23 ENE. 2016 Perspektiba, hain erraz galtzen den zera hori Iñaki Altuna Bat-batean gertatzen dira zenbait berri. Beste zenbait kontu, aldiz, ez direla mugitu ere egiten dirudi. Eta dela bata dela bestea, hilabete baten buruan zer-nola egon gaitezkeen ezin daiteke sumatu ere egin. Adibideak nonahi ditugu: Katalunian hondamenditik prozesua erreskatatzen ikusi dugu, eta, beharbada, Estatuaren itxikeriak burujabetzaren aldeko indar eta sektoreen artean sortutako zauriak sendatzen lagunduko du, portaera benetan txarrak izan ostean. Espainiako Gobernua osatzerik izango ote duten ere zalantzan dago, Felipe erregeak nor proposatu ere ez dakiela. EAEn egitura juridiko-politikoaren eztabaida berpiztu egin da, bat-batean hau ere, nahiz eta epez kanpo aritu, legealdiaren amaiera hortxe baitago. Hauteskundeak etorriko dira eremu horretan, eta oraintxe jakin ez dakigu –edo bai– Arnaldo Otegik aurkezterik izango duen, edo aurkezterik nahi izango ote duen... Hala dago, bada, panorama, zirt edo zart egiteko edota bere horretan segitzeko dagoen ezin antzeman. Nolabait esatearren, aspaldi honetan perspektiba politikorik gabe gaude, norabidea ikusteko dezente arazorekin. Arnas luzeko apustuak egin behar direla esan bai, baina, gehiegitan, itolarria da nagusi, azken gertaerak behartuta, epe motzeko hurrengo hitzorduak aztoratuta. Mapa politikoa bera inoiz ez bezala aldakor dabil gurean, Podemos fenomeno berriaren azken gorakada dela-eta. Pentsa, jada ez dira lau mahaiaren inguruan eseri beharra izango luketen familia politikoak, noizbait eseriko balira. Ezkerreko independentismoa, eskuineko nazionalismoa, ezkerreko unionismoa eta eskuineko unionismoa genituen orain artean –azken biak euskal nazioaren aitortzari eta erabakitzeko eskubideari uko eginez–, eta orain «unionismo demokratikoa» ere gehitu omen da. Ikusteko dago zeintzuk izango diren Podemosen garapen eta ekinbide politikoak eta halako definizio ponposoa merezitakoa ote duen edo ez. Edonola ere, mahaiak une honetan ez ditu soilik lau hanka. Berri eta albiste andanak lardaska dakar berarekin. Nola kokatu, adibidez, Auzitegi Nazionaleko fiskalak akordio proposamena egitea orain arteko Estatuaren logika guztiaren kontra? Zer sinesgarritasun dute Parisko Gobernuak beste aldarte bat duela dioten zurrumurruek? Errealitatea ez da analisi politikoetarako erabil ohi diren esaldi borobiletan kabitzen. Beste askori bezalaxe, Jonan Fernandezi pasatzen ari zaio, albiste onak ere disgustuz hartzen baititu. Antza, Urkulluren Gobernua jokoz kanpo egon daitekeela pentsatze hutsak asaldatu egin du, hilabeteak eta hilabeteak bazterrak nahasten eta besteen lana izorratzen pasa eta gero. Autokritika gainerakoei eskatzen zaien ariketatzat dute holakoek. Burua altxa eta perspektibarekin begiratzeko ordua ere bada. Gogo hori antzematen zaio ezker abertzaleak martxan jarritako “Abian” deituriko eztabaida prozesuari, “Zutik Euskal Herria” ebazpenarekin hasitako bidean katramilatu samar geratu ostean. Atzera begira, esan daiteke hasierako aurrerakada izugarriaren ostetik atzeraldian sartu dela apustu politikoa. Aurrera begira, arnas luzea ostera ere berreskuratzeko, erabakitzeko eskubidearen aldeko nagusitasun soziala burujabetza eta aldaketa prozesu dinamiko bihurtzeko gaitasunean egon daiteke gakoa. Egotetik egitera. Eta horretarako aldagai garrantzitsuak hartu beharko dituzte kontuan konprometitzeko prest direnek, hauteskunde zikloa aurten amaituko dela kontuan hartuta. Alegia, eraiki beharreko prozesuak hiruzpalau urte izango ditu aurretik hautetsontziek jarri ohi duten estres testa berriro iritsi aurretik. Ordurako, Nafarroako aldaketa ondo bidean bada, marko juridiko-politikoaren eztabaidan eragiteko proposamen egokiak jartzen badira mahai gainean, independentismoak bere eskaintza gero eta erakargarriagoa egiten badu, ondorioen konponbidearen arlotik prozesu politikoari mesede egiten bazaio –eta alderantziz–, herri aktibazioa eragiten bada... salto garrantzitsuak egiteko aukera erdiets daiteke. Baina ez da bakarrik etorriko. • Prozesu dinamiko bat indartzeko gaitasunean egon daiteke gakoa. Eraiki beharreko prozesuak hiruzpalau urte izango ditu aurretik hautetsontziek jarri ohi duten estres testa berriro iritsi aurretik