GAUR8 - mila leiho zabalik

Aliantzetarako aukera berriak daude, asmatuz gero


Astebete kanpoan igaro dut, lanean, lehendabizi Bartzelonan eta ondoren Edinburgon. Katalunian hauteskunde plebiszitarioen jarraipena egiten ibili gara lantaldean. Eskoziara Alex Salmond elkarrizketatzera joan naiz, ahal bada bihar GARAn argitaratuko dugun elkarrizketa egitera.

Une politiko oso desberdinetan egon arren, toki bietan topatu dudan giroa antzekoa iruditu zait. Bietan lasaitasuna da nagusi, «normaltasun demokratikoa». Tira, Artur Masen inputazioaren berri El Prat aireportuan izan nuen eta Estatu honetatik ihes egitea ez dela hegazkin bat hartzea bezain erraza pentsatu nuen. Edonola ere, sozialki pertzepzioa bizitasunarena da bietan, besteak beste kalean dabiltzan askoren hizketagaia politika delako. Eskoziaren kasuan, erreferendumaren urtebetera gizartearen politizazioak irauten du, maila inbidiagarrian. 

Egunotan ikusi dudanez, Katalunian, logikoki, Kataluniaz ari dira. Etengabe. Eskozian, paradoxikoki, Kataluniari buruz ari dira, bastante. Edinburgoko kafetegi eta jatetxeetan ohikoa da iragan den asteburuko hauteskunde plebiszitarioez eta horren eraginei buruz jendea tertulian entzutea, irizpide handiz. Interes berezia dute gaian, europar testuinguruan erreferendumen atea beraiek ireki zutelako.

Harreman korapilatsuak

Abertzale eskoziarrek bigarren erreferendumaren agertokia uste zutena baino gertuago ikusten dute orain. Bide horretan, adostasun ideologikoez harago, ikuspuntu taktiko-estrategiko batetik, Europan bidelagunak nahi dituztela iruditzen zait. Kataluniarrekin beti izan dute sintonia handia. Orain, egoera politikoki sukartsu honetan, are gehiago dutela dirudi. Luzaroan kataluniarren eta eskoziarren arteko parekotasun etniko-politikoak nabarmendu izan dira, besteak beste, irlandar eta euskal “barbaroekin” alderatzeko. Historikoki, espainiar eta britainiar agintarientzat beraiek ziren “onak” eta besteok “gaiztoak”. Denborarekin, gu ez gara on bihurtu, baina beraiek gaiztoen artean gaiztoenak bihurtu dira.

Era berean, buruzagi eskoziar eta kataluniarrek alde horiek azpimarratu dituztela esango nuke. Estatuen aurrean beren negoziazio posizioak hobetzeko, adibidez. Orokorrean, zilegi iruditzen zait. Zehatzago aztertuta, zenbait unetan erakutsi duten hoztasuna ez zait egokia iruditu. Zenbaitetan, errespetu faltatik gertu ibili direla uste dut. Kalkulu politikoek eta interesek ere mugak dituzte politikan.

Argi dut, era berean, euskal politikagintzan diplomazia ez dela lehentasunetako bat, eta hortik etor daitezken harremanak pertsona gutxi batzuen meritu direla, batez ere. Sarri erabat martzianoak diren gauzak eskatu izan ditugu, munduko ohituren eta nazioarteko politikaren inolako ezagutzatik kanpo.

Aliantza berrituak

Esan bezala, uneotan erreferendumak aurrera atera nahi dituzten herrialdeetan aliantzak nahi dituztela esango nuke. Orain arte ez bezala, eskoziarren edo kataluniarren berezitasuna, desberdintasuna nabarmentzen duten elementuak baino gehiago, bizi duten arazoaren izaera komuna adierazten duten aliantzak nahiago dituzte. Euskal Herria eta Irlanda, desberdintasunak desberdintasun, horren adibide izan daitezke.

Edonola ere, aliantza horiek ez dira errazak izango eta ez dira halabeharrez emango. Norberaren dinamika politikoaren ondorio izango dira, ez borondate edo agenda baten ondorio huts. Horretarako, lan handia beharko da, baita lan egiteko ikuspuntu desberdin bat ere. Norberaren indargune eta ahulguneen ezagutzatik, eskaintza berezituak eginez, umiltasunez eta zintzotasunez. Izan ere, egunotan bai Eskozian bai Katalunian bizi izan dugunaren aurka, gurean egoera ez baita sukartsua, baizik eta antsietatez betea, batzuen aldetik, eta lokartua, besteen aldetik. •