07 NOV. 2015 Urdindutako ileak Saioa Aginako Psikoterapeuta Ispiluan nire buruari begira, zenbait ximurrek sakonago ildaskatzen dute nire kopeta eta beltzak ziren ile batzuk urdindu egin zaizkit; mamuak ematen dute iluntasunaren zarbatsuan. Gaur urteak betetzen ditut, urtebete gehiago munduan bizitza ospatzen, eta, aldi berean, heriotzatik gertuago, bizirik gauden egun bakoitzak heriotzara gerturatzen gaitu-eta. Batzuek pentsamendu negatiboa dela nirea esango didazue, baina nik errealista dela esango nuke, behin baino gehiagotan orri hauetan aipatu dudan lez, heriotza bizitzaren parte delako. Hori onartzeak garenaren kontzientzia handiagoa ematen digu, bizitza gozatuz eta heriotzarako prestatuz, nahiz eta horrekiko dugun ezjakintasunak beldurra eta kezka eragin dakigukeen. Zuritutako ileak eta sakonagoak diren ximurrak onartzea kostatzen zaidala sentitzen dut. Nire zati direla alegia, ni naizen puzzlea osatzen duten atalak direla. Alde batetik, nerabezaroan gertatzen den bezala, orain arte ezaguna egin zaidan itxura transformazio bat jasaten ari dela konturatzeak dakarren onarpen prozesuan sartzen ari naiz, eta, bestetik, azaltzen hasitako ezaugarri berriek zahartzaroan pentsatzera eramaten naute. Izan nintzena eta izango naizena, bizi izan dudana eta bizitzeko geratzen zaidana, bata bestearen atzetik marrazten dira orain arte ospatutako urtebetetzeak, eta hurrengokoak imajinatzen ditut. Irudikatzen hasten naizen etorkizun horretan oso urruti joaten banaiz, zahartzarora alegia, zalantzak eta kezkak agertzen zaizkit. Gure gizartean “zahartzaro” izenarekin definitutako bizitzaren zatian dauden pertsonak baztertuak izaten dira, ikusezinak bihurtu arte. Egun zahartzaroa 65 urtetik aurrera hasten dela esaten dute osasun eta gizarte erakundeek, erretiratze garaiarekin bat eginez hain zuzen. “Erretiratze” hitza bera esanguratsu agertzen da kasu honetan; pertsona, 65 urte betetzearekin, bizitza ekoizkorretik ateratzen da, hau da, gizarte kapitalistan ekonomia ez sortzearekin harremanetan den bizitzarekin. Aditu batzuk diskriminazio gisa ikusten dute adinean derrigortutako erretiroa, eta erretiro pertsonalizatuaren ideia babesten dute. Erretiratzeko adina kontuan hartzeaz gain, pertsonaren gaitasunak eta motibazioak ere kontuan izatea babesten dute. Lanaz nazkatutako 60 urteko pertsona bati erretiroa ukatzea bezain zentzugabea da erabat eraginkorra den eta bere lanarekin disfrutatzen duen 65 urteko beste bati lan egitea eragoztea, esaten dute. Aldi berean, zahartzaroa ulertzeko modua bera ezberdina da lurraldearen arabera; “zahartzaro” hitzari guk jartzen diogu esanahia eta guk erabakitzen dugu zer-nolako ezaugarriak lotzen ditugun termino horrekin, hots, imajinarioan dugunarekin lotzen dugu (mito eta ikur sozialak dira pentsamendu sozial kolektiboa osatzen dutenak). Gurean, beraz, agureak kontsideratzen ditugun pertsonak haurrak balira lez hartuak dira askotan, eta haurrekin erabilitako jokamoldea beraiekin ere erabiltzen da: “ez dakite, ez dira gai”. Gizarteak ematen dien estatusa zehaztu gabeko eginkizunarena da, kontrol eta botere sistemetatik at. Horrela, gizartean aktiboki parte hartzeko gaitasuna ukatzen die. Bazterketa fin horrek, aldi berean, eragina du pertsonengan, eta, hala, zahartzen doan pertsona bizitzeko interesa galtzen joaten da, bere barne arazoetan murgilduz. Egoera horrek, neurri batean, inguruneak zahartzaroarekiko duen jarreran du iturburua, zahartze aktiboa eta pertsonaren gizarteratze osoa eragozten duena. Beste imajinario batzuk posible dira, jada beste gizarte batzuetan izan badirelako, non eta 65 urtetik goragoko pertsonak ere ikusgarriak diren. Harremanak, elikadura, aisialdia, mugimendua eta atsedena bezalako ezaugarriak bermatzen dituzten gizarteak dira. Zahartzaroa osasun bezala ikusten duen imajinarioa, gaixotasun bezala ikusi beharrean. Ekintza berriak aurrera eraman ahal izateko garaia, alegia; bizirik eman ditugun urteek emandako esperientzia eta jakinduria elkarbanatzeko garaia. Urdindutako ileek ematen digutena, alegia. • durundia@gmail.com