GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskararen martxan helmuga abiapuntua da

Korrika 19k martxaz bete du martxoa. Bertze behin, herri osoa lasterka. Bertze behin, makina bat kilometro –2.500, zehazki–. Baina ez da dirudien bezain erraza, ez da «bertze behin». Horren erakusgarri, 29an Bilbora iritsi zenean lekukoaren egurrari zerion beroa.


Bero sumatzen zen Korrikaren lekukoa Bilbora ailegatzean. Hamar egun lehenago, martxoaren 19an, Urepelen hartu eta eskuz esku ibili zuten lagun guztien izerdia, urduritasuna, negarra eta poza itsatsita gelditu zitzaizkion. Bakoitzaren bizi puska bat.

Xalbadorren herrian, bere ibilbideko hasierarik indartsuenetakoa izan zuen AEKren ekimenak. Ez zen oraindik bertatik pasatua eta berezia izan zen pasatu bakarrik ez, handik abiatzea. Zubia izaki, herritar aunitzek hartu zuten Nafarroa Behereko Aldude haranerako bidea euskarari bultzada emateko. Besta bat izan zen herria: musika, dantza, jana eta edana, giroa… Lehen pausoak gogoz emateko onena.

Antolatzaileek diotenez, 1980an, Oñatiko Unibertsitatetik aterata egin zen lehen ediziotik hona planetari buelta osoa emateko adina kilometro bete ditu Korrikak. Eta, halere, Bilboko helmuga abiapuntua izan zen euskararentzat. «Kontua ekitea da» adierazi zuen Lorea Agirrek leporaino betetako Areatzan, eguzkiak goxatuta, egin zen ekitaldian. Berak idatzi zuen mezua: «Auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara. Izatea egitea da».

«(…) Menpeko izateari utzi, eta ahalduntzea da kontua». “Euskahaldun” leloa izan du Korrika 19k, Agirrek aldarrikatu bezala, euskaldun gisa ahaldundu behar delako herritar gisa ahalduntzeko. «Euskararen auzia politikoa da» eta «plaza publikoan jokatzen da».

Hamaika egun hagitz intentsu

Peio Iputxa eta Laida Etxemendi AEK-ko irakasleak izan ziren lehenbiziko lekuko eramaileak. Bostak jotzeko bi minuturen faltan, jada saltoka ari ziren oholtzan, irrikari ezin eutsiz. Kalean ere hala zebilen jendea, “Denok Korrikara” kantaren erritmora, bakoitza bere urratsak gehituz norabide berari. «Urepeletik Bilbora abia dadin Korrika! (ber) Euskara da kanpora eta denok Korrikara». Abestia Oskorriren musika eta Gabriel Arestiren hitzak dituen “Sautrela”-n oinarritzen da. Mikel Laboaren eta Xalbadorren “Herria eta hizkuntza”-ren hitzak eta musika ere baditu. Amaia Ezenarro, Andoni Tolosa, Asier Goieaskoetxea, Cedric Ilhardoy, Jojo Bordagarai, Mattin Sorzabalbere eta Maxime Diribarnek osatutako taldea kantua egiteko elkartu zen propio.

Doinu horien eta bertze makina baten laguntzaz, hamaika eguneko bidaia egin zuten bi furgonetak Euskal Herria zeharkatuz, behin ere gelditu gabe. Horregatik ibili ziren bi ibilgailu, batek gasolina hartu edo konponketaren bat egin behar zuenean bertzeak segitzeko. Gibeletik beti izan zuten jendea, gau eta egun euskararen aldeko lekukoari goian eutsiz. Adibidez, Durangon, aurtengo omenduak, Durangoko Azokak, bete zuen bere kilometroa Landako gunearen parean. Korrikalarien buru, Gerediaga Elkarteko bi ordezkari, Nerea Mujika eta Anton Mari Aldekoa-Otalora.

Bergaran, a ze zirrara Jose Luis Elkorok testiguari heltzean. Alabaren eskutik hartu eta txalo artean egin zuen laster, lan mundua euskalduntzen aitzindarietakoa den Elay enpresako langileekin. Enpresa duela 50 urte sortu zen Antzuolan eta bultzatzaileetakoa izan zen Elkoro. Ezker abertzaleko buruzagi historikoa irailean gelditu zen aske, azken bost urteetako kontrol telematikoa gibelean utzita.

Arabako Errioxa eta Nafarroako Erribera

Korrikan luzeak izaten dira egunak –baita gauak ere– eta gauza aunitz gertatzen dira. Errate baterako, Ezkerraldean sartzean herritarren ahaleginez pixkanaka-pixkanaka euskara berreskuratzen ari dela frogatzeko aukera izan zen. Bertan, eta bertze leku ugaritan, ezinbestekoak dira Berbalagunen gisako ekimenak hizkuntza praktikatzeko. Korrikak erantzun bikaina izan zuen hemen, Zuian, Trebiñun eta Arabako Errioxan bezala. Arabarrek ardoa baino hobeak direla erakutsi zuten, zailtasunak zailtasun euskararen alde apustu eginez.

Zuiako Kuadrillan igarotako goiza ikusgarria izan zen elurtutako paisaiarengatik eta, batez ere, laster egin zuen jendearengatik. Galtza motzetan, nongoak diren nabaritu zedin. Mendikate zurien magalean giro intimoagoa sortu zen furgonetako lagunen eta korrikalari ausarten artean. Altubeko portua igan zuten tinko eta ilusioz beteta. Ametzaga, Murgia, Izarra eta Abornikano bisitatu zituen AEKren ekimenak, etxe ederren artean, eta txoko bakoitzean opari bat jaso zuen: ume bizkiek martxa lehenbizikoz ikus zezaten haur-kotxea jiratu zuen aita, ongi etorria eman zuen txalaparta, ezagutu ez arren jendea elkarri muxuak bidaltzen, ikastetxearen burdin hesian pilatutako haurren begirada...

Nafarroako Erriberako itzuliak Arabakoaren antza izan zuen, ez soilik paisaiarengatik, baita “euskahaldunek” egiten duten ahaleginarengatik ere, hizkuntza ikasi dutenek eta ezin izan arren maite dutenek. Zortzigarren egunean nafar lautadetan barneratzean, azkenik, eguzkia atera zen, egunetako hotz, euri, haize eta elurraren ondotik. Goxotasunak animatuta, dantza, jauzi, jolas eta irri artean egin zuen aitzinera martxak. Ribaforadan Errigorak hartu zuen makila, “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” leloarekin. Herri proiektu honek Euskal Herria eta lankidetza ditu oinarri, nafar hegoaldea ardatz, eta euskara ofiziala ez den gunean eragin nahi du.

Injekzioa Tuteraren bihotzean

Ablitas eta Cascante artean Sasoia elkarteko 60 bat erretiratuk erosi zuten kilometroa. Lasterkari fidelak dira hauek eta beti parte hartzen dute. Aurten Urepelen eta Burlatan ere egin dute laster, eta Tuteran izan dira, Argia ikastolako ikasleak animatzen. Hotzikara sartu zen gorputzetan Erriberako hiriburua aldez alde zeharkatu eta bihotzaren erdian bertan injekzio bat sartzean, energia eta indarra emateko ziztada, behar-beharrezkoa bertan euskaraz bizitzea ez dela batere erraza kontuan hartuta.

Sofia eta Irati urduri eta ilusioz gainezka zeuden lekukoa hartzeko zain. Argia ikastolako ikasleok GARAri kontatu zioten beren hirian «ez dela euskara onartzen» eta «gaizki begiratzen» dietela euskaraz solas egitean. Ez da beren ama hizkuntza eta ikastolan bakarrik hitz egiten dute. «Guretzat euskara gutxi batzuk soilik egin dezakegun ahalegina da, ikastola pribatua baita eta ez baitago denon esku». Horregatik, euskarazko eskola publikoa aldarrikatu zuten.

Musika aditzen da, badator martxa eta bakoitzak bere lekua hartu du. Sofia eta Irati buruan kokatu dira eta jende tropelak kalea hartu duenean “Tuteran ere euskararen alde” aho batez oihuka, denak txaloka eta animatzen, euskararen aldeko haizearen txistua zabaldu da. Helmuga abiapuntua da.