30 ENE. 2016 Ametsa, proiektua, beldurra; eskoziar kontakizunaz Iñaki Soto Kontakizun politikoak, relato delakoak, gertatutakoa kontatzeaz gain gertatzea nahi duguna irudikatzen dute. Zentzu horretan, inkesten antzera, aldi berean dira deskripzio eta preskripzio. Jarduera horretan posizionamendu politiko jakin bat bilatzen da. Dakizuenez, kontakizunek emozioa dute helburu, batez ere, eta sarri horiek pizteko errealitatea ez da nahikoa. Estrategia baten barruan kokatzen direnez, bi ikuspuntu horien arteko orekek eta desorekek kontakizunaren eraginkortasuna baldintzatzen dute. Alegia, egiaren eta nahiaren arteko dantzan oso ondo asmatu behar da, kontatu nahi denaren sinesgarritasuna jokoan baitago, baita kontatzailearekiko sentituko dugun konfiantza bera ere. Harvard Business School prestigiotsuko Amy Cuddy adituak dioenez, jendeak bi segundotan egiten du beste pertsonei buruzko juizioa eta bi irizpide nagusitzen dira epai horretan. Alde batetik, sinesgarritasuna, aurrean dugun pertsona sinesten ote dugun, eta, bestetik, errespetua, gure interlokutorea errespetatuko ote dugun. Erredukzionistegia iruditzen zait, bi ardatzotan eragiten duten baldintzak aldakorrak direlako. Nolanahi ere, ekonomiaren ikuspuntutik (ez diruaren ikuspuntutik, baizik eta esfortzuen errentagarritasunaren ikuspuntutik), kontuan hartzekoa iruditzen zait. Ziur asko, zientziaren autoritateaz jantzi nahi den Cuddyren kontakizun horretan, errealitatearen eta nahiaren arteko oreka ere egongo delako. Alex Salmond Vs Project Fear Asteburu honetan Alex Salmond Euskal Herrian izango da. Sabino Arana Fundazioak saria emango dio bihar. “The Dream Shall Never Die” liburuaren euskarazko bertsioa ere aurkeztuko du. Iaz Eskozian izan nintzen Salmond elkarrizketatzen (http://goo.gl/rdqkQA) eta, konparazioz, bihar EAJko buruzagien aurrean esango duena interesgarria izan daiteke. Handik bueltan, aipatu liburuaz gain Joe Pike berriemaile politikoaren “Project Fear” irakurri nuen. Biak aldi berean irakurtzea ariketa bitxia izan zen, ikuspuntu zeharo diferentetatik egindako aro berberaren kontakizunak baitira. Salmonden liburuaren balio nagusia testigantza da, lehendabiziko pertsonan egindako egunkaria dela. Animalia politiko izugarri inteligentea izan arren, Salmonden prosa ez da Gerry Adamsena bezain ederra eta, umore handiko zirikatzailea izan arren, bere probokazio maila ez da Alastair Campbellena, muturreko bi adibide jartzeagatik. Nolanahi ere, bere lorpen politikoak bi horien lorpenen parekoak dira, handiagoak ez badira, eta iraganeko testigantzaz harago, liburuan SNPren datozen urteetako planak azaltzen dira. Izenburuak berak dioen bezala, eskoziarren ametsaz ari da, etorriko denaz, ez igarotakoaz. Galdutako erreferendumaren kontakizuna izan arren, ez da independentziaren porrotaz ari, baizik eta independentziaren garaipenaz. Pikeren balioa, ordea, “Better Together” kanpainaren barruan, unionismoaren aginte-aretoan dituen iturriak dira. Kasu honetan, ez da kanpaina horren garaipenaz ari, baizik eta proiektu horren porrotaz. Zentzu horretan, kontakizunak bat datoz. Adibidez, Salmonden eta Alastair Darlingen telebista bidezko elkarrizketa-saioen kontakizuna bikaina da, batak zein besteak galtzen dutenean atzean dagoena primeran ikusten baita. Horretan ere, bat datoz. [Izkribuen gaia ez izan arren, sozialdemokraziaren eztabaida ideologikoa, alegia, laboristen eta nazionalisten arteko talka ideologikoa, oso interesgarria iruditzen zait. Hori, ordea, artikulu baterako baino gehiago saiakera baterako gaia da. Egin dezatela, mesedez, euskal sozialdemokratek. Beldur barik, sinetsiz eta errespetuz] Efikaza izateko kontakizunak errealista bezainbeste koherentea behar du izan. Eta koherentzia balio erlazionala da, zerbaitekiko gara koherente. Adibidez, gure ametsak gauzatzeko proiektuarekiko. Ametsak ahaztea bezain larria baita gure proiektuari beldurra izatea. Sinesgarritasuna eta errespetua irabazi behar dira, eta lehendabiziko bi segundoen ostean zailagoa da. • Efikaza izateko kontakizunak errealista eta koherentea behar du izan, zerbaitekiko koherentea; gure ametsak gauzatzeko proiektuarekiko, kasu. Ametsak ahaztea bezain larria da proiektuari beldurra izatea