GAUR8 - mila leiho zabalik

Loreak


Ezezagunak bidalitako loreak maitasun istorio txiki baten sinbolo erraldoi bilakatu dira. Loreak dira gure memoria kolektiboan ditugun oroimenaren lekuko.

Baditut lagunak, urterik galdu gabe, nire urtebetetze eguna oroitzeko loreak bidaltzen dizkidatenak. Maiteak ditugunei loreak igortzen dizkiegu. Lorez laguntzen dugu galdu berri dugun senide edo lagunaren oroimena. Loreak eramaten ditugu hilerrira haien oroitzapena biziraunarazteko. Lore sorta koloredunak, lore zuriak, lore gorriak...

Lore gorri bana utzi diegu 36ko gerran hilak eta fusilatuak, urte luzetan lurpean ahaztuak, izan eta orain geure memoriara berreskuratutakoei. “Geureak” gogorarazteko egin dugu, “besteek” ahaztu nahi izan zituztenak. Azken urte luze hauetako gatazkan galdutako “geure hildakoei” sarritan loreak jarri dizkiegu, geure oroimenean ditugun lekuko. Ohartu gara “besteek” ere “euren hildakoak” lorez oroitu izan dituztela. Azken finean, gaur-gaurkoz, “geure hildakoen” eta “haien hildakoen” arteko urtetan eraikitako lubakiek itxi ezinak dirudite.

Zer gerta liteke, egun batez, “geureak” ezezagunen loreak jasotzen hasiko balira eta “haienek” ere beste ezezagunen loreak jasoko balituzte? Horrek ez ote luke aldatuko guztion begirada? EH Bilduko Asier Arraizek Legebiltzarrean eta komunikabideetan egindako aitorpenek PPko Arantza Quirogaren “loreak” jaso dituzte. Eta hark “lorez” itzuli dio aurkarien artean bakea eraikitzeko nahia.

Bakea, bizikidetza, memoria eta aitortza eraikitzeko “loreak” ezinbesteko sinbolo izango dira, eta “hitza” izango da haien aldarri. “Loreak” eta “hitza”. “Hitza” eta “Loreak”. Hitza, errelatoa, ez da bakarra izango, errealitatea anitza izaki, baina plurala izan liteke; “geurea” eta “haiena”. Aldiz, “Loreak” bai guztionak dira. Gai izan behar dugu geure “Oskar” propioa eraiki, irabazi eta jasotzeko. Geure esku dago! •