GAUR8 - mila leiho zabalik
HAURRAK HAUR IZAN DAITEZEN

Nazio Batuen Erakundeak 2.800 milioi dolar eskatu ditu 43 milioi haur lagundu ahal izateko 63 herrialdetan


Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak 2.600 milioi euroko laguntza deialdia egin du munduko 63 herrialdetan larrialdi egoeran bizi diren 43 milioi haur lagundu ahal izateko. Lehen aldiz, laguntzaren %25 larrialdi egoeran bizi diren haurren hezkuntzara bideratuko da. Aurten, izan ere, krisi egoeran bizi diren haurren hezkuntzari arreta berezia emango dio Unicefek. 2015ean, 4,9 milioi haur eskolaratzea lortu zuen, aurten 8,2 milioi izatea espero du. Erdia baino gehiago, 5 milioi, Sirian bertan edo mugakide diren herrialdeetan bizi diren haur siriarrak izango dira. «Milioika haurri ikasteko aukera lapurtu diete. Hezkuntzak umeen bizitzak salbatzen ditu; granada eta tiro artean bizi direnei ikasteko eta jolasteko aukera ematen die. Aurten deialdiko diruaren laurdena hezkuntzara bideratuko dugu. Hezkuntza eskubidea eta etorkizun hobea izateko itxaropena elkarri lotuta daude. Umeek bost urtez eskolara joaterik ez badute, belaunaldi oso bat galtzen da. Hori frogatuta dago. Haur eta gazte horien hezkuntza bermatuz, krisi kronikoen zikloari amaiera eman diezaiokegu», nabarmendu zuen Afshan Khan Unicefen larrialdietarako programaren arduradunak.

2016ko deialdiak duela hiru urte egindakoa bikoizten du. Gatazka armatuak eta muturreko tenperaturak dira krisi egoerak eragin dituzten arrazoi nagusiak. Horien ondorioz, gero eta haur gehiagok beraien etxeetatik alde egin behar izan dute eta milioika haur elikagai gabeziaren, biolentziaren, gaixotasunen eta abusuen biktima dira.

Ekintza humanitariorako Unicefek egindako txostena aurkezteko deitutako agerraldian azaldu zutenez, munduan bederatzi umetik bat gatazka eremu batean bizi da egun. Gatazkarik ez duten herrialdeetan bizi diren adingabeekin alderatuta, gatazka eremuetan hazten diren haurrek ekidin daitezkeen arrazoiengandik bost urte bete baino lehenago hiltzeko bi aldiz aukera gehiago dituzte.

Aldaketa klimatikoa gero eta mehatxu handiagoa dela ere ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeak. Egun, 500 milioitik gora haur uholdeak pairatzeko arrisku handia duten zonaldeetan bizi dira, eta ia 160 milioi lehorte larri edo oso larriak egon daitezkeen lekuetan. El Niño fenomenoak, ume horien bizi-baldintzak nabarmen larriagotu ditzake gainera.

Beraien etxeetatik alde egitera behartutako pertsonen kopuruak gora egiten du urtetik urtera. «Azken hilabeteetan nire begiekin ikusi dut Burundiko haurren sufrimendua, gizakiak paira ditzakeen mugetatik harago doana, Nigeria ipar-ekialdeko umeen egoera latza edota Europara heltzen ari diren errefuxiatu eta migratzaileen sufrikarioa ere ezagutu ditut. Mundu osoan, biolentziaren eta gatazka armatuen eraginez, milioika umek alde egin behar izan dute beraien etxeetatik, zituzten ondasun guztiak atzean utzita. Errefuxiatuen mundu mailako krisia haurrentzako bereziki latza da, izan ere, ihesaldian abusu, esplotazio eta salerosketak jasateko arrisku gehiago dute», plazaratu zuen Khanek.

“Haurrentzako Ekintza Humanitarioa 2016” txostena 63 herrialdetako 76 milioi pertsonari bideratuta dago. Horietatik 63 milioi haurrak dira. Guztiak lagundu ahal izateko, 2.800 milioi dolar (2.600 milioi euro inguru) eskatu dit Unicefek.

«Zifra eta erronka erraldoiak»

Diruaren zatirik handiena, 1.160 milioi dolar, Siriara bideratuko da, tartean Egipto, Irak, Jordania, Libano eta Turkian eragina duen Siriako errefuxiatuen krisialdira. Ur edangarria, txertoak, hezkuntza eta babesa bermatzeko «ezinbestekoa» da laguntza.

Beste, 30,8 milioi dolar Europako errefuxiatu eta migranteen krisiari aurre egiteko behar ditu Unicefek; 180 milioi dolar Yemengo haurrentzako, non 10 milioi umek berehalako laguntza humanitarioa jasotzeko beharra duten gerra dela eta; 25,5 milioi dolar Burundiko haurrak babesteko eta munduko herrialde txiroenetakotik Ruanda eta Tanzaniara ihes egin duten errefuxiatuei laguntzeko; eta 188,9 milioi dolar Nigeria, Kamerun, Niger eta Txadeko beharrizanei erantzuteko.

Unicefeko zuzendari Anthony Lakeren hitzetan, «harrigarria eta mingarria da milioika haur krisi humanitario baten erdian nora ezean ikustea. Ia 250 milioi haur biolentzia pairatzen duten herrialdeetan bizi dira. Tamalez, gainera, iraupen luzeko gatazkak dira. Iaz, etorkizun hobeago baten bila milioika haurrek ihes egin behar izan zuten biolentziak, jazarpenak eta pobreziak behartuta. Komunikabideek egunero gogorarazten digute gatazkak eta hondamendiak biderkatzen ari direla. Beharrizanak pilatu egiten ari zaizkigu. Zifrak erraldoiak dira, baina bizitzak salbatzeko eta egoera ahulean dauden familiei berehalako laguntza humanitarioa emateko eskura ditugun aukerak ere handiak dira».

Berehalako beharrizanak asetzeaz gain, epe luzerako plangintzak behar direla nabarmendu zuen Lakek. «Hezkuntza eskubidea bermatu eta bizitako trauma gainditzen lagundu behar diegu haurrei. Horrek nolabaiteko normaltasuna ematen die umeei egokitu zaien testuinguru gogor horren baitan. Hezkuntzaren bitartez beraien bizitza berreraikitzeko tresnak eskuratzen dituzte. Hezkuntza bermatzearen onurak norbanakoan eta bere komunitatean antzeman daitezke epe motz zein luzean», gaineratu zuen.

Iaz, tokian tokiko gobernuekin eta erakundeekin batera lan eginez, hainbat lorpen garrantzitsu lortu zituztela nabarmendu zuen Lakek. Adibidez, Nepalen izandako lurrikararen ostean, Gobernuaren gizarte-laguntza sistemaz baliatuta, egoera ahulenean zeuden 400.000 laguni zuzeneko diru-laguntza ematea lortu zuten. Hego Sudanen, 500.000 lagunek ur edangarria izan zezaten lortu zuten, baita talde armatuen esku zeuden 1.775 ume beraien komunitateetara itzultzea ere. «Horiek adibide soilak besterik ez dira. Dohaintza-emaileak behar-beharrezkoak ditugu, erronkak gero eta handiagoak baitira: tamaina berekoa izan beharko litzateke gure erantzuteko gaitasuna ere. Elkarrekin emaitza positiboak lor ditzakegu; auzolanean gerrak mehatxatutako haur belaunaldiak etorkizun hurbilean bakerako aktibo bihur ditzakegu».

2015eko egoerari errepaso eginez, Unicefek hainbat zonalde eta krisi nabarmendu ditu bere txostenean, hala nola, Afrikako Sahel eskualdeko egoera. 2016an, 23,5 milioi lagunek laguntza beharko dute elikagai faltagatik. 5,8 milioitik gora haurrek desnutrizioa pairatuko dute, larria edo moderatua.

Munduan zeharreko begiratua

Burundik, munduko herrialde behartsuenetarikoa, krisi politiko larria bizi du. 220.000 pertsona inguruk Kongoko Errepublika Demokratikoan, Ruandan, Tanzanian eta Ugandan babes politikoa eskatu dute. Pasa den asteartean, Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariak Burundiko Gobernuak Nazio Batuen aditu talde bati sarrera galarazi diola salatu zuen. Oinarrizko askatasunen eta giza eskubideen urraketak ikertu behar zituen eta gomendioak eman. Krisia pasa den apirilean hasi zen, Pierre Nkurunziza presidenteak, Konstituzioak ezartzen duenaren kontra, hirugarren aldiz hautagai gisa aurkeztuko zela esan zuenean.

Uztaileko hauteskundeetan, bozen %69 lortu zituen, baina nazioarteko komunitateak ez die emaitza horiei zilegitasunik eman berme ezagatik. Nazio Batuen arabera, apirilaz geroztik 400 pertsona hil dira biolentzia politikoaren ondorioz. Burundik hamabi urtez gerra zibil gordina pairatu zuen. Nazioarteko adituak beldur dira ez ote den 2005ean amaitutako gerra berpiztuko.

Afrika Erdiko Errepublikan, elikadura arloko segurtasun ezaren ondorioz, 1,2 milioi pertsona arriskuan daude. Unicefen arabera, 5 urte baino gutxiago dituzten 39.000 haurrek desnutrizio larria jasango dute aurten.

Nigerian, Boko Haram talde jihadistaren etengabeko erasoek ia bi milioi herritarren barne desplazamendua eragin dute. Desnutrizioak gora egin du eta eskolak nahiz osasun etxeak txikitu dituzte jihadistek. Pasa den urtean, 3.000tik gora lagun hil ziren Boko Haramen erasoetan. Eta duela bi urte, 200 neskato bahitu zituzten Chibokeko eskola batean.

Hego Sudanetik 2,4 milioi lagunek ihes egin dute, horietatik 645.000 Etiopian, Kenyan, Sudanen eta Ugandan bizi dira errefuxiatu gisa. Unicefek ohartarazi duenez, ume belaunaldi oso bat galtzeko arriskua dago. 2009an independentzia aldarrikatu zuen Hego Sudanek. Salva Kiir presidentearen eta Riek Machar presidenteordearen arteko gatazkak biolentzia areagotu du herrialdean. Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariak alde guztiek giza eskubideak urratu dituztela plazaratu berri du. Desagertzeen erantzule egiteaz gain, epaiketarik gabeko hilketak burutzea eta emakumeak sexu esklabo gisa erabiltzea leporatu die aldeei. «Herri osoak kiskalita ikusi ditugu, uztak txikituta eta ganadua lapurtuta. Gerra estrategia horiek 2015eko erdialdetik hona nabarmendu dira. Gobernua nahiz Sudaneko Askatasunerako Herri Armada urraketa horien erantzule direla uste dugu», esan zuen Hego Sudanera Nazio Batuek bidalitako misioak. 280 sexu biolentzia kasu zenbatu ditu misioak eta 15.000 adingabe armak hartzera behartu dituztela salatu du, batez ere oposizioko talde armatuek.

Yemenen, 21,2 milioi pertsona, biztanleriaren %82, laguntza humanitarioaren beharrean daude uneotan. Horietatik 9,9 milioi umeak dira. Gerra 2015eko martxoan hasi zenetik, bi milioi herritar baino gehiagok ihes egin dute herrialdetik eta aireportuak, eskolak, errepideak eta etxeguneak bezalako azpiegitura ugari zeharo txikituta daude. Ez da harritzekoa, askotan, erasoen jomuga zuzena baitira ezinbesteko azpiegitura horiek. 2.759 pertsona hil dira eta 5.324 zauritu baino gehiago egon dira dagoeneko.

Afganistanen, gatazka armatuek eta naturak eragindako hondamendiek milaka pertsonen desplazamendua eragin dute. Izan ere, uholde, lurrikarak eta elur-jausi larriak jasan dituzte, gerra amaigabeak zeharo txikitutako herrialdeko egoera ara gehiago okertuz. Oinarrizko hezkuntzako eta osasuneko zerbitzuek kalte handiak pairatu dituzte. 2015eko urtarriletik azarora, 300.000 afganiarrek beraien etxebizitzak utzi zituzten gatazka armatua dela eta.

Iraken, biolentziak 3,2 milioi desplazatu sortu ditu. Horrez gain, Siriako errefuxiatuak ere badaude Iraken. Eskolatze tasak jaitsi egin dira eta haur lanaren indizeak gora egin du. Kolera arriskupean ere bada gainera herrialdea. Irailean antzeman zuten kolera agerraldiak 2.200 pertsonari, horietatik %20 umeak, eragin die jada. Irakeko 18 probintzietatik 15etan antzeman dituzte kolera kasuak. Unicefek 37.000 laguni banatu die botilaratutako ura.

Ukrainian, gerrak 3,7 milioi pertsona, 580.000 ume tartean, kaltetu ditu zuzenean. Egunero, aire erasoei eta lehertu gabeko lehergailuei aurre egin behar diete. Sirian, 4 milioi lagunek ihes egin dute herrialdetik eta beste 6,5 milioi barne desplazatuak dira. Oro har, 13,5 milioi lagunek berehalako laguntza humanitarioa behar dute Sirian bertan. Ihes egiten duten horietatik askok Europarako bidea hartzen dute beraien bizitza arriskuan jarriz. Milioi bat pertsona iritsi dira jada Europara.

Herri defendatzaileak, kezkatuta

Haurren eskubideak bermatzeaz arduratzen diren Europako herri defendatzaileen ENOC sareak, umeek ihesbidean «onartezinak diren arriskuak» pairatzen dituztela salatu du Europako Kontseiluari igorritako txosten mardul batean. «Gaixotasunei, heriotzari, pertsonen trafikoari, trafikatzaileei… aurre egin behar diete. Askotan, gainera, gurasoengandik galdu egiten dira, batez ere, mugako kontroletan, horietan nahasmena nagusitzen baita. Mediterraneoa gurutzatzen hil direnen %30 adingabeak dira. Kostaldera iristen direnean, hotzak jota daude, hipotermia izateko arriskuan, eta, ondorioz, pneumoniaz gaixotzeko arrisku handiagoa dute. Boluntarioak Greziako itsasertzean ari dira lanean, baina ez dago koordinaziorik. Lesbosen, migratzaileek 70 kilometro oinez ibili behar dituzte harrera gunera iristeko. Europako herrialdeek eta erakundeek huts egin dute haur migratzaileak babesterakoan», dio txostenak.

Balkanetako herrialdeetan dauden harrera zentroak adingabeentzat ez direla egokiak ere nabarmendu dute herri defendatzaileek. Askok neguko tenperatura baxuei aurre egiteko hornikuntzarik ez dutela –berogailu sistemak kasu– eta gutxieneko osasun zerbitzuak ez dituztela bermatzen gaineratu dute.

Herri defendatzaileek salatu dutenez, herrialdeen arabera zentroen %22tik %45era bitartean soilik daude prestatuta errefuxiatuak neguan hartzeko. «Arriskuak, zoritxarrez, ez dira amaitzen helmuga duten herrira iristean. Estatu batzuek ez dute babes sistemarik bakarrik bidaiatzen duten umeentzat. Horrek bereziki ahul egiten ditu», nabarmendu dute azkenik.