12 SET. 2015 LANDA SOZIOLOGIA Jateko ohituren, hazien eta turismoaren gainean pil-pilean dauden ikerketak Bilbon egin den hamargarren Soziologia eta Zientzia Politikoaren Euskal Kongresuan nazioarteko ikertzaileek beren azken lanak plazaratu dituzte. Bi egun bete-bete izan dira, 300 bat parte-hartzaile eta 270 komunikaziorekin. Zurrunbilo horretan landari buruzko taldea aukeratu dugu eta lau ikerketa hagitz ezberdinen berri jaso dugu. Maider Iantzi Goienetxe Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolara ailegatu gara, San Mames Barriaren ondoan. Harrera gunea lasai dago, oraindik 9.00ak baino ez dira-eta. Pasilloetan barna atez ate bilatu dugu interesatzen zaigun taldea: “Landa soziologia eta elikadura sistema”. F. Xavier Medina kataluniarra eta Marta Barba euskalduna izan dira iristen lehenak. Geroago etorri dira Beatriz Izquierdo eta Guadalupe Ramos, taldeko arduradunak eta EHUrekin lotuak, nahiz eta nomaden gisa ibili. Horiek izanen dira lau hizlariak... Baita entzuleak eta eztabaidetan parte hartuko dutenak ere. Publikoa espero genuen eta ez egoteak harritu gaitu, baina egia da komunikazio pila bat daudela. Hala hizlariak lasaiago daude eta mahaiak hurbilduta giro goxoa lortu dugu. Krisiaren eragina elikaduran Medina hasi da Alicia Aguilarrekin batera egin duen ikerlana aurkezten: “Krisiaren pertzepzioa eta elikadura ohiturak: azterketa kualitatibo bat Katalunian”. 2008tik bizi dugun krisi sozio-ekonomikoak elikadura izugarri aldatu izango zuela susmatzen zuten, baina zalantza bat zuten: alderdi materialei soilik eragiten die ala dimentsio soziokultural zabalago bat ere badu bizi estiloei era integralagoan eragiten diena? Galdera horri eta bertze batzuei erantzuteko landa lana egin zuten 2012ko irailetik 2014ko urrira, familia egitura ezberdinekin elkarrizketa sakonak izanez Katalunia osoan. Krisiak beren jateko ohiturak nola aldatu dituen azaldu dute herritarrek, baita derrigortutako aldaketei aurre egiteko zein estrategia martxan jarri dituzten ere. 2012tik aitzinera ikusten hasi ziren prezioa lehen faktorea izaten hasi dela erosteko orduan. 2013tik kontsumoa zertxobait suspertzen hasi da eta kalitateari garrantzia ematen zaio berriro. 45 lagunekin bildu ziren bakoitzaren etxean, 30 emakumerekin eta 15 gizonekin. 21 eta 60 urte arteko jendea elkarrizketatu zuten. Erdiak gizonak eta erdiak emakumeak izatea nahi zuten, baina gizon batzuekin solasean hasi eta «hau nire emazteak edo bikoteak kontatuko dizu hobeki» erantzuten zieten. Hau helduekin soilik ez, gazteekin ere gertatu zaie, etxeko otorduen pisua emakumezkoek daramaten seinale. Bakarrik bizi direnek, bikote heterosexual zein homosexualek, seme-alabak dituztenek eta ez dituztenek osatu dute azterketaren lagina. Zaila da estatus sozioekonomiko zehatza finkatzea, baina klase ertaineko eta ertain-baxuko herritarrekin egotea bilatu dute (urtean 60.000 euro baino gutxiago irabazten dutenekin). Ardoa eta zerbeza, gora Eta zer diote azterketaren emaitzek? Lehenik eta behin, jateko ohituren aldaketek hainbat arrazoi dituztela, nahiz eta ez dagoen zalantzarik erosteko gaitasunaren jaitsiera orokorraz. Bigarrenik, ondorio psikologikoak sumatu dituzte elkarrizketatu guztietan: etsipena, segurtasunik eza eta austeritate handiagoa, berdin du krisiak zuzenean erasaten dituen ala ez. «Murrizketak egiteko azkeneko gauza janaria da –adierazi du elkarrizketatu batek–. Eta umeena berdin mantentzen dugu». Komertzio txikiak utzi eta supermerkatu handietara jotzen du jendeak, eta marka zuriak aukeratzen ditu. Kontzienteago da jendartea eta, adibidez, kontsumo kooperatibetan erosten du, gutxiago botatzen du eta solidarioagoa da (nahiz eta, ikerketan ikusi dutenez, elkartasun hori gehiago den hitzezkoa). Fruta, barazki, arrain fresko, itsaski eta haragi kontsumoa jaitsi da (prezioagatik izan daiteke), baina elikagai merkeagoek ere behera egin dute, adibidez ogiak eta lekaleek. Aldiz, kontsumo ekologikoa igo egin da, baita, nabarmen, ardo eta zerbezarena ere. Eta gehien erosten diren ardoak jatorri izendapenekoak dira. Gutxiago ateratzen da jatetxeetara jatera; horren ordez, gurasoen etxera joaten dira aunitz. Emozioari eusten Estatistiketan aldaketak azkarrago gertatzen dira maila pertsonalean baino. Inork ez du aurrera goazenik erraten. «Jendea gaizki dago eta hori ez da aldatzen. Emozioari eusten segitzen dugu», azaldu du F. Xavier Medinak. «Datu ekonomiko onak ateratzen dira eskala handian, baina hori ez da sumatzen behean», dio bertze elkarrizketatu batek. Ikertzaileak aitortu du emaitzak uste baino antzekoagoak izan direla, hau da, egoera ezberdinak jasotzen ahalegindu dira baina konturatu dira denek antzeko estrategiak erabiltzen dituztela egokitzeko. Bestalde, dieta ez da aldatzen krisia egon arren. Dieta bera mantentzeko marka zurietara edo gurasoen etxera jotzen da (marka zuriak lehen ere kontsumitzen ziren, baina orain kontzienteago). Hazien borroka Bere lana azaltzen bigarrena Marta Barba EHUko ikertzailea izanen da, “Landatutako bioaniztasunaren inguruko diskurtsoen analisi feminista batetik abiatuta nekazaritza eremu eta elikadura sistemaren inguruko ikasketei ekarpena” izenburuarekin. Honako galderetatik abiatu da: zeintzuk dira bertako hazien eta bioaniztasunaren gainean eraikitzen ari diren diskurtsoak? Zein paper egozten zaizkie emakumeei? Eta zein paper hartzen ari dira benetan? Ikerketa bete-betean dago gaztea, tesia egiten. Agertu duenez, orain arte egindako bideak gaur egun haziak interes aunitzen jomugan izanik horien gaineko borroka dagoela baieztatzera eraman du. «Borroka hori hazien esanahi eta erabileraren ingurukoa da, baita horien inguruan sortzen diren jakintzen ingurukoa eta horien erabileran emakumezkoek, gizonezkoek, nekazarien elkarteek, nazioarteko antolakundeek eta estatuek jokatzen duten paperari buruzkoa ere». Barbaren hitzetan, beraz, haziak esanahi sozial eta kulturalak bildu eta sortzen dituzten gorputzak dira. «Zehazki, generoak zeharkatutako esanahiak bildu eta generoa eraldatzen duten esanahiak sortzen dituzten gorputzak». Bertzeak bertze, hazien eta emakumeen artean lotura “naturalik” ez dagoela eta haziak zaintzeko lanak partekatua izan behar duela aldarrikatu du. «Nahi gabe, emakumeez hitz egitean etxeko gaiez hitz egiten dugu, ugalketaz, zaintzaz...». Baina, ziurtatu duenez, haziaren kontzeptuak dikotomiak puskatzeko potentziala du, haziak elikagaiak direlako baina baita produzitzeko bitartekoak ere. Euskal Herrian auzi honi buruzko ikerketa gutxi egin direnez, komunikazio honek bertze helburu bat ere badu: etorkizunerako ikerketa lerroak identifikatzea eta irekitzea. Produktu turistiko berriak Hurrengo lanak, Beatriz Izquierdok eta Guadalupe Ramosek Patricia Campelorekin batera osatu dutenak, landa turismoaren aldaketak ditu aztergai. Zehazki, landa garapen planean sartzen den Leader egitasmo europarraren alderdi ukiezina ikertu nahi izan dute, hori baita «ezagutzen ez duguna eta garrantzitsuena dena». Leaderren oinarria landa turismoa da, alegia, diru publiko hori landa turismora bideratu da, proiektuen zati bat finantzatuz. Baina zein turismo motaz ari gara? Ikertzaileen iritziz, ez da turismo bera 1990ekoa, 2000koa eta oraingoa. «Gaur egun kalitatearen aldeko apustua egiten da, sarri inbertsio handiekin, baita landa hotelen eta gastronomiaren aldekoa ere. Eta sustapena lantzen da. Landa turismoa hain indartsua izatea ez da kasualitatea», baieztatu dute. Dibertsifikaziorantz doa eta produktu turistiko berriak sortzen ari dira espazio eta erabilera berriei lotuta. Galdera ikurrak ere jarri dituzte: landa garapenaren motorra izan behar du turismoak? (betiko eztabaida) Herritarrek eskatutako zerbait da, ala goitik, instituzioetatik dator? Proiektuak aztertzeaz gain, sakoneko hogei elkarrizketa egin dituzte hainbat eragilerekin, tartean landa garapeneko agentziak eta nekazaritza sektorearen onuradunak. Euskal Herriko landa eremuetan turismoaren aldeko apustu handia ikusi dute. Aunitz inbertitzen da luxuzko hotel, ostatu eta jatetxeetan. Baserritarrak, baztertuta Elkarrizketatuek azaldutako ideia orokorra da inbertsioak gehiegizkoak direla. Maiz hauek emanda datoz eta agentziei arazoak sortzen dizkie. Adibidez, ekintza batzuk ez dira ingurunera egokitzen. Eta baserritarrek zer diote? Paradoxa azaltzen dute: «Pena ematen dit baserrien egoerak. Ibilbide zoragarria egin dugu, baina zer erakusten dugu? Erortzen ari diren baserriak?», dio batek. «Baserritarrik gabe ez dago Ordiziako feriarik», bertzeak. Estrategiatik baztertuta sentitzen dira, gero eta gehiago. Inbertsioek ongi funtzionatu duten lekuen bi adibide jarri dituzte: Urola Kosta eta Arabako Errioxa (azken honetan, inbertitzailea bertakoa izatea gakotzat jo dute). Kirola eta landa garapena Beatriz Izquierdok aurkezpen bikoitza eginen du, Juan Aldazekin batera kirolak landa garapenean duen papera ikertzen ari baita EAE mailan. Gaiari buruz hagitz gutxi idatzi da eta landa- garapen politiketan kirola ez da faktore garrantzitsu gisa agertzen. Transbertsala da kirola. Hortaz, zera galdetzen dute: (galdutako) aukera da? Jendartean “mundu guztia” kirola egitera atera dela dirudiela aipatu du Izquierdok, eta mitifikatu ere egiten dela. 1990eko hamarkadan pilotaleku ugari berritu zen, beren sinbologiagatik, baita kiroldegiak ere. Gero abentura kirolen alde egin zen eta senderismoa eta golfa sustatu ziren. Orain BTT ibilbideak ari dira ugaritzen, inguru naturaletan. Ideia eta gogoeta batzuk plazaratu ditu ikerlariak: kirolaren potentzialitate handia; zergatik ez duten instituzioek apustu argirik egin; zer saltzen den, turismoa ala kirola... Agindu duenez, aunitzez gehiago izanen dituzte lana aurreratzen dutenean. «Nahi gabe, emakumeez hitz egitean etxeko gaiez hitz egiten dugu, ugalketaz, zaintzaz...». Baina haziak dikotomiak puska ditzake, elikagaiaz gain ekoizteko bitartekoa delako «Gaur egun kalitatearen aldeko apustua egiten da, sarri inbertsio handiekin, baita landa hotelen eta gastronomiaren aldekoa ere. Landa turismoa indartsua izatea ez da kasualitatea»