17 OCT. 2015 Samurtasunari epaiketa Iratxe Urizar Gaurkoan, Askapena antolakundearen, Gabi, Walter, Dabid, Unai eta Aritzen, Askapeñaren (inoiz ez da egon Bilbokoek baino lan handiagorik emango zuen konpartsarik) eta Elkar Truke elkartearen kontrako epaiketaz baino ezin dut hitz egin. Konplikatua da, baina, kausitzen duzun jendeari buruzko ikuspegi objektiboa eman nahi izatea. Gustuko izan eta, gainera, euren lana miresten duzunean. Are gehiago, lagunak direnean. Izan ere, ia ezinezkoa suertatzen da, azken finean, benetan, objektiboa izateko inolako asmorik ez daukazunean. Izan dadila hau, beraz, intentzio aitorpen argia, txarto-ulertzerik egon ez dadin. Munduan barrena zenbait egoera eta zirkunstantziaren aurrean horietako hainbat kide topatzen dituzunean, ezinbestean enpatiak eta sinpatiak sortzen dira. «Horiek», diot, Askapena ez direlako lau aurpegi horiek, ez bost, ez sei. Askapena protagonista bako mugimendua baita, indibidualismotik harago doana, zalantzarik gabe: herri eta auzoetako dinamikak; hamaika bandera eta kolore; injustizien aurrean paratzen diren ehunka zapata; herrien arteko elkartasuna islatzen dituzten milaka begi. Hori da Askapena. Berriro ere, bada, Entzutegi Nazionalean egiten diren epaiketa masibo horietako baten aurrean gara. Masiboa, kriminalizatu nahi den horren tamainari erreparatzen badiogu, eskaera fiskal izugarrien zamarekin, beste inon eta ezker abertzalekoa ez den beste edonorentzako jasangaitzak diren amesgaiztozko akusazio beldurgarriekin. Gu, ordea, horrelakoak duintasunez eta etsipen puntu batekin jasan eta eramatera ohitzen hasiak gara. Ez da hau antolakunde horrek munduko txokorik urrunenetan egiten duen lan baliotsua goraipatzeko tokia, ez da hemen gertatzen dena lau haizetara zabaldu eta ekarpenak jasotzeko egin duten lana miresteko unea. Askotan, gainera, elkartasun internazionalistak oso muturreko egoeretan jarri ditu antolakuntzako kideak: talde “deskontrolatuen” jazarpena Ameriketako hainbat herrialdetan; kriminalizazio kanpainak espainiar komunikabideetan; atxiloketa eta galdeketak Tel Aviv bezalako toki ez atseginetan… Etxekoarekin nahikoa izango ez bagenu bezala! Bada, ez. Parada zailak, egindako lana beharrezkoa zela egiaztatzeko balio izan dutenak, eta estatu gabeko nazioen eskubideak eta beren eskubideen alde borrokatzen duten herrien aldeko apustua berresteko balio izan dutenak. Oraingo honetan, ordea, bereziki azpimarratu nahi nuke Askapenak internazionalismoa etxera ekartzeko egindako lana: urrutiko borrokak guri azalduz eta ezagutzera emanaz. Ez hori bakarrik, Euskal Herriarekin solidario izan den jende guztia gogora ekarri nahi nuke. Horren adibide garbia da Uruguaiko Filtroko sarraskia, esaterako, non Roberto Facal eta Fernando Morroni gazteak hil arte tirokatu zituzten hiru euskal herritarren estradizioaren kontra protestan ari zirenean. Urtero gogora ekartzen ditugu, gertakariaren urteurrenean, Bilboko Aste Nagusian. Eta hamabosgarren urteurrenean Norma, Morroniren ama, gure artean izan genuen. Emakume nagusi eta indartsua, argi utzi zigun han, kanpoan, askotan elkarrengandik urruti gaudela badirudi ere (ez naiz ari kilometrotan neurtzen den distantziaz), internazionalismoa erreala dela. Bide batez, gogora ekarri nahi dut Normak Blanca Antepararekin batera eskaini zuen elkarrizketa zirraragarria. Aukera baduzue, irakurri. Esaten nuen moduan, internazionalismoa Euskal Herrira ekartzearen aldeko lana funtsezkoa dela uste dut. Izan ere, internazionalismoa ez da gure aldarrikapenekin bat egingo duen jendearen babesa bilatzea soilik, beste toki eta herrialde batzuetako borrokak ezagutu eta gure egitea ere bada. Askotan, gainera, ugariak dira komunean ditugun elementuak: estaturik gabeko nazioen autodeterminazio prozesuak; AEBetako preso politikoak eta haien bizi baldintza gogorrak; Sahara eta Kurdistanen ematen diren indarrezko desagerpenak; estatu terrorismoaren biktimen aitortzaren aldeko lana Irlandan… Zeregin horri ematen zaion babes eta elkartasuna da astelehenetik aurrera epaituko dena Entzutegi Nazionalean. Azken finean, elkartasuna herrien arteko samurtasuna bada, samurtasun hori da epaitu nahi izango dutena. • Internazionalismoa ez da soilik gure aldarrikapenekin bat egingo duen jendearen babesa bilatzea, beste toki eta herrialde batzuetako borrokak ezagutu eta gure egitea ere bada