10 OCT. 2015 Belartza Beñat Gaztelumendi Bertsolaria Ahaztu dut jada ezer ez zegoenean zer zegoen Belartzan, baina nik hemen ikasi nuen gidatzen; bizkarra aurrerantz oker-oker eginda eta bolanteari naufrago batek azken oholari bezala helduta ibiltzen nintzen orduan, eta zalantza egiten nuen biribilgune bakoitzean bidegurutze bakoitzean bihurgune bakoitzean, eta mantso nindoanean ere azkarregi joaten nintzen –«sartu tercera», zakurrei euskaraz eta teknologiari gazteleraz egiteko euskaldunok daukagun joera berezko horrekin–, eta ez nuen enpresen izenik irakurtzen –Kebidek, Txapeldun, Decathlon bata bestearen atzetik–, nik errepidea ikusten nuen eta hiru ispilu eta kamioi horiak eta arratsaldeko seietan puntu-puntuan aparkalekutik ateratzen ziren autoak, polikiago nindoala eta atzetik bozina jotzen zidatenak; eta abiadura hartu nahi nuenean martxak ez ziren sartzen, eta geldiune bakoitzean kalatzen zitzaidan autoa; denbora gomazkoa da, autoaren eta presaren arabera estutzen eta zabaltzen da eta ez nuen ertzetara begiratzen, ez nuen biribilguneko zuhaitzik ikusten, huntza arroketan eta espaloi gorrixka eta baserriak han goian eta leihotik sartzen zen gasolina eta belar bustiaren usaina, mantso joan arren azkarregi nindoan edo azkarregi zihoan dena, auskalo, eta ahaztu egin zitzaidan zer zegoen hemen ezer ez zegoenean, noiz sartu ziren hondeamakinak eta zer puskatu zuten eraikitzen hasi zirenean eta zerk estaltzen zituen zaurien gisa zabaldutako harri hauek; noraino heltzen ziren belazeak eta sagarrondoak eta lurpean ezkutatu zen erreka eta ea gauak ilunak ziren oraindik edo baserri gehiago zeuden eta ze soinu, ze usain zuen Belartzak Belartza izan aurretik; bizikletan etorriko ginen beharbada, jada ez naiz gogoratzen, orduan ez zegoen tunelik, ez zegoen etxebizitza horirik Errekaldeko sarreran, ez zegoen iturridun plazarik; baina hormigoiak ez du memoriarik eta guk ere ez, umetan saiatzen ginen hormigoi lehortu gabean oinatzak uzten baina oinak hazi egiten dira eta oinatzek utzi egiten diote gureak izateari; eta enpresak eraiki ziren eta denbora, goma zati hautsi hori estutzen eta estutzen joan zen eta larunbat goizetan umeak etortzen dira Decathloneko saskibaloi kantxara, gu ibili ginen saskietan ibiliko dira ibili ginela ahazten dugunean ere, eta gu bezala etorriko dira autoak gidatzen ikastera gurasoen laguntzarekin –«kontuz, auto hori begiratu gabe aterako zaizu»– eta lurra desagertzen ikusiko dute, gero eta hormigoizkoago eta “rekalifikazioak” eta lur urbanizagarria eta lur industriala eta izenondoak agertzen eta desagertzen, mantso baino azkarregi eta Belartza I eta Belartza II eta Mercadona eta izen gehiago agertzen eta desagertzen; fabrikak husten dituzten garaietan poligono berriak eraikitzen dira, eta huntza gose da, arrokak bezala jaten ditu horma abandonatuak, errepide ahaztuak; baina ahaztu egin zitzaigun mantso joaten –«sartu tercera»–, punturik gabe arnasestuka zirriborratzen ditugu koadernoak eta geratu ezin ziren autoen goma-arrastoz beteta daude errepideak; puskatu eta eraiki egin behar dugu, puskatu eta eraiki eta gidariak zabartzen eta harrotzen joango gara, biribilguneetara lotsagabeago sartzen, ispiluetatik begiratzea ahazten, “L”-dunei bozina jotzen eta huntza haziko da zaurien gisan agertutako arroketan, eta sareak jarriko ditugu lurrik erori ez dadin gure poligono perfektura, gure oinatzik gabeko hormigoira, eta ahaztu egingo gara usainekin; ahaztu egingo dugu aurrera egiteak zerbait atzean uztea dakarrela eta zer zegoen hemen ezer ez zegoenean, ezer ez dagoen lekuetan beti dagoelako uste duguna baino gehiago, atzeko ispilutik begiratzea ahazten zaigun arren. •