12 SET. 2015 KLIMA ALDAKETA Etorkizuna aurreikusi nahian, inoizko akordio garrantzitsuenaren atarian Askatu gabeko korapilo asko daude urte amaieran egingo den Klima Aldaketari Buruzko Goi Bileran akordio sendoa lortzeko. Adostasun bakarra neurriak hartzeko premia da, gainerakoan ondorioak larriak izango direlako. 2030. urtean kokatuta, tenperaturak igotzen jarraituz gero, kalteek adinak, bizilekuak eta ogibideak baldintzatuko dituzte. GAUR8 Pasa den ostiralean amaitu zen bost egunez Bonnen klima aldaketaren inguruan egin den negoziazio bilera. Helburua abenduan Parisen egingo den Goi Bileraren prestaketa lanak aurreratzea zen. Urte amaierako hitzorduaren garrantzia itzela da. Bertan adostu beharko dira 2020. urtetik aurrera munduko estatuek hartuko dituzten neurriak berotze globala bi gradutik gora igo ez dadin. Bide horretan, munduko herrialdeak beren planak aurkezten ari dira helburu horiek erdiesteko, baina erritmoa ez da behar bezain azkarra. Udaberrian jarria zuten ekintza zehatzak biltzen dituen dokumentua aurkezteko epea eta Bonneko bileraren atarian 59 estatuk egin zuten soilik. Ausardia handiagoz jarduteko beharra nabarmendu dute, orain arte aurkeztutako planak, gutxi izateaz gain, eskasak agertu direlako. Hala adierazi du Climate Action Tracker erakundeak. Aditzera eman duenez, orain artean aurkeztutako planak kontuan hartzen badira, industrializazio aurreko garaitik Lurra 2100. urterako 2,9 eta 3,1 gradu artean berotuko da, igoera «jasanezina» aditu zenbaiten iritziz. Parisi begira 2 graduko muga hori ez gainditzeko akordio sendoa sinatzea da xedea, baina goi bilerari leku egingo dion Estatu frantseseko presidente Francois Hollandek ohartarazi du jada porrot egiteko arriskua dagoela. «Asmo onak badaude, baina oraindik ere legalki loteslea den akordiotik eta horretarako behar den finantzaziotik urrun gaude», adierazi du aste honetan. Akordioa lortzeko, erantzukizunen inguruan edota finantziazioaren gainean dauden korapiloak askatu beharko dira, besteak beste. Adostasun bakarra dago orain artean, klima aldaketaren inguruko adostasun sendoa ezin dela gehiago atzeratu. Horretan guztiek egiten dute bat. Kontuak horren estu dauden honetan eta azken egunotan egin diren negoziazio saialdien inguruan Marlowe Hood kazetariak argigarria den ariketa egin du France Press agentziarentzat. Agertoki desberdinak Dagoeneko hasi dira klima aldaketaren lehen zantzuak hartzen makina bat eremutan, baina tenperaturak goraka hartu duen bideak jarraitzen badu, nola eragingo die honek herritarrei? 2030ean kokatu da kazetaria eta lanbide, adin eta bizileku desberdinak dituzten pertsonen lekuan jarri. Bere uzta produktu organikoen handizkari bati saltzen dion Nikaraguako kafe ekoizlearen lekuan jarri da. Munduko eskariak nabarmen egin du gora, prezioak hirukoiztu egin dira 2015etik, baina negozioa ez doa ondo. Tenperatura altuek produkzioan eragina izan dute, nahiz eta lehen zituen lurrak saldu eta tenperatura baxuagoak bermatzen dituen lur garaiago batzuk erosi behar izan dituen. Bere lanaren errentagarritasuna murriztu egin da nabarmen, bere hazien kalitatea ere bai. Floridan kokatutako ondasunetan espezialista den 39 urteko abokatu aberatsa ere irudikatu du. Bizitza ederra da beretzat, nahiz eta orain hiru urte “Hillary” urakanak bere etxea birrindu zuen. Itsasoaren maila 14 zentimetro igo da azken 15 urteetan eta “Hillary” urakanak 500.000 milioiko kalteak eragin ditu. Uholdeetarako aseguru federalak itsasotik metro batera kokatutako jabetzak kanpo utzi dituenez, bezero gehiegi ditu abokatuak. Horiek aseguru konpainia pribatuei kalteordainak eskatzen dizkiete. Horiek ez ordaintzeko aseguru-etxeek behea jota daudela diote. Bezeroek aseguratutako dolar bakoitzeko 20 zentimo soilik jasoko dituzte, baina abokatuaren zerbitzu sariak ukitu gabe daude. Indonesiako Surabayako portuaren parean lan egiten duen arrantzalearen bizimodua deskribatu du 2030era jauzi eginda. Langabezian dago. Bertako industria 2020ko hamarkadaren erdialdean suntsitu zen. Gehiegizko arrantzak espezie batzuen populazioa kaltetua zuen, baina ozeanoaren berotzeak zenbait espezie ur hotzagoetara joatea ekarri zuen eta horiek tokiko ontzien eremutik kanpo geratu ziren. Ez da horiek ordezkatuko dituen beste espezierik iritsi. Alpeetan 1.280 metroan kokatutako hotel baten jabeari so egin dio. 2020az geroztik, hiru urtetik bitan elurra ekoitzi behar izan du denboraldia ziurtatzeko. 2022an eta 2028an horrenbesteko beroa egin du hori ere ez dela nahikoa izan. Aringarri bakarra: udako turismoa igo egin da. Mediterraneo inguruan maiz izaten diren bero boladetatik ihesi datorren gero eta jende gehiago jasotzen du. Desertifikazioa Sahelko nekazariaren lekuan jarri da. Orain hamar urte artatxikia kendu eta genetikoki eraldatutako basartoarekin ordezkatu zuen, lehorteari aurre egiteko hobea zelako. Maliko Mopti eskualdean, ipar-mendebaldean, desertifikazioa handitu izana da arrazoia. Bertako klima gero eta lehorragoa zenez, bere buruari galdetzen zion berak eta familiak zenbat denboran eutsi ahalko zioten egoerari. Erabakia hartu du jada, ahuntzak hiltzen direnean, beste herritar askok egin duten moduan, Bamako hiriburura joango da bizimodu bila. Tasmaniako uharteko eremu zabalak Borgoña du lehiakide Pinot Noir eta Chardonnay ardoak egiten. Tasmaniako edari apartsuak sari asko irabazi ditu. Tamar bailarako ardo esportazioek gora egin dute nabarmen. Gaur egun, bertako tenperatura ideala da ardoa ekoizteko. Borgoñan beroegi egiten du. Epe luzera begira Eta etorkizunaren etorkizunak zer nolako itxura du? 7 urteko seme bakarraren lekuan jarri da, Shanghain 22 solairuko eraikin batean bizi den mutikoaren tokian. Jaiotzear zegoen 2015eko abenduan 195 herrialdek beroketa globala kontrolpean izateko karbono dioxidoa behar bezainbat murrizteko akordio bat sinatu zutenean. Porrot egin zuten eta Lurra 2100. urterako 4 gradu berotzeko bidean da. 77 urte izango ditu orduan. Mutikoari zorte ona baino ezin dio opa. AEB-K DUTE ingurumen ZORRAREN %40 AEBek ingurumen zorraren %40 pilatzen dute. Hori ondorioztatu du Montrealgo Concordia Unibertsitateko ikertzaile talde batek. Txostenean azaldu dutenez, klima aldaketan gehien eragin duten herrialdeek horretan gutxiago eragin duten herrialdeekin zor ekologikoa pilatu dute. “Nature Climate Change” aldizkarian argitaratu den ikerketak iradoki du, halaber, natur baliabideen ustiapena, hondakinen baitako kutsadura eta berotegi efektuko gasen isurketa barne hartzen dituen zor ekologikoak oinarri izan beharko lukeela klima aldaketaren kostua nork ordaindu behar duen erabakitzeko orduan. Ikerketak adierazten duenaren arabera, zor handiena duten herrialdeak AEBak, Errusia, Alemania, Kanada, Britania Handia eta Australia dira. Beste aldean kokatzen dira, ikerketa honen dioenez, India, Indonesia, Bangladesh, Pakistan, Nigeria, Brasil eta Txina, besteak beste. Argitu behar da ikerketarako 1990az geroztik herrialdeek egin dituzten emisioak hartu dituztela kontuan eta zorra populazioaren arabera finkatu dutela. Ikerketak zehaztu du karbono dioxidoaren emisioen gizarte kostua 35,8 eurokoa dela. «Estimazio honek zehazten du zenbat ordaindu behar duten herrialde industrializatuek, emisio txikiagoak dituztenei aldaketa klimatikoak eragiten duen kostua ordaintzeko edo beren ekonomiak beste alternatiba batzuekin garatu ditzaten», azaldu du taldeko buru Damond Matthews ikertzaileak. Ozeanoaren beroketan zenbait espezie ur hotzagoetara joatea ekar lezake eta tokiko ontzien eremutik kanpo utzi. Agian, ez da ordezko espezierik bertaratuko Alpeetan 1.280 metroan kokatutako hotel baten jabeak baliteke hiru urtetik bitan elurra ekoitzi behar izatea. Urte batzuetan hori ere ez da nahikoa izango