresuan alkandora hutsean ibiltzeagatik kargu hartu zidaten. Hura ez zela etxe handirako itxura. Parlamentarien lanaren duintasuna urratzen omen nuen. Eutsi ezin eta, bat-batean, erantzuna atera zitzaidan ezpain ertzetik. Alkandora erantsiz gero egokiago egongo ote nintzen galdetu nion, alboan nuen letratuaren irribarre eutsitakoaren testigantzapean. PPko atso enperifollatuetariko bat zen, zaharra bezain zaharkitua. Ez zuen ez orduan atsoak irudikatuko agindu duintasun goreneko Estatuko Gorteetan gaur horrenbeste parlamentari ikusiko zituenik alkandora hutsean… Jakina da politikagintzan entzulearen iritzian itxurak %80 eragiten duela, eta, mezuak, aldiz, %20 baino ez. Modan dago mangak jasota alkandora hutsean joatea. Modan daude egungo egoera larria irauli eta aldatzeko ahalmena beren buruari soilik aitortzen dieten alderdi berriak. Berriak zaharren ordez, diotenez. Horrela esanda, ardoarekin ezik, ados egon ninteke. Zaharra ez da halabeharrez zaharkitua, iraultzailea ere izan daiteke. Berria ere ez da zertan berritzaile. VOX, UPyD eta C’s alderdiek aldaketarako ezer berririk eskaintzen ote dute ba? Aitzitik, atzera egitea dute xede; 78ra gutxienez. Alderdi berri xamarrak izanagatik, zaharkituta jaio dira. Berrietan berriena, Podemos, aldaketaren berme bakarra omen. Baina, beraien proposamen aurrerakoienak dagoeneko Euskal Herrian habian dira edo alderdi hainbatek hamarkadak daramatzate aldarrikatzen. Gobernua bereganatzeko lehian, modan dagoen alkandora hutsean janzten dira. Baina itxura ez da dena. Dagoeneko “kasta” arbuiatzetik neurri aurrerakoienetan atzera egitera igaro dira, alderdi zaharkituen antzera. Zer du ba Uriarte jaunak berritzailetik? Berriak bai, baina dagoeneko zaharkituak. Izan ere, egun ekoizten diren gailu berrien iraungitze data hain da laburra… Eta, hala ere, asko eta asko Media Markt-era joango da. Zaharrak berri. •