05 DIC. 2015 MYANMAR Jade meategiak, agintari berriek konpondu beharreko aspaldiko lotsa Jadea betidanik izan da oso preziatua Asiako ekialdean eta mineral horrek Myanmarko agintari militarrak aberastu ditu azken hamarkadotan. Azaroan izan zen lur-jausi larriak (200 hildakotik gora eragin zituen) agerian utzi ditu negozio horrek eragindako makina bat arazo, hauteskundeak irabazi berri dituzten agintariek konpondu beharrekoak. joseangel.oria@gaur8.info Myanmarko agintari militarrek joan den astean amaitutzat eman zituzten Kachin estatuko jade meategi batean izandako lur-jausiak eragindako biktimak erreskatatzeko lanak. 113 lagunen gorpuak aterata zituzten ordurako, eta kalkulatu dute beste horrenbeste langile lurraren azpian galduta geratuko zirela. Hpakanteko meategitik munduko jade harririk onenak ateratzen dituzte, oso baldintza txarretan ordea. Gaiaren kalitatea ikaragarria da, baina lan baldintzak esklabotzarekin lotzeko modukoak dira. Istripuak oso ohikoak dira, baita lur-jauziak ere. Ingurumena erabat suntsitzen du jarduera ekonomiko horrek, gaur egun egiten den moduan eginda bederen. “Global New Light of Myanmar” egunkari ofizialak jakinarazi du lur-jausia gertatu zen momentuan langile asko lotan zeudela beren etxoletan. Langile gehienak herrialdeko bazter guztietatik iritsitakoak izaten dira: oso lanaldi luzeak eta soldata eskasak izaten dituzte. Aung San Suu Kyiren LND Demokraziarako Liga Nazionalak eratuko du herrialdeko gobernu berria, azaroaren 8ko hauteskundeak irabazi ondoren. Dagoeneko jakinarazi dute meategietako egungo segurtasun arauak indartzeko asmoa dutela, horixe baita tankerako tragediak gertatzearen arrazoi nagusia. Hala ere, begiraleek diote asko kostatuko zaiela jarduera horren inguruko araudia aldatzea, meategien jabeak (konpainia multinazional handiak) ez baitira aldaketen aldekoak. Alor ekonomiko horretan ez dago batere gardentasunik eta gaur egun, ikerlarien arabera, Hpakantetik ateratzen duten jade gehiena Txinara eramaten dute, legez kontra eta inolako zergarik ordaindu gabe, jakina. Duela 5.000 urte baino gehiagotik erabiltzen da jadea Txinan tresnak eta apaingarriak egiteko material bezala. Denboran zehar jadearen benetako gurtza garatu zen bertan. Jadezko objektuek zorte ona erakartzen zuten kutun ospea ere lortu zuten, euskarazko Wikipedia entziklopediaren arabera. Jatorrian jadea beste edozein material baino gogor eta erresistenteagoa zen. Horregatik, tresnak egiteko ere erabiltzen zen. Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel sariduna Thein Sein presidentearekin elkartu zen joan den asteazkenean, goizean, eta Min Aung Hlaing Armadako buruarekin arratsaldean. Bozketak irabazi zituenetik militarrekin egindako lehenengo bilera izan zen. Ez dirudi jade meategien inguruko konturik aipatuko zutenik, gaia oso korapilatsua denez, agintari berriek beste baterako uztea nahiko zutelako. Basoa basamortu bihurtuta Garai batean Hpakanten oihana zen nagusi, baina gaur egun landarerik gabeko mendixkak baino ez ditu ikusiko bisitariak. «Leku hau gurea da», esan zion Daw Kareen herritarrak AFP agentziako kazetariari, istripua gertatu baino egun batzuk lehenago. Gaur egun hondeamakinak ari dira lanean, bere herria eraikita dagoen leku malkartsuaren azpian. Lur-jausi ugari izan dituzte, eta horietako batzuetan etxebizitzak suntsitu izan dira. «Horiei aurre egiten saiatu izan gara, baina bai Polizia bai Armada konpainia horien aginduetara daude», esan zuen 44 urteko emakumeak. Jarduera ekonomikoaren zenbakiek arrazoia ematen diote Kareeni. Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak egindako kalkuluen arabera, Myanmarko jadearen inguruko industriak 27.500 milioi euroko negozioa eragiten du urtean: ofizialki deklaratutakoa baino hamar aldiz gehiago eta herrialdeko barne produktu gordinaren erdia, gutxi gorabehera. Global Witnessek nabarmendu du Txinara esportatutako jadearen balioa 10.000 milioi eurotik gorakoa dela. Erakundeak eransten du Myanmarko jadearekin egiten dena «historia modernoko baliabide naturalen lapurretarik handiena izatera iritsi daitekeela». Herrialdeak galdu duena hobeto neurtu ahal izateko oso interesgarria da beste datu bat: jadearen industriak urte batean mugitzen duen dirutza Gobernu Militarrak osasun sisteman gastatzen duenaren 46 halako da. Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak hamabi hilabete egin zituen gaia ikertzen, bere txostena aurkeztu aurretik. Negozio horren inguruan sortu den sare konplexua militarren eliteak zuzentzen du. Than Shwe diktadorea bera ere nahasten du erakundeak elite horrekin. Arautu gabeko beste meategiekin gertatu izan den moduan, Hpakanten ere milizia armatu ugari sortu dituzte, langileen lan baldintzak negargarriak dira eta legez kontrako drogak eta prostituzioa asko hedatu dira. Sekulako negozioa «Hpakant munduko lekurik baliotsuenen artean dago, oso lursail txiki bat nahikoa izan baitaiteke milaka milioi dolar irabazteko, baina lagun gutxi batzuk baino ez dira ari aberasten», esan zion Kachin estatuko herritar batek Global Witness erakundeko ikerlariari. Britainia Handiko erakundeak egin dituen kalkuluen arabera, Myanmartik ateratzen den jade gehiena (%80ra irits daiteke) legez kontra esportatzen da, normalean Txinara. Jadeak eragindako negozioaren %2 baino ez zen iritsi iaz Myanmarko altxorrera. Azaroaren 8ko hauteskundeak egin aurretik inoiz baino hondeamakina gehiago ibili zen lanean Hpakanten. Herritar batzuek uste dute hori gertatu zela meategien jabeek agintari berriekin gauzak aldatu egingo direla uste dutelako. Aung San Suu Kyik berak askotan adierazi du ustelkeriaren aurkako borroka eta ekonomiaren gardentasuna bere lehentasunen artean daudela. Iluntzean hasten dira lanean meatzariak. «Zulo honetan aurrera egitea lortzen badut, noizbait aberastu egingo naiz», esan die kazetariei Thein Zaw Win 20 urteko gazteak. Beste estatu batetik etorri zen, jaioterrian aurrera ateratzeko aukerarik ez zegoelako. “Paradisuko harriak” lor dezake gaztearen bizitza hobetzea, horretarako garai batean oihan ziren lekuak basamortu bihurtzen baditu ere. «Hemendik 50 urtera, Txinako erakusketetara joan beharko dugu gure jadea ikustera», dio jadearekin lan egiten duen dendari batek. Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak nabarmendu du Myanmarko jadearekin egiten dena «historia modernoko baliabide naturalen lapurretarik handiena izatera irits daitekeela» «Hpakant lekurik baliotsuenen artean dago, oso lursail txiki bat nahikoa izan baitaiteke milaka milioi dolar irabazteko, baina lagun gutxi batzuk baino ez dira ari aberasten»