GAUR8 - mila leiho zabalik

#KorrikaPrekarioa


Elkartasuna haragizkoa izan, eta gure espazio konpartituetan adierazten dela ikasi zuten aspaldi gure aurrekoek. Aberastasuna gutxi batzuen eskuetan metatzeko asmatu zen krisi honek solidaritatea deuseztatzea helburu duen honetan, gizartearen desartikulazioa ematen ari da. Lehiakortasunean oinarritzen den jendarte berria eraikitzeko, ongizate estatua eraso eta defentsa kolektiborako ezinbestekoak diren sindikatuen eragin eremua murrizteko estrategiak orokortu dira. Horrela bada, deslokalizazio produktibo, azpikontratazio infinitu eta abarren bidez, prekarizazio existentziala nagusitu da jendartean. Pertsona, gutxi batzuen nahien eta beharren arabera erabiltzen den objektu hutsa bihurtzeraino ailegatu dena, ezinegona zabalduz eta antsietatea orokortuz. Erabili eta botatzeko pertsonak; bata bestearen kontra, bata bestearengandik beldur.

Baina partida ez da oraindik bukatu. Davidek harri pare bat gordetzen ditu patrikan. Urte luzeetako nora eza gaindituz, lotura soziala ehuntzeko hari berriak josteari ekin, eta hortzak erakusteko irribarre berriak marraztu ditugu. Txantrean gelditu zen etxegabetze hartan bezala, edo Bilbo eta Bartzelona lotuko dituen #KorrikaPrekarioa ekimenean kasu, prekarietate indibidualizatuari, duintasun kolektiboarekin erantzun diezaiogun.

Otsailaren 17an hasita, Euskal Herria zeharkatuz Bartzelonara ailegatuko da Correscales bezala ezagutzen den aldarrikapen eta elkartasun ekimen erraldoia. Bost egunetan atsedenik gabe korrika eginez, prekarietatearen kontrako borrokak sustatzeko erresistentzia kutxa bat sortu nahi da Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ikur den COOP57 kreditu kooperatiba erabiliz. Ehunka eragile, sindikatu eta alderdi batu dira elkarlanean dirua lortzeko, hitzaldiak eta ekintza ezberdinak antolatzeko, edo korrikalariekin batera, bidearen parte bat egiteko. Baino hori guztia,zure parte hartzerik gabe, ez da posible izango.

#NiEreCorrescalesNaiz oihukatuko dugu sindikatuak iristen ez diren esparruetara ere elkartasuna ailegatu dadin, prekarietatearen esparruetan borrokak piztu daitezen, eta gure espazio konpartituetan, gorputzak elkartuz, elkartasuna haragitu dadin. Gure aurrekoek, aspaldi erakutsi ziguten bezala. •