14 NOV. 2015 Garoña, bai ala bai Xabier Mikel Errekondo Garoña berrireki egingo dute, kosta ala kosta. Horixe da urte hauetan guztietan adierazi dutena zuzeneko ardura dutenek, Espainiako Gobernuak, Segurtasun Nuklearreko Batzordeak (CSN) eta Iberdrolak. Zergatik, ordea? PPko Gobernuari nuklearrak bost! Baina oligopolioen interesak eta bereak bat dira. Kontua ez da energia eredua, negozioa baino, eta Iberdrola ez da nornahi, indar faktiko nagusietarikoa baizik. Gainera, PPk behar besteko neurri guztiak hartuko ditu, CSN bere nahierara baliatuta. Sinplea da oso, Iberdrolak nazioartean berriztagarrietan inbertitu du, baina Espainian Iberdrolaren patrikak erradiaktibitatezko txanponez dira betetzen: Garoña %50, Almaraz I %53, Almaraz II %53, Cofrentes %100, Ascó II %15, Vandellós %28, Trillo %48. Arazoaren tamaina erraz da ulertzen horrela, Garoña ez baita soilik Garoña. Garoña zortzi erreaktoreen negozio biribilaren ataka da: zentralen bizitza aurreikusitako 40 urteetatik 60ra luzatzeko bermea. Alegia, amortizatutako zortzi erreaktore +20 urtez zukutzea... +8x20, milaka milioiko negozioa. Fukushimako istripuak langa gogorra ezarri die, ordea. Iberdrolak, baina, Garoña egokitzeko ehun milioitik gorako inbertsiorik ez du burutuko Gobernuak berrireki egingo duela ziurtatu artean. Hala, bukatuta behar luketen erreaktorearen ontziaren konponketak ez ditu hasi ere egin... hauteskundeen emaitzen zain. PPk berrireki egingo du, bai ala bai. Sozialistak ezetz diote, baina ezaguna dugu hauen hitzaren hutsa. Eta, eztabaidara atera duten hondakin nuklearren biltegiak ez du ezer baldintzatzen, edozein kasutan beharrezkoa baita. Ondorioz, nago Garoña behin betiko ixteko bide bakarra dagoela: eragileek etengabeko estrategia zuzentzea erantzule nagusia den Ignacio Sanchez Galani. Bada garaia. P.D.: Ingurumen Ministerioak baimena eman eta hilabetera, zergatik haizatu ote du EAJk biltegiaren gaia? Agian, hauteskundeei begira PPn higadura bere onura delako eta bera higa dezaketen fracking-a eta erraustegia fokutik kanpo uzteko. Jokaldi bikoitz aparta! •