09 ENE. 2016 1916-2016; rona, sodomia eta zartailua mende batez Iñaki Soto Aurten irlandar matxinoak altxatu zirenetik 100 urte betetzen dira eta Irlandan ospakizunek eztabaida piztu dute. [Gertakari hauei buruz zerbait jakin nahi duenarentzat euskarazko Wikipediaren sarrera benetan txukuna da: https://goo.gl/yy6LW4]. Urtemuga borobil honek eztabaida desberdinak piztu dituela eta, orokorrean, eztabaidaren maila igo egin dela ere esan daiteke. Hein batean, bere buruarekin eztabaidan ari den nazioaren sentsazioa berpiztu zait han egon naizen astean, azken urteetan Katalunian eta Eskozian izan dudanaren antzeko sentsazioa, hain zuzen ere. Egunkarietako “Iritzia” sekzioen gai nagusia hau da. Ospakizun ofizialei buruzko eztabaida piztu da kulturgile eta historiagileen artean, adibidez. Liburu dendetan apal bereziak jarri dituzte argitaratzen ari den material guztia aurkezteko. Nonahi mahai inguruak antolatu dituzte. Jakina, Aste Santua gerturatu ahala ekitaldiak biderkatu egingo dira. Aldi berean, diasporaren eraginez, ekitaldiak mundu osoan zehar zabalduko dira. [Euskal Herrian zerbait antolatzea ondo legoke, ahal dela bertan bizi diren irlandarrekin batera, ahal bada ez-alderdikoa, agian bai partisanoa]. Nolanahi ere, urtemugaren hasiera honetan bi ekintzek deitu dute nire arreta. Lehena, RTE telebista kate publikoak gertakari hauei buruzko “Rebellion” produkzio berezia egin du. 6 milioi euro inbertitu dituzte, Aku Louhimies finlandiarra da zuzendaria, Belfast-Dublin-Londres triangeluan garatzen den fikzio dramatizatua da, bost atal ditu eta lehendabizikoa iragan igandean eman zuten. 619.000 ikuslek jarraitu zuten, audientziaren %41. Hango telebista publikoarentzat inbertsio itzela izan arren, parte bat berreskuratuko dutela diote, AEBetan eta Britainia Handian banaketa ziurtatu dutelako. [ETBrentzat produktu aproposa dela uste dut eta etxe horretako agintariek erosteko aukera baloratu beharko lukete. Edonola ere, audiobisualetan dabiltzanentzat ikuspuntu profesionaletik ikasgai polita dela uste dut, eredu bat]. Bigarren ekimena astero-astero, urtean zehar, irla osoko kioskoetan banatuko den egunkari berezia da. “Revolutionary Papers 1916-1923” deitzen da eta Trinity College unibertsitateko Centre for Contemporary Irish History-ren ardurapean argitaratzen da, Liburutegi Nazionalaren babesarekin. Gertakari historikoen azalpenarekin batera, garaiko egunkarien faksimileak biltzen ditu. [ikusi www.therevolutionpapes.ie]. Howth herriko kioskoetan, Antrimeko gasolindegietan eta Dublingo aireportuan ikusi dut saltzen. Lehendabiziko alea, Pazko Altxamenduari buruzkoa, bikaina da, pedagogikoa eta dotorea. Rona, sodomia eta zartailuaren barkuan, jator, gustura Urtemugaz gain, Errepublikan hauteskundeak izango dituzte laster, agian otsailean. Errepublikanoentzat, Sinn Feinentzat, aukera ona da, bai emaitza onak lortzeko, baita agenda eta eztabaida publikoa markatzeko ere. Lehen aipatu dut Irlandako giroari Eskozian eta Katalunian bizi izan direnen antza hartu diodala, iraganaz eta batez ere etorkizunaz eztabaida nazionala piztu den heinean. Inbidia ematen didate, zentzu horretan. Gure eztabaidak, beharrezkoak guztiak, oraindik orain alderdien barrukoak dira, parrokianoak ezer baino gehiago. Nolanahi ere, urtemugaz harago, Irlandako ekimena bereziki interesgarria iruditu zait guretzat. Izan ere, gainontzeko sukarrak pasata, beti geratzen zaigu Irlanda, gure “Dortoka Irla”. Anaitasun harreman bat dugu beraiekin. Eta auzi askotan hango komunitateak, hango mugimenduak, hango joerak, eredugarriak dira guretzat. Gure bertute eta bizio komunak, aldeak alde, beraien antzekoak dira (beraiek gerlari iaioagoak izan ziren eta gu langile hobeagoak; orain ez dakit). The Pogues taldearen diskoaren azalean bezala, irlandarrekin egiten dugun bidaian sufrikarioa egongo da, tragedia puntu bat, baina ezin dibertigarriagoa izango da: rona, sodomia eta zartailua bermatuta daude, beste ehun urtez. • Gainontzeko sukarrak pasata, beti geratzen zaigu Irlanda, gure «Dortoka Irla». Anaitasun harreman bat dugu beraiekin. Eta auzi askotan hango komunitateak eredugarriak dira guretzat