26 DIC. 2015 Posterasmusaren bestondoa Amaia Nausia Pimoulier Erasmus programan parte hartu duen belaunaldiaren parte naiz ni. 2003. urtean Sienan, Italian, ikasturte oso bat pasa nuen Europar Batasuneko beste ehunka gazterekin. Erasmus programak, gazteen artean mugikortasuna bultzatzeaz gain, Europako hiritartasun sentimendua areagotu nahi zuen. Ez daukat oso argi bizi nuen esperientzia horren ondoren europarragoa sentitzen naizen, baina egia da L’Incontro tabernaren eta “Storia del Cinema” ikasgaiaren artean ezagutu nituen jatorri ezberdineko lagunei esker nire begirada zabaldu egin zela. Bidaiatzeko grina piztu zitzaidan eta ordutik nire aurrezkiak herri eta esperientzia berriak ezagutzera bideratu nituen. Esan dezakegu hautatutako mugikortasun pertsonala jarri nuela martxan. Hamar urte baino gehiago pasa dira, eta, aitak esaten duen moduan, lasaitu egin naiz. Bidaiatzea oporretarako utzi dut eta Iruñean eraiki dut nire familia eta etxea. Erasmus programako nire lagun batzuk, berriz, erabakita edo behartuta, etxetik kanpo bizi dira: Angelok Italia utzi zuen aspaldi eta orain Bartzelonan dabil kazetari moduan; Richardek, berriz, ikasketak Ingalaterran amaitu ondoren Lyon aldera alde egin zuen; Jordi munduko beste puntan bizi da eta, sinestezina badirudi ere, Patagoniako herrixka batean katalaneko klaseak ematen ditu; Tobi, berriz, munduan barna ibili ondoren, sorterrira itzuli zen eta epailea da orain Berlinen; eta Marian, nire Granadako laguna, historialaria bera ere, Munichen bizi da egun. Urteotan zehar ezkontza gonbidapenak eta jaioberrien argazkiak jaso izan ditut. Oraindik gogoratzen dut gutariko lehenak bere alaba jaioberriaren argazkia bidali zuenean, orduantxe sentitu nuen lehen aldiz igarotako hamabi urteen zama! Gure bizitza ikusita helduak garela esan genezake, edo behintzat batzuk gure bizitza proiektua eraikitzen hasi garela. Batzuk diot, ze Espainiako lagun gehienek bizi proiektua bahituta daukate oraindik. Krisialdi ekonomikoak eraginda, Espainiatik ihes egin behar izan zuten lan bila. Esate baterako, Marianek, bere doktoretza tesia defendatu ondoren Espainian lanposturik lortu ezinik, Municheko Unibertsitateko lan eskaintza bat onartu zuen. Pasa den astean Marianen mezua jaso nuen. Oso haserre zegoen. Rajoyren Gobernuak uztailaren 31n kanpoan bizi diren Espainiako biztanleen errolda itxi zuen, eta, ondorioz, bera eta bera bezalako beste milaka gazte igandeko hauteskundeetan bozkatzeko eskubiderik gabe gelditu ziren. Beraien egoerarekin haserre dauden milaka gazte, egungo egoeraraino ekarri gaituzten alderdi tradizionalei boza emateko prest ez zeuden gazteak. 2013an Fatima Bañez ministroak “movilidad exterior” izena eman zion atzerriratze masibo horren biktima dira gehienak. Nik ez bezala, aukeratu ez zuten mugikortasuna bizi izan dute. Erasmus programan geundela Europako hiritarrak ginela, gure eskubideak bermatuta zeudela eta dena eskura genuela sinistarazi ziguten. Orain ohartu gara hiritartasun horrek posterasmus bat bizi duela, Erasmus programan geundela jasan genituen bestondo horietako baten antzekoa. • Pasa den astean Marianen mezua jaso nuen. Oso haserre zegoen. Rajoyren Gobernuak uztailaren 31n kanpoan bizi diren Espainiako biztanleen errolda itxi zuen, eta, ondorioz, bera eta bera bezalako beste milaka gazte igandeko hauteskundeetan bozkatzeko eskubiderik gabe gelditu ziren